02
Urt
2008

Birtualitatearen aukerak

plisti-plasta | 2008, Urtarrila 2 - 15:41

Gaur egun euskaltegietan ditugun bi eredu didaktiko nagusien osagaiak aztertu eta eredu berrien nondik norakoa aurreikusteko asmoarekin, ondo baderitzozue minutu gutxi batzuetan triangeluekin eta dimentsioekin jostatzen arituko gara, baina zaudete lasai azkenean tragoxka eskainiko dizuet eta.

Ikaskuntza presentzialaz arituko gara, lehenbizi. Oinarrian ikasleek, irakasleak eta edukiak osatutako triangelu didaktikoan datza (ikasle ↔ ikasle ikaskuntzaren ikuspegitik laukia ere izan daitekeen arren). Erpinean dauden hiru elementu horien artean, batik bat metodologiak eta ikaslearen ezaugarri kognitiboek baldintzatutako etengabeko jarioa dago. Jarioa bi dimentsiotakoa da: espazio berean ematen da (ikasgelan normalean) eta denbora berean (sinkronian). Beraz, geometriara joko bagenu, bi dimentsiotako irudi triangeluar lau baten aurrean geundeke.

Autoikaskuntza (hau da hau izena!) aztertuz gero, oso ñabardura ezberdinak izan arren, antzeko triangelu didaktikoa antzeman genezake: ikasleak, irakaslea (tutorea) eta edukia. Baina oraingoan hirugarren dimentsio bat ageri zaigu, birtualitatearena alegia; eta beronek, besteak beste, espazioa (birtuala eta fisikoa) eta denbora (sinkronia eta asinkronia) aldarazten ditu. Irudikatu nahi izanez gero, hiru dimentsiotako gorputz geometrikoa geneukake.

Kontu hau ez da hutsala, birtualitateak eragina du edukietan, berauek ikasteko zein irakasteko moduan eta gainera moduluen aniztasunerako bide ematen du. Ondorioz, hemendik aurrera ezer ez da berdin izango, aldaketa sakonen garaian baikaude. Norantz joko duten aldaketok aurreikusten saiatu behar dugu, beraz.

Birtualitateak gero eta gaitasun gehiago izango dituela antzeman daiteke. Ez zait ausartegia iruditzen esatea makinekin edota makinen bidez eskuekin eta begiekin komunikatzetik komunikazio integralera igaroko garela. Gurera ekarrita, oso urrutira joan gabe, gaur egun modu birtualean mintzamena lantzeko eta atzeraelikadura pertsonalizatua emateko ditugun zailtasunak gainditu egingo ditugula esan nahi du honek. Eta ondorioz, ikaskuntza eredu erabat birtualak abiarazi.

Baina kontua ez da hemen amaitzen. Orain bi edari besterik ez ditugu prestatzen: batak, %100ean presentzialtasuna du osagai; eta bestea konbinatua da: %80an birtualtasuna eta %20an presentzialtasuna nahasten ditu. Baina badira bezeroari eskaintzeko moduko beste hamaika konbinazio posible eta nire ustetan gero eta karta zabalagoak eta pertsonalizatuagoak eskaini behar ditugu euskaltegietan. Halere, kontuz mozkortu gabe, badakizue tentuz aritzea komeni dela eta edariak ezin direla edozelan nahastu.

Ikusten duzuen moduan nik neurea bete egin dut, geometriarekin jolastu gara eta egarria asetzen saiatu naiz... Lastima koktel birtual hauek oraindik ere zapore gutxikoak izatea!

Irudia: Tower. Wader Flickr-en.

Etiketak: autoikaskuntza | b-learning | didaktika | e-learning | presentziala |
Bidalitako artikuluak

Koktelak

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 3 - 02:54-(e)an bidalia.

Konbinazio asko aukeran, bai. Baina esango nuke irakaslea-metodologia-ikaslea triangelu horretatik harago ikuspegiak gehiago izan beharko lukeela ikaslea eta ikasteko objektuaren arteko aldagai guztiena. Zuk apuntatu duzu bat: beste ikasleak, eta nik gehituko nituzke ikasten lagundu dezaketen guztiak: baliabideak, xede-hizkuntzaren agerpenak, ingurunea, teknologiak, pertsonak (irakaslea, tutorea, aholkularia, hiztuna, ikaskidea...).

Bistan dago triangelua baino figura konplexuagoa irteten zaigula. Gauzak horrela, asuntua presentziala-autoikaskuntzara (gehi orain b-learninga) mugatu nahi izatea ez dut uste asko lagunduko duenik, ez bada sinplifikazio burokratiko-administratiboari begira.

Ingurune ez formalaren inguruko artikulua aipatu dugu aurreko mezuan. Hirugarren denbora, eta birtualizazioak eta teknologiak horretara garamatzatela dirudi, hirugarren gune horri erreparatzera. Baina ingurune ez formala ez du erraz kontrolatuko irakasleak, are gutxiago administrazioak arautuko.

Konbinazio asko aukeran, bai, ugari, baina euskararen ikaskuntza antolatzeko eta arautzeko orain arte jarraitu diren bideetan tematuz gero, zaila izango da bizpahiru kokteleko kartatik harago joatea. Are gutxiago aurreko mezuan esan duzun bezala, inork zer ekarri/eman begira geratzen bagara.

Molotov

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 3 - 19:25-(e)an bidalia.

Aipatu dituzun antolatu eta arautu aditzak ere konplexuak ditugu ba!

Molotov (1)

Hor dugu ikaskuntza informalaren kasua: arautu eta antolatu ezin denez, ia ahaztua. Bada garaia antolatu eta arautu ezin dena ere, ikaskuntza prozesuan onuragarri denean, sustatzeko ahalegin berezia egiteko: mintzalagunetik hasi eta Second Liferaino.

Molotov (2)

Begira diezaiogun orain autoikaskuntzari. Administrazioak fenomeno berria arautu eta antolatu nahian ebazpena atera zuen. Ebazpen horren oinarrian ez dago inolako prospekzio didaktikorik, behar administratiboek bultzatuta ateratzen da, nolabait autoikaskuntza ikaskuntza presentzialaren ildo berera ekarri nahian.

Udal euskaltegi gehienetan "modulu ofiziala" (astean 8 ordu BOGA, hamabost minutu tutoretza eta ordubeteko mintzamena) jartzen da abian. Eta horrek ez du funtzionatzen. Inork esan nahi ez badu ere neuk esango dut: EZ DU FUNTZIONATZEN. "Funtzionatzea" gure ikasleekin ohiko taldeetakoek lortzen duten konpetentzia bera lortzea dela ulertzen bada.

Zer gertatu da orduan? Arau estu batek funtzionatzen ez duen modulu uniformea jarri duela abian.

Inork esan nahi ez duen beste gauzatxo bat ere esango dut eta zera da: negozianteak pozik daudela egoera honekin; ehun ikasletik gora tutoreko, matrikula garesti-garestiak... Begira, niri ondo iruditzen zait negozio egitea (oxala euskara negozio ona balitz!) ; baina irizpide ekonomizistak didaktikoak balira bezala saldu nahi direnean eta gainera subentzioak jaso... orduan eskatzen dut nik erregularizazioa.

Nire ustetan arauak prospekzio didaktikoan izan behar du oinarri, malgua izan behar du eta ez du uniformizatzailea izan behar, modulu anitz ahalbideratu behar ditu (konbinazio karta zabala).

Molotov (3)

Eta euskaltegiak eta irakasleok zer?

Irakasleoi ere ez digu, egia esan, grazia handirik egiten geuk arautu eta antolatu ezin dugunak. Esanak esan, asimetria da nagusi. Kosta egiten zaigu ikasle/ ikasle ikaskuntza sustatzea; mintzamen informala ikasgai bilakatzea...

Eta, amaitzeko, badakizue euskaltegiak niri klonikoegiak iruditzen zaizkidala, inmobilista samarrak, autonomia eskasekoak (beti albokoei eta HABEri begira). Arrazoiak hamaika, zakuka... baina ez al da posible beste euskaltegi tipologia bat? Ausart gaitezen horretan pentsatzen sikiera!

Ikusten duzuenez,antolatu eta arautu aditzak direla-eta, astotxo nabil gaur. Badakit honelakoetan beti izugarrizko bidegabekeriak esateko arriskua izaten dela. Akaso, olerkiak dioen moduan zainetan odola eta gasolina nahastu zaizkit eta bihotza molotov koktel bat bezala lehertu zait. Oker ibili banaiz, Benitorena eta Arkaitzena da errua beraiek hasi baitira koktelekin eta kaputxekin bueltaka.

 

Stajanov

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 4 - 03:06-(e)an bidalia.

Tira Plisti, koktelak esan eta daikiri eta margarita bezalakoak izan ditut gogoan, ez Molotov zehazki. Gainera, esan duzun gauza batetik, batzuetan Molotov baino baten bat Stajanov koktela asmatzen dabilela dirudi: "ehun ikasletik gora tutoreko..."

Kontu oso interesgarriak bota dituzu oraingoan eta bat nator zurekin diagnostikoan:

  1. Irakaskuntza informala "sustatu" egin behar da, ez formala balitz bezala arautu.
  2. Ikasteko ahalik eta bide gehien zabaldu behar dira, dena ezin da eredu estu bakarrera ekarri.
  3. Euskaltegiak klonikoak dirudite. Chapeau! Ez gara ausartzen -lelo komertzialetik harago, eta salbuespenak salbuespen- norberaren bidea jorratzen.

Eta hemen berriro agertzen da ni neu behintzat kezkatuta naukan kontutxoa: didaktika vs. eraketa, edo hobeto esanda, lehenengo eraketa eta gero didaktika. Munduan hizkuntzen irakaskuntzan diharduten erakunde guztietan dago dikotomia eta banaketa hori? Ikusi dudan apurragatik ezetz esango nuke.

Euskara ikasteko eskaintza diseinatzean bideragarritasuna, zabalkundea eta eragingarritasuna bilatu behar dira kasu guztietan. Prospektiba aipatu duzu, eta uste dut azkenotan horren giltzarriak ere eman dituzula: espezializazioa, modularizazioa, baliabideen optimizazioa... Lortu nahi ditugun emaitzetatik hasi beharko genuke prospekzioa, eta nik argi daukat lortu beharreko emaitzak ez direla soilik zenbat jende matrikulatu den euskaltegietan edo zenbat diru inbertitu den HEAn, zenbat euskara ikasi den eta ikasitako horrek zer proiekzio eduki duen baino.

Euskaltegien mapa

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 9 - 15:23-(e)an bidalia.

Plugin <em></em> Not Found ere ari dira, nonbait, birtualitatearen kontu honi pare bat buelta ematen.

Aspaldian dudan beste kezka bat ere azaleratuko dizuet:

Udal euskaltegiak, teorian behintzat, kokatuta dauden udaleko hiritarrei zerbitzua emateko daude. Honela, Beterriko udalak dirua inbertitzen du, Beterriko hiritarrek jaso dezaten zerbitzu hori. Baina birtualitateak honi ere eragiten dio.
Beterriko euskaltegiak euskara ikasteko dimentsio birtuala badu, herritik kanpoko zenbait ikasle izan ahal ditu.
Zein eragin izango du horrek udal euskaltegien ohiko kontzepzioan?
Nire ustetan euskaltegien mapa birdefinituko du (arazo baino gehiago aukera) eta horretan ere pentsatzen hasi beharko da.

Bistan da

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 9 - 19:49-(e)an bidalia.

Bistan da ingurune birtuala, edo ingurunearen birtualizazioa hobeto esanda, eragilea dela. Baina ez dut uste hori faktore bakarra denik. Arkaitzek lehengoan plazaratu nahi izan zuen modura, normalizazioaren eta euskalduntzearen beharrak eurak ez dira udalerrika erraz antolatzen beti: adibidez lan mundua edo administrazioak seguruenik bestelako erantzunak behar dituzte, eta erantzunak plangintzetatik etorriko badira, plangintza horiek ez dira beti udalerri edo eskualde mailakoak izango.

Guk AEKn adibidez erakunde batzuen partetik esparru geografiko zabalagoko eskaerak izan ditugu, antolaketa euskaltegi edo eskualde baten gainean uztea zailtzen dutenak. Edo, beste barik, oso gauza espezializatuak horretan trebatuta dagoen jendeak landu behar dituenak, zein euskaltegitakoa den erreparatu barik.

Anekdota modura, gogoratzen dut lankide batzuen artean zelan ez den batere popularra "akademikoa" hitza (emaitza akademikoa, jarduera akademikoa...), hizkuntz-akademia tradizionaletatik bereiztu guran edo. Hala ere, askotan pentsatzen dut euskaltegiaren kontzeptua oso lotuta dago hizkuntz-akademiaren kontzeptu tradizionaletik, leku batean dagoen zentro fisikoa, non aurrez aurreko klaseak ematen diren, ikuspegi tradizionalago edo aurrerakoiagorekin, baina han. Eta igual, datorren euskaltegia zerbait "birtualagoa" edo ukiezinekoagoa da, baina ametsa izan barik, uste dugun baino errelagoa. ;)

Mezuak nahastuz

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 10 - 12:51-(e)an bidalia.

Horrela da, Benito. Nire ustetan amets hori gauzagarria da eta horrantz jo behar dugu gainera.

Gai honekin temoso samar dihardudan susmoa daukat... baina, tira! Ezinbestean bi mezu nahastuko ditut: Plugin <em></em> Not Found eta Plugin <em></em> Not Found.

Konforme nago Arkaitzekin eta biokin gauza batean: sare publikoaren titularitatea udal euskaltegien esku uzteak ikuspegi eta ekinbide lokalistegia ekarri du, zalantzarik gabe. Eta beharrezkoa da ikuspegi eta ekinbide globalagoa ere izatea: sektorekako plangintzei, talde bereziei... erantzuna emateko, eta euskaltegiak izan ahal duen dimentsio birtualari erantzuteko (ez da zientzia fikzioa, gaur egun badago atzerrian ere ikasleak dituen udal euskaltegiren bat). Kontua da nola eman ikuspegi global hori: sare publikoaren kontzeptua eta eraketa aldatuz, titularitatea aldatuz edo daukaguna hobeto egituratuz.

Onena batzuetan onaren etsai izaten ei da. Beharbada posibilismoan erortzen ari naiz baina, gaur gaurkoz, zail ikusten ditut lehenengo bi bideak. Egia da nire zirrikitutik begiratzen diodala kontuari, baina argi daukat, epe laburrera behintzat, udal euskaltegiok egituraketa baten beharrean gaudela (UEB?), euskalgintzaren eskaintza eta eskaera uztartu ahal izateko eta honela ikuspegi eta ekinbide lokala globalarekin osatzeko.

Nahasteak

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 10 - 21:14-(e)an bidalia.

Mezuak berez nahasten dira Plisti. Azken baten birtualitazioa eta gaur egungo euskaltegien egituraketa talka egiten duten kontu bi dira.

Eta ez aldaketa hori ez da ametsa, zuk apuntatu duzun modura une honetan gertatzen ari dira halako kasuak. Udal euskaltegien kasuan bestelako ikuspegia eta egituraketa beharko da seguruenera. Izan ere, badira une honetan ingurune birtual eta supralokala lantzen ari direnak. Eta zuen kasuan arriskua hor dago: administrazioak zerbitzuak emateko aukera bi gutxienez izaten ditu beti: berak antolatzea edo azpikontratatzea, eta azkenotan badakigu joera zein izaten den.

 

Ebah

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 3 - 11:41-(e)an bidalia.

Plugin <em></em> Not Found aldapa gorak beti du aldapa behera: Habek ere badu bere Ebah (Bibliko samarra da kontu hau);-)

atzekoz aurrera

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 3 - 15:15-(e)an bidalia.

Testuak atzekoz aurrera irakurrita mezu satanikoen bila dabil bat baino gehiago. Txerrenek zer adierazi nahi izan ote digu honekin? Innocent

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia