29
Urr
2006

Ingelesa eta beste

Francisco Muñozen blogaren bidez artikulu hau topatu dut: ¿Por que los españoles no aprendemos a hablar ingles?. Meneame-n ere zabaldu da eztabaida. Hasiera baten gurearekin loturarik ez daukala pentsatu daiteke, baina azken baten Iberiar penintsulako biztanle askok ama-hizkuntza ez dauzkatenak ikasteko dauzkaten arazoez ari dira. Hegoaldean behintzat ez nuke esango hor esan direnetatik oso urrun gaudenik, gaztelania ama-hizkuntza daukagunnok behintzat. Betiko topiko-astakeria batzuk kenduta, aipatu/antzeman diren jarrera batzuk behintzat ezagunak egin zaizkit: hitz egiteko eta praktikazeko lotsa, beharrik gabe ezin ikasia, hizkuntza zaila izatearen ustea, pertsonaia publikoen eredu txarra, .... Egun baten ingeles irakasleak eta euskara irakasleok batuta antzerako pasadizoak aterako genituzkeela uste dut.

Albotik baino ez bada ere, beste gogoeta bat etorri zait hau irakurrita. Euskara bertoko hizkuntza dela etengabe aldarrikatzen dugu, geurea, hemengoa. Diskurtso maila afektiboan batez ere horrela zabaltzen dugu. Baina, maila teknikoan, hau da, klase-jarduera antolatzean, hurbiltasun tratamendu hori ematen diogu? Ikasleak askotan ez ote dauka ingelesa bezain urruneko hizkuntza ikasten duen sentsazioa? Geuk ere neurri baten ez dugu sarri errealitate hurbiletik urruntzen?

Lau kasurekin saiatuko naiz esan dudana ilustratzen:

  • Lehenengoa ez dut esango konstatazioa denik, baina azkenotan kasu batzuk ikusi ditut. Gaztelania ez beste ama-hizkuntza daukaten eta euren herritik duela hamar urtetik behera etorritako batzuk ezagutu ditut (alemaniarrak, ingelesak, poloniarrak,...) euskara ikasi eta, hala iruditu zait niri behintzat, hemengoek baino zailtasun haindiagorik izan ez dutenak. Badakit hau ez dela berez esanguratsua eta ondorioak ateratzeko iturri sendoa, baina ilustratiboa da.
  • Iñaki Gaminde hizkuntzalariari entzunda beste bat. Bilboko gaztelanian "zarama" hitza ezaguna izan da, edade batetik aurrerako bilbotar askok behintzat "zarama" eta "zaramero" hitzak ezagutu dituzte. Baina Bilboko euskaltegietan askotan "zakarrontzia" eta "zaborrontzia" berbak zabaldu dira "zarama"ren kaltean. Anekdota baino ez dirudi, oso kasu zehatza eta beharbada apur bat estututa ekarri dut. Nik jarrera baten ispilua dela susmatzen dut hala ere. Euskara sarritan mitologia afektibo baten kokatzen dugu, baina errealitatean suertatzen zaizkigun agerraldien aurrean ez dugu jakiten didaktikoki zelan jokatu.
  • Niri aste honetan gertatutakoa. Irakasle pare batekin ikasleak bistan eta eskuan daukagun zerbait zelan egiten den azaltzeko gaiak eta gauzak topatzen. Mila ideia: argazki baten dagoena azaldu, arraultza zelan frijitzen den, .... kasu gehienak errealitatean berton erakusteko antzerkia edo egoera fortzatzea eskatzen dutenak, ikasleari zer eginean sartzeko oztopoak ekarriko dizkiotenak. Ahoz gora pentsatzen gabiltzala, mahai gainean mugikorrak dauzkagu... Ez du ba jendeak mugikorrean gauzak zelan egiten diren azaltzen aparatua eskuan darabiltela besteak entzun eta ikus dezan? Errezeloa eman digu aukera honek. Arruntegia. Tontakeria dela pentsatuko dute. Ez dugu materialik prestatu behar,... Euskara fikzioa egiteko baino ez dugu erabiliko akaso? Ala errealitatera ekartzeko geuk ere arazoak dauzkagu?
  • Azkena neuk barik, Plisti-plastak azaldu du azken artikuluan. Bota duen galderak tak! egin duela uste dut. Dinosaurioa zelan egiten den ikusten duten umeak zertan dabiltza? Dinosaurioa egiten? Ingelesa ikasten? Gramatika lantzen? Seguruena, hizkuntzaren bidez zerbait ikasten. Hizkuntza hori zein da? Errealitatera ekartzen duguna.

Ez dakit beste inork inoiz honetaz pentsatu duen. HABEren formazio bideoen bildumako ale baten antzeko kontu bat plazaratzen entzun nion Ernesto Matin Perisi aspaldi. Martzianoen hizkuntaz ziharduen hark.

Ikusten duzuenez momentuko gogoeta izan da, gauza bat ikusita gogora etortzen diren hariekin osatuta, ez dogmarako sententzia inola ere. Pentsatzen eta komentatzen hasteko atxakia besterik ez.

Euskara reala edo irreala da haintzat hartzekoa, preferenteki?

Erramun Gerrikagoitia (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Urria 29 - 21:50-(e)an bidalia.

Pensatzen eta kommentatzen segitzeko atxakiari segida emanez esango dut zer gogora etorri zait noiz irakurri dut hori hon "zarama" eta "zaborrontzia" behar da erabili Bilbao-n kasu eginez inguruari, ezen ea erabiltzen den edo ez' gehiago edo gutiago' euskara reala; esan nahi bait da zeinek (zein euskarak) du base soziologiko reala sozietatean.

Baliteke ezen egokiago izatea an Bilbaoko euskaltegiak erabiltzea "zarama" hitza ordez "zaborrontzia", baina hortan ez naiz sartuko baina bai esaten dut ezen euskarazko universo osoan -%100ean- erabiltzen diren berbak ere baztertzen dira ikastean (eta erabiltzean, medio batzutan) euskara.

Halan nahiz esan -%100- an euskara soziologiko reala: rifle, realitate, rombo, reaktionatu, radiographia, rektifikatu, retrovisore, ridikulo, rutina, ... gero deformatzen dira hitzok eta irakasten da fiktione bat, fiktione irreal eta tangentzial bat. Hori Bilbaoko euskaltegietan eta ere Bilbaotik kanpokoetan.

Irakasten da euskara irreal eta faltsu bat.

Irakatsi eta erakutsi

Benito-(e)k 2006, Urria 30 - 00:18-(e)an bidalia.

Dudak eduki ditut lehen eta ez dakit zaramaren adibidearekin asmatu ote dudan. Kasu zehatza izan da euskarak gure inguruko erdaretan utzi dituenak eta ikasle askok ezagutzen dituztenak ("Yo, marchar voy a hacer",  "¿Qué, pues?", "¿Ya andas?", "Anda un poco larri", "No he sabido y", "¡Bien o!" -irakurri Emiliano de Arriagaren El Lexicón bilbaino bestela-) zer gutxi erabiltzen ditugun ilustratzeko.

Ez dut hizkuntz-ereduaren errealismoaz jardun nahi izan, ikas-prozesuan irakasleok hizkuntzari ematen diogun erabilera "erreal" eta esanguratsua izan da nire kezka. Ikasle batentzat (eta ikasle ez denarentzat) edozein hizkuntza-hizkera izango da martiztarra Lur planetan gertatzen den zerbait ulertzeko/interpretatzeko/kokatzeko balio ez badio. Hor egon da beharbada konstruktibismoaren ekarpen nagusietako bat, ikasten duguna dakigunaren gainean eraikitzea. Bilboko kasu horretan zaramatik zakarrontzira ailegatzea, harekin lotu gabeko bide berri paraleloa eraiki barik, beharrezkoa ez bada behintzat.

Irakasten den hizkuntza irreala eta faltsua dela? Tira! ETBko partiduan zerbait gehiago ulertzea, edo umeari gauza batzuk esatea, edo barnetegi baten ligatzea, edo gertatzen zaigun azkenengoaz berriketan ibiltzea gauza errealak dira, ikasle asko egitera heldu direnak. Beharbada arazoa dator "irakatsi" nahi dena baino ez dela ikasiko pentsatzetik, bi horiek ez dira beti bat etortzen eta. Askotan, EGA azterketetan ez bezala, hobe genuke "irakatsi" barik, "erakutsi" erabiltzea.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia