Bigarren ametsa

Plisti-plasta | 2007-10-14 19:34

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak. "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Bigarren ametsa: euskaltegia


Atetik sartu naiz. Hiru dimentsiotako euskaltegia ageri zait nire aurrean. Lehenengo dimentsioa barnekoa da, ikas-irakaskuntza presentzialari begirakoa. Bigarrena kanpokoa, kokatuta dagoen herriko kultur lanketaren eragileetako bat izan nahi duena. Eta hirugarren dimentsioa globalagoa, ziberespazioari dagokiona, beronen bidez antolatzen du euskaltegiak, besteak beste, telelearninga, antza.

Une honetan A. Einstein agertu zait ametsean: E=mc²! deiadarka. Zorabio galanta E=mc²! Ametsetan zorabiatzerik badago, behintzat! Dimentsioekin jolasten ibiltzeagatik gertatzen zaizkit halakoak, alafede!

Biok sartu gara atetik tupustean. Dekorazio zaindua duen euskaltegia dugu, nabaria da tentuz pentsatutako espazio banaketa duela, ezagunak ditugun gelategiekin zerikusirik ez duena. Espazio modular balioaniztun ugari daude, departamenduak eta ongi hornitutako tailerrak. Melokotoi koloredun sofa batean jesarri eta pentsamenduak etorri zaizkit trumilka: Bulgaria eta sugestopedia lehenik; ondoren, zenbait euskaltegitan gelako ateak ixten direnean mundu erreala (telebista, internet...) nola gelditzen den kanpoan, arbelaren eta klarionaren mesedetan...

Neska gazte bat jarri da alboan... portatila zabaldu eta blog batean idazten ari dela iruditu zait... Badakizu etxerako lanak! esan dit. Harritu samar, honek guztiak prozesu kognitiboan eragina izan behar duela pentsatu dut. Hi haiz pijoa hi! erantzun dit nire barruan daramadan deabrutxo euskaldunak.

Altxatu eta beste gela batean sartu naiz. Mintzamen tailerra da, antza. Zortzi pertsona ari dira ipuina kontatzeko teknikak lantzen. Une honetan keinuak nola erabili ari dira aztertzen. Irakaslea zein den antzematen saiatu naiz baina ez zait erraza suertatu, agian denbora luzeagoan egon beharko nuke horretarako, baina dena ikusi beharraren beharraz alde egin dut eta koordinazio gela batean sartu naiz.

Gela honetan irakasleak daude. Txoko batean dagoenak multikonferentzia erabiliz dihardu lanean bere ikasleekin. Beste hiru irakasle formazio plan bat diseinatzen ari dira; horretarako Arabako euskaltegi txiki batek sortu duen wikiaz baliatzea erabaki dute, antza. Zuzendaria non den galdetu diet. Ardurak zeharka banatuta dituztela erantzun didate; hala ere, zuzendari bakarrik ez duten arren, zuzendaritza taldekoak non biltzen diren erakutsi didate. Kontu honi pare bat buelta ematen hasi naiz nire kaskar kaskarrean.

Ezustean deiadar batek komikietako globo hiztuna bailitzan leherrarazi ditu nire azken pentsamendu hauek: plop! A. Einstein da berriro ere E=mc²! oihuka. Irtetean danbateko galanta eman do ateari:- Polita eta ondo antolatua euskaltegia, erlatiboki, jakina- dio -... baina ea behingoz kentzen duzuen ketchup koloreko neoizko letrero hori... Euskaltegi@ ... hori baino gauza horteroagorik!-

Etiketak: | |
View blog reactions
Bidalitako artikuluak

Zure ametsetako euskaltegiaren dimentsio bat euskaltegi birtuala dirudi, tekno-euskaltegia nonbait. Baina beharbada, zuzendariaren figura bezala, euskaltegiaren kontzeptua bera zatikatu daiteke.

Ikaskuntzak zentro (tenplu) bakarra edukitzetik fokoak barreiatzera heldu daiteke, teknologia medio batzuetan, edo espezializazioa beste batzuetan.

Akaso ametsen batean euskaltegia bera ere desgertuko da. Ala ez? 

Benito | 2007, urria 14 - 23:41 | erantzun honi

A. Einsteinek denboraren eta espazioaren kontzepzio berria ekarri zuen fisikaren mundura. Era berean, Internetek hezkuntzaren mundura denbora eta espazioaren kontzepzio berria ekarri digulakoan nago.

Arrazoi duzu, epe luzera ametsak fokoen barreiatzea eta espezializazioa dakarrela diozunean baina epe laburrago batera euskaltegiaren hirugarren dimentsio bezala funtzionatuko du soilik. Kontua da hirugarren dimentsio horretan bere burua kokatzen jakin behar duela euskaltegiak, pentsatzen jarri, kontraesanak uxatu (udal euskaltegiak...), eta estrategia diseinatu. Finean, eduki transmititzaile hutsa izatetik, harreman bideratzaile eta komunikazio eraikitzaile izatera.

Dena den, beste bi dimentsioak ere zaindu beharrekoak dira oraindik. Inertziak eraman gaitu eskola zaharrari atxekitutako ereduak eraikitzera baina garaia da eredu bakar hori hausteko. Melokotoi koloredun sofa batean jesarri eta beste euskaltegi klase bat posible dela pentsatzeko, alegia.

Ez nuke mezu hau bukatu nahi, zuri, Benito, eskerrak eman gabe. Detaileak garrantzitsuak dira eta mezu hau zurearen (Zubi gorriak) aurretik kokatu duzu, nahiz eta lehenago idatzitako izan. Eroso sentiarazten gaituzu zure etxean, gainera azkenaldi honetan piper eta atun potoak zabaldu eta perretxikoak ere eskaintzen dizkiguzu. Aintzinako kardaberekin akordatuta... Alde ederra! ;-)

plisti-plasta (ez da egiaztatu) | 2007, urria 15 - 07:37 | erantzun honi

Gonbidatuekiko kortesia aitatu dut inoiz. Dena dela zure kasuan ez dakit hemendik aurrera kortesia hori gordeko dudan, dagoeneko etxekotuta zaitugu eta. Wink

Gainera, beti esan dut Karrajua.org honek ez daukala inoren blog pertsonala izateko bokaziorik. Beronen asmoak euskal kirolekin lotutako berba birekin azaldu ahal dira: probalekua eta kantxa. Neoiaren sasoiko hizkeran: blog-foro-publikazio gune kolektiboa eta teknoendredoetarako tailerra.

Karrajuko plazan kantxa eta probalekua beraz, eta sarrera debalde.

PD: Plisti bazkari baterako menua hasi zaigu diseinatzen: perretxikoak, kardabera, atuna, piperrak... Hori bai ametsa! Melokotoi koloreko sofa baino hurbilagoa... Euskal imaginarioko beste berba bat: txokoa edo sozietatea.

Benito | 2007, urria 15 - 11:18 | erantzun honi

Akaso, Benito, horixe izan behar luke ametsetako euskaltegi horrek ere: probalekua, kantxa eta sozietatea (txokoa ez!).

Probalekua: hizkuntza berriarekin konpetentzia maila berriak eraikitzeko, probak egiteko, akatsetatik ikasteko... (esparru honetan izango lukete leku komunikazio errealaren imitazio atazek).

Kantxa: hizkuntza berrian eta bakoitzak bere konpetentzia mailan adierazi nahi duena adieraz dezan, nahi duenaren berri eman dezan, harremanak sor ditzan (esparru honetan ikasle/irakasleek euren arteko benetako komunikazioa bideratuko lukete, komunikazio erreala alegia).

Sozietatea: denak sukaldari, denak jabe; berdinen arteko komunikazio sarea; zeinean jarioa eta atzeraelikadura etengabea eman daitekeen, barrura zein kanpora begirakoa.

Eta hirurak kaxola batean -continuum batean- egosiko balira, plater goxoa aterako genuke: perretxiko- nahaskia hasteko; ondoren, atunez betetako piperrak eta postrerako melokotoi budina (kardabera mahaia edertzeko utziko dugu, inporta ez bazaizu).

 

 

plisti-plasta (ez da egiaztatu) | 2007, urria 15 - 18:17 | erantzun honi

Gastronomia kontuak alde batera (kardabera egosia, uuuummmm!), konturatu zara hiru leku horiek gure herri askotako plazaren osagaiak direla? Eliza, udaletxea eta kioskoarekin batera.

Dena dela, tontamentean euskaltegiak ebaluatzeko irizpideak sortu ditugula esango nuke.

Gure euskaltegiak zenbat dauka probalekutik, zenbat kantxatik eta zenbat sozietate/txokotik? Ala eliza/tenpluan geratu zaigu? Edo agiriak emateko udaletxearen moduko bulegoan? 

Probalekuarena gainera era bitan uler daiteke. Zuk aipatu duzun modura alde batetik, edo, arriskutsuagoa, (atariko) probak/frogak gainditzeko tokia bestetik.  

Benito | 2007, urria 16 - 01:22 | erantzun honi

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
  • Link to content with [[some text]], where "some text" is the title of existing content or the title of a new piece of content to create. You can also link text to a different title by using [[link to this title|show this text]]. Link to outside URLs with [[http://www.example.com|some text]], or even [[http://www.example.com]].
  • Web and e-mail addresses are automatically converted into links.
  • Use <!--pagebreak--> to create page breaks.
Formatu aukerei buruz informazio gehiago Captcha Image: you will need to recognize the text in it.
Tekleatu goian ikusten dituzun letrak edo zenbakiak, mesedez.

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak