b-learning

02
Urt
2008

Birtualitatearen aukerak

plisti-plasta | 2008, Urtarrila 2 - 15:41

Gaur egun euskaltegietan ditugun bi eredu didaktiko nagusien osagaiak aztertu eta eredu berrien nondik norakoa aurreikusteko asmoarekin, ondo baderitzozue minutu gutxi batzuetan triangeluekin eta dimentsioekin jostatzen arituko gara, baina zaudete lasai azkenean tragoxka eskainiko dizuet eta.

Ikaskuntza presentzialaz arituko gara, lehenbizi. Oinarrian ikasleek, irakasleak eta edukiak osatutako triangelu didaktikoan datza (ikasle ↔ ikasle ikaskuntzaren ikuspegitik laukia ere izan daitekeen arren). Erpinean dauden hiru elementu horien artean, batik bat metodologiak eta ikaslearen ezaugarri kognitiboek baldintzatutako etengabeko jarioa dago. Jarioa bi dimentsiotakoa da: espazio berean ematen da (ikasgelan normalean) eta denbora berean (sinkronian). Beraz, geometriara joko bagenu, bi dimentsiotako irudi triangeluar lau baten aurrean geundeke.

Autoikaskuntza (hau da hau izena!) aztertuz gero, oso ñabardura ezberdinak izan arren, antzeko triangelu didaktikoa antzeman genezake: ikasleak, irakaslea (tutorea) eta edukia. Baina oraingoan hirugarren dimentsio bat ageri zaigu, birtualitatearena alegia; eta beronek, besteak beste, espazioa (birtuala eta fisikoa) eta denbora (sinkronia eta asinkronia) aldarazten ditu. Irudikatu nahi izanez gero, hiru dimentsiotako gorputz geometrikoa geneukake.

Kontu hau ez da hutsala, birtualitateak eragina du edukietan, berauek ikasteko zein irakasteko moduan eta gainera moduluen aniztasunerako bide ematen du. Ondorioz, hemendik aurrera ezer ez da berdin izango, aldaketa sakonen garaian baikaude. Norantz joko duten aldaketok aurreikusten saiatu behar dugu, beraz.

Birtualitateak gero eta gaitasun gehiago izango dituela antzeman daiteke. Ez zait ausartegia iruditzen esatea makinekin edota makinen bidez eskuekin eta begiekin komunikatzetik komunikazio integralera igaroko garela. Gurera ekarrita, oso urrutira joan gabe, gaur egun modu birtualean mintzamena lantzeko eta atzeraelikadura pertsonalizatua emateko ditugun zailtasunak gainditu egingo ditugula esan nahi du honek. Eta ondorioz, ikaskuntza eredu erabat birtualak abiarazi.

Baina kontua ez da hemen amaitzen. Orain bi edari besterik ez ditugu prestatzen: batak, %100ean presentzialtasuna du osagai; eta bestea konbinatua da: %80an birtualtasuna eta %20an presentzialtasuna nahasten ditu. Baina badira bezeroari eskaintzeko moduko beste hamaika konbinazio posible eta nire ustetan gero eta karta zabalagoak eta pertsonalizatuagoak eskaini behar ditugu euskaltegietan. Halere, kontuz mozkortu gabe, badakizue tentuz aritzea komeni dela eta edariak ezin direla edozelan nahastu.

Ikusten duzuen moduan nik neurea bete egin dut, geometriarekin jolastu gara eta egarria asetzen saiatu naiz... Lastima koktel birtual hauek oraindik ere zapore gutxikoak izatea!

Irudia: Tower. Wader Flickr-en.

Sindikatu edukia