01
Urr
2008

Euskara "saltzeko"

Aitor | 2008, Urria 1 - 16:37

Agian lerro hauek aproposagoak izango ziren duela pare bat aste, matrikulaldian bete-betean geundela. Hala ere, ez dut uste gaurkotasunik galdu dutenik.

Euskaltegira itzulita, pasa den hilabeteko ARGIA aldizkariak gainetik irakurtzen ari nintzela, Iñaki de Martinez de Luna-ren "Euskalgintzari eta gizarte mugimenduei" izeneko artilukua aurkitu dut 2.150. zenbakian.

Bertan gizarte mugimenduen krisiaz mintzo da Martinez de Luna, bizi dugun gizarte-aldaketa nabarmenaren isla gisa. Aldaketa hau, beste kontu batzuen artean, honetan nabarmentzen da: gizarte mailako ideal eta kezketatik, maila indibidualeko balore eta asmoetara iragan garela. Lehen gizateria zuzenago eta askeago baten aldeko lana eta esfortzua nagusi baziren, orain nor bere buruaz,orekaz ... kezkatzen da. Eta euskararen mundura itzulita,honako esaldi honekin burutzen du gogoeta:

"Euskararen aldeko aldarrikapena orain arte Euskal Herriaren izenean egin bada, gaur egun hizkuntza horrek gizabanakoari ekar liezaiokeen onuran ere oinarritu beharko da, aldarrikapena helburu kolektiboetatik, indibidualetara ere zabalduz."

Niri zer pentsatua eman dit, bai pertsona modura, bai irakasle modura. Bigarren arlo honi erreparatu nahiko nioke bereziki. Ba ote du honek guztiak eraginik gure zereginean? Izan behar ote du? Baiezkoan nago, nahiz eta oso argi ez ikusi zertan eta nola islatu behar den.

Etiketak: euskara | gizartea | herri mogimendua | ikasleak | motibazioa |
Bidalitako artikuluak

Nork erosiko du euskara?

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 2 - 16:52-(e)an bidalia.

Bai, Iñaki Martinez de Lunak arrazoi du. Eta, jakina, honek guztiak gurean ere badu eragina. Zuzena.
Ni, baina, beste zerbaitek kezkatzen nau. Uste dut euskal gizartea beste alde batetik eta beste modu batera ere aldatzen ari dela. Azken urteotan nabari izan dut aldaketa ikasle (mota) batzuengan: gero eta lotsa eta konplexu gutxiago daukate behartuta ikasten ari direla eta bestela ez luketela ikasiko aitortzeko; el puto euskera eta los putos perfiles hitzetik hortzera erabiltzeko...
Iruditzen zait lur azpiko mugimendu bat bezalako zerbait dagoela euskal gizartearen zatirik erdaldunean eta noizean behin azaleratzen dela mutur ttiki bat. Iruditzen zait halaber mutur horri begira geratzen garela lur azpian zer ezkutatzen zaigun imajinatu ere egin gabe.
Eta beldur naiz, zentzurik zabalenean, ez ote den eguna helduko zeinetan gizartearen zati erdaldun horrek esango duen: -Tira, kokoteraino nago, ez dut euskara ikasiko. Ez dut nahi. Punto.
Orain arte zuzentasun politikoak tabu bihurtu du euskarari aurrez-aurre uko egitea, "konsentsu" moduko bat onartu dugu denok, dakigunok eta ez dakitenek.
Euskara saldu nahi dugu. Ondo. Eta inork erosi nahi ez badu?

Zergaitik ikasi euskara?

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 2 - 18:10-(e)an bidalia.

Begira zer dioen Asier Etxanizek:

http://www.elgoibarren.net/index.php?option=com_content&task=view&id=1231&Itemid=39

Niri gustatu zaizkit azken biak: traba egitearren, izorratzearren. Euskaldun askotxok (zenbait lekutan) izorratzearren egiten dute euskaraz, nire ustez ....

Norbanakoarentzako etekina

Benito-(e)k 2008, Urria 2 - 20:37-(e)an bidalia.

Azkenotan euskalgintzan entzun dugun leloa dela esango nuke, euskara ikasteak eta euskaraz egiteak pertsonari dakarzkion abantaileak azpimarratu behar ditugu eta karga ideologikoa, identitarioa, alarmista kendu euskararen asuntuari.

Euskaltegien kanpainetan ere horren zantzuren bat ikusi dugu aurten: Bilbo Zaharraren "Unibertso berri bat", IKAren "Euskaraz Jantzi - El euskera viste" edo AEKren "La ciencia de enseñar la lengua amistosamente. El efecto afecto" horietan adibidez (mundu berria, pertsonari ekarpena egin, harremana eta adiskidetasuna...). Topagunearen mintza-praktika egitasmoen publizitatean ere "zure euskara", "zure ideiak", "zure zaletasunak"... "zure.." hori azpimarratu dute.

Norbanakoarekin lotutako baloreak nonbait. Asier Etxanizek aipatu duen idazkian hain zuzen ere norberarentzako etekinen zerrenda egin digute:

Seme-alabekin euskaraz komunikatu ahal izateko; edota telebista euskaraz ikusi ahal izateko; aldizkari edo liburu bat euskaraz irakurtzeko. Lanean ari zarela, lankide euskaldunekin hitz egiteko. Ikasten edo lan bila bazabiltza, titulu ofizialak eskura ditzakezu; eta gainera, agiria lortuz gero, horregatik ere dirulaguntza berezia eskura dezakezu. Aisialdian, dendan edo jatetxean euskaraz aritzeko... Tira, abestiak dioen bezala, Ó...badira mila motibo...Ó euskara ikasteko. Ah! Euskal abestiak ulertzeko ere balio du.

Neuri hala ere hauekin guztiekin sentsazio bat geratu zait. Norbanakoarentzako onura horiek guztiak ez dira apur bat anbiguoak? Zehaztu gabeak? Nahiko motibagarriak ote dira? Benetakoak dira?

Noraino zabaltzen da mundu berria euskara ikasita? Zer nolako mundua da hori? Zer jantzi mota ekarriko dit euskarak? Gustukoa izango dut? Afektoa, maitasuna eta laguntasuna ekarriko dit benetan ikasteak? Neure zaletasunak praktikan ipini ahal izango dut? Seme-alabekin lortuko dut komunikazioa? Telebista ikusita edo aldizkari-liburuak irakurrita probetxuzko zerbait aurkituko dut? Lankideekin egingo dut euskaraz? Dendan eta jatetxean euskaraz egingo dut? Euskal abestiak ulertzeko premia daukat?

Malaletxeko galderak direla pentsatu du honez gero batek baino gehiagok, seguru. Kontua da erosleak saldu diotena jasotzea esperoko duela. Hobeto esanda, saldu diotena erosi duelako sentsazioa izatea. Orain, erosleak titulua baino ez badu nahi, errazagoa izango da asebetetzea. Baina horrek ez gaitu gu asebetetzen nonbait.

Malaletxeko galdera...zuzenak

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 3 - 13:33-(e)an bidalia.

Arrazoia duzu, Benito. Ezin gara erantzun errazekin konformatu. Horiei guztiei aurre egin behar diegu.

Eta bukatzeko diozuna (erosleak titulua baino ez duela nahi), hori ere egia berdaderoa. Eta gustatu zein ez gustatu, horixe izan behar dugu kontuan. Gu asebetetzea edo ez, nire ustez, bigarren mailako kontua izan behar du... euskaltegian behintzat. Euskaltzale modura gure ardura eta lana haratago eraman nahi badugu, euskaltegian egiten dugunari irakurketa positiboa egitea besterik ez dugu... edo gure euskaltzaletasuna euskaltegiko lau hormetatik haratago eraman.

Horretaz gain, tituluak, agiriak ... eskuratzen laguntzea gure ikasleak euskarara hurbiltzeko beste bide bat izan liteke. Gure euskaltzaletasunaz gain gure gizatasunak eta profesionaltasunak ere agian hurbilaraz litzake, afektiboki, euskarara.

Josuri: Zuk diozuna ere egia da, zoritxarrez. Horretan bi kontuk dute eragina, nire ustez: norbere bizitzan izandako porrotak, frustrazioak edo ezintasunak; bestetik, komunikabiderik irakurrienetan azkenaldian egiten ari den kanpaina. Zenbait egunkaritan irakurri ditut azkenaldian Francoren garaian ere idatziko ez ziren kontuak euskara dela-eta.

Honen inguruan, printzipioz, nire iritzia "al trapo" ez sartzea da, ahal dela, egoerak egoera (goi mailako ikasle interesatuekin, agian, eztabaida modura aprobetxa liteke). Hobe modu positiboan jokatu.

zergatik ikasi euskara?

nerea (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 3 - 17:59-(e)an bidalia.

oso galdera interesgarria, eta azken urteotan neure buruari askotan egin diodana. Nik ere euskaltegi baten nabil eskolak ematen eta azken boladako eboluzioa ikusita uste dut gero eta gehiago direla "el puto euskera" diotenak inolako konplexurik gabe. Gero eta gehiago sentitzen dut "gartzelero" papera betetzen ari garela irakasleok. Presio handia dabil bazterretan,lanerako ditxosozko perfilak direla eta. Eta balizko abantaila horiek gaur egungo gizartean ez ditut garbi ikusten: seme-alabekin hitz egiteko?? (adin batetik aurrera oso zaila egiten zaie oro har gurasoei euskara txukun ikastea). Euskal literatura irakurtzeko?? Zeinek irakurtzen du gaur egun, "los pilares de la tierra" ez bada? Kalean hitz egiteko? zertarako, mundu guztiak erderaz badaki? Etorkinek euskara ikasi??? Integratzeko??? Ez al da berba potoloegia?
Enfin, ikusten duzuenez nahiko panorama beltza iragartzen diot honi guztiari. Eta gazteek? egiten dute?
Ez dakit, iruditzen zait euskara ikasteak esfortzu ikaragarria eskatzen duela, eta bizi garen gizarte hedonista honetan ez gaudela oro har horretarako prest.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia