26
Urr
2010

Zer da jarrera ona?

Oskar Elizburu | 2010, Urria 26 - 10:31

Oskar Elizburu AEK-ko lankideak euskara eta euskalduntzeaz kolaborazioa egiten du Info7 irratian. Lehengo ostiralean ikasleen motibazioaz eta administrazioaren jarrerez gogoeta utzi zigun ipuinaren soinekoaz jantzita. Info7n duzue entzungai: Euskara ikasteko aitzaki ezberdinak.

Hemen ere ipuinzaleak gara, eta zer pentsatuta eta zer esana ematen duten ipuinak badira, gehiago. Horra Oskarren kontakizuna:


Epa, lagunok!

-Zer da jarrera ona?

Galdera, bilobak egin dio amamari. Amamak badaki azalpenak emateko modurik onena ipuin estiloko zerbait dela eta hala kontatu dio mutikoari.

Behin  bazen herri bat eta bertan, bere hizkuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, laguntza sorta jarri zuten. Dirudienez, sailaren ardura zuenak ez zeukan oso argi baliagarri izango ziren ere, baina, probatzea pentsatu zuen. Laguntzen berri egunkarietan eta bestelako medioetan ere eman zen eta herritarrek informazioa jaso eta begi onez ikusi zuten. Gehienek behintzat, bertako hizkuntza ikasteko bideak eta laguntzak jartzea komenigarria zela pentsatu zuten eta.

Hiru lagun agertu ziren ikasteko asmoz;

Lehenak lanerako behar zuen, baina ordura arte, beti, dirua  aipatzen zuen aitzaki gisa. Nola liteke, ba, bertako hizkuntza ikasteko horrenbeste ordaindu beharra? Egunen batean, ikasteko erreztasunak badaude, ikasiko dut. Ez zeukan, ez, motibazio afektibo edo identitario handiegirik, baina… Ikastarora joan zen eta zintzo-demonio bete zuen egutegia; klase guztietara joan zen eta, ikasi, ikasi zuen. Ikastaroaren bukaeran irakaslearekin komunikatzeko gaitasuna eskuratu zuen eta pozik zegoen. Baina bere lanpostuan eta inguruan ez zen erabiltzen hasi; hobeto eta erreztasunez egiteko gauza naizenean, orduan bai, orduan erabiliko dut! Esaten hasi zen.

Bigarrena kanpotarra zen, etorri berria, eta gizartean txertatzeko aukera moduan ikusi zuen hizkuntza ikastea. Baliabide gehiegirik gabe dagoenarentzat laguntza ekonomikoa izatea ederra da beti, dirurik xahutu beharrik ez izatea. Laguntzak jasotzeko asistentzia ona eduki behar zela eta, lagun honek ere egoki erantzun zion ikastaroari. Bertan aritzearen eraginez, motibazioa pizten joan zitzaion, gainera, eta ikastaro erdirako erabiltzen hasi zen. Txertatzen hasi zen bere ingurukoen artean, eta, horretan, hizkuntzak asko lagundu zion. Ikastaroa bukatu eta 2 hilabetera, baina, lana dela eta, herri hartatik alde egiteko beharra izan zuen,  zoritxarrez.

Hirugarrena aurrez hizkuntza jakin eta erdi galdu zuenetako bat zen. Bizitzaren bueltak eta birak eraginda zeukan galduta. Laguntzak egoteak zirikatu egin zuen eta barruan zeukan harra berpiztu. Ez zeukan denbora libre gehiegirik eta ikastarora halamoduz joan zen, asistentzia ez zen egokia izan, baina lehendik zekienarekin moldatzen joan zen, berreskuratzea lortu eta eguneroko bizimoduan moldatzeko beste ikasi zuen. Helburua lortutzat emanda, ez zuen ikastaroa bukatu ere egin eta, jakina, ez zioten dirulaguntzarik eman.

Hurrengo ikasturteari begira, sailaren ardura zuenak emaitzen irakurketa egin zuen: bik kobratu zuten eta batek ez. Erabilerarako pausorik hirurek eman zuten, baina eraginkorregiak ez: lehenengoaren martxa motelegia zen eta bidean egongo zen luzaroan, ausardia faltagatik; bigarrenarena, berriz, ondo zihoanean eten egin zen eta, azkenik, hirugarrenaren helburua motzegia zen eta bere hortan geratu zen prozesua.  

Horren guztiaren aurrean, arduradunak honako neurri hauek hartu zituen: Hasteko, gutxieneko asistentzia  malgutu egin zuen, apur bat bazen ere, denbora arazoa zutenek  laguntza jasotzeko aukera izan zezaten. Bestalde, sustapen kanpaina bat bultzatu zuen, bertakoen alfabetatzearen beharra zabaltzeko. Bestetik, ausardia nahikorik ez zutenentzat, erabilera-gune bat sortzeko programa bultzatu zuen. Azkenik, etorkinaren ibileraren txostena beste herriko hizkuntza arduradunari bidali zion, han ere kontuan har zezaten.

Ipuina bukatu eta amamak galdetu egin zion bilobari - zure ustez zeinek eduki zuen jarrera ona?

-Jo amama, ez dakit, hirurek egin zuten zerbait, ahalegindu ziren, baina bidean geratu zirenez…jarrera onena… ez dakit ba!

Eta orduan amamak – Begira, maittia, jarrera ona izan duena, arduraduna izan da; lehenengo aukera eman zuelako eta ondoren, aukera hori hobetzen eta eraginkor egiten saiatu delako.

Gurean ere, ipuinean bezala, horrelako jarrerak beharko genituzke administrazio zein gizarte eragileen artean; Euskara ikasteko prozesuan laguntzak eta bideak zabaltzeko jarrera hain zuzen ere. Gure hizkuntza ikasteko doakotasunerako pausoak eman beharra dago, alde guztietan, ikasten duenaren lepora jausi ez dadin kostea. Dena dela, gero, ikasten diharduen horrek ere bere partea bete beharko luke, erantzukizunez jokatu, doakotasun hori irabazi.

Ipuinetan bakarrik ote horrelako arduradunik? Amamaren lezioa baliagarria izango ote zaio inori, aldaketa egiteko?

Ondo ibili eta euskara erabili! 

Irudia: Niño con su abuela (Flickr). Egilea: Francisco Ponce Carrasco. Lizentzia

Etiketak: administrazioa | diru-laguntzak | erabilera | euskalduntzea | euskaltegiak | ikasleak | jarrera | normalizazioa |
Bidalitako artikuluak

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia