21
Urr
2007

Bi urte after

Lehenengo blogean duela urte bi idatzi nituen mezuak errepasatzen, orduko Berbalagunan irakurri dut berriro. Berbalagunean hasi nintzenekoa hain zuzen ere. Kontzientzia txarra, jakin mina, ziudadano arruntekin jarduteko gogoa, euskaraz bizimodu normala... Halakoak bota nituen orduan.

Tenporada bi egin ditut Berbalagunean dagoeneko, hirugarrena hasi berria. Eta ordukoak nahiz ordutik honakoak egosten hasita, ondorio antzeko batzuk.

  • Jende arrunta bai, jende arrunt asko daukagu euskaraz dabilen mundu honetako partaide izan guran. Uste baino gehiago, eta uste ez den lekuetan askotan. Euskaltzale amorratuak edo euskal militante sutsuak espero zen lekuan, metroan egunero topatzen duzuna bezalako jendea daukazu sarritan. Koadrila txiki hauetan bere modura metroan ibiltzen den beste batekin jarduteko aukera topatzen duena.
  • Jende berezia. Berezia ez Berbalaguna izateagatik, edo euskararekin halako tema, zaletasun edo obsesioa edukitzeagatik, ez. Jende gehiagoren berezitasunak ezagutzeko era daukazulako baino. Zer kontatu, zer erakutsi eta zer konpartitu asko aurkitu ditut. Neukan jakin min hura kontu profesionaletatik harago asebete duena.
  • Normaltasuna. Euskaraz egitea normal egin da une-leku batzuetan. Une-leku gehiagotan. Eguneroko bizitzan egunerokoago egin zaie batzuei lehen ia salbuespena zena. Natural eta normal. Bolandera barik, baina lotsa barik ere bai.
  • Gogoa. Klase jardunak estresa eta nekea ekarri ohi du sarri. Ikasle-irakasle harremana nekosoa izan daiteke, trinkoegia. Hemen, erlaxazioa dago, eta begitandu zait, ikaslea denak estimatu egiten dituela lasaitasun eta informalitate horiek. Dena ezin da izan jarduera estrukturatu, didaktikzatu eta programatua. Bestelako zerbait behar da, alegia.
  • Poztasuna. Gure esperientziatik esango nuke mintzapraktika jarduera hauek satisfakzio handia ekarri dietela askori, oso pozik ikusi ditut hainbat. Ez nuen kontrakorik espero, baina hainbesteraino ere ez. Eta deigarriena egin zait laguntzaileen (euskaldun zaharren) satisfakzioa askotan. Euskaldun batzuen bizimoduan aire fresko apur bat sartu izan balitz edo.
  • Laguntza. Praktikarekin bakarrik ez da euskara ikasten. Aurrerapauso nabarmenak ikusi ditut berbalagunengan, baina ez berbalagunagatik soilik. Batzuk ikas-prozesuan murgilduta dabiltza, euskaltegian edo euren kontura. Beste batzuk, ikasita daukatena ordenatuz joan direla konturatzen zara. Erraztasuna eta jarioa irabazi dute denek, gehiago-gutxiago, eta gehien bat, hizkuntzarekiko naturaltasuna. Lagungarria izan da, erabakigarria ez nuke esango. Aurretik eta bitartean lana egon da, eta ondoren ere egongo da, eta hori izan da giltzarria, baina praktikaren kantxa beharrezkoa dela baieztatu dut.

Bitartean ikusi dut mintzapraktika jarduerak zabaltzen eta egonkortzen joan direla urte hauetan. Prozesu honetan, orain uste dut ondorioak atera eta praktikaren kontzeptua garatu eta merezi duen seriotasuna emateko sasoia dela. Oraindik inguru askotan ematen ez zaiona, serioenak ei diren inguruetan sarri.

Praktikak atsegina izan behar du, baina ez da jolasa. Ikasteko zein hizkuntza normalizatzeko behar-beharrezkoa da. Horixe izan da neure ondorio nagusia.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia