02
Mai
2007

Barnetegia Big Brother

Katxondeoa zabaldu da ELEren inguruko blogosferan albiste honekin: Nominado por no saber español.

Bai Big Brother estiloko lehiaketa da, Finlandiako YLE telebistak eta Zodiak  Television-ek ekoiztuta. Lehiakideak hizkuntza ikasleak, hizkuntza egiten den herrira eraman eta galbahea pasatu eta txartoen dabilena nominatuta. Finlandiako audientzietan goian jarri da lehiaketa Italian egin zuten aurreko edizioan, eta orain Salamancara doaz gaztelania ikastera.

Gogoratu duzue, ezta? ETBk duela hiru urte antolatu zuen Barnetegia. Hura, berriz, arraskata handirik gabe joan zela dirudi. Bigarren ediziorik ez dute egin behintzat, eta gainera, ETBk ohi duenaren kontra, ez dute lehengo programarik errepikatu.

AEKri materialak egitea enkargatu ziguten, eta oraindik daude sarean. Hemen dauzkazue PDFn jaisteko moduan.

Barre egiteko motiboa izaten dira honako lehiketa eta reality-ak, asuntuari buelta serioa eman dakioke hala ere.

Teknologia berrien temarekin gabiltzala, gutxitan gogoratzen dugu hedabide handiek hizkuntzaren ikaskuntza sustatzen egin dezaketen lana. ETBn berton saio batzuk egon dira orain arte, Bai Horixe! edo Balinda gogoratzen ditut adibidez. Telebistak abilidade berezia dauka, asmatuz gero, jendea gai baten inguruan jardunarazteko, euskara edo euskara ikastea izan liteke bat.

Kontuan hartu, azkenengo urteotan ia-euskaldunak deitzen den kolektibo soziala asko hazi dela, euskaldun "osoak" baino gehiago dira leku askotan. Publiko berria irabazteko aukera nonbait.

Tira, hemengo telebistetan Finlandiako horren arrakasta edukiko lukeen halako zerbaitek ez liguke batere kalterik egingo, ezta?

Akaso Osakidetzako azterketen inguruko reality-talkshow-dokudrama moduko bat. Hartu ideia trankil, badakizue,... CC.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia