adibideak

21
Urr
2010

Twitter-en adibideak bilatu

Sare sozialak gora eta sare sozialak behera gabiltza azkenotan, eta ikasteko baligarriak direla eta horrela. Tira, ez dakit euskara ikasteko norainoko balioa duten, baina ideia tonto bat okurritu zait eta hemen botako dut. Ez da beste munduko ezer, baina baten bati balio badio, eta beste ideia hobe baterako bidea ematen badu, botako dut.

Hizkuntza klasean azaldu edo aurkeztu behar ditugun hitzak, hizkiak edo esamoldeak ilustratzeko adibideak bilatzea komeni ei da, adibide horiek errealak, testuinguratuak eta esanguratsuak badira, hobeto. Adibide horiek benetako komunikazio ekintza batetik ateratzea izan liteke aukerarik aproposena gainera.

Sare sozialak eta adibideak, konbinazio ona ematen du. Europako Markoa/Esparruak idatzizko elkarreraginaren barruan kokatuko ditu hor gertatzen diren komunikazio ekintzak, eta sano piztu da komunikazio mota hori sare sozialekin eta Internetekin duda barik.  Adibide iturri ona izan dezakegu beraz.

Proba egingo dugu Twitter-ekin. Badakizue Twitter-ek bilaketak egiteko aukera ematen duela http://search.twitter.com helbidean edo bertsio berrian twitter.com-en bertan goian dugu bilaketa tresna. Ea ba, proba egingo dugu.

Pentsatu aditzekin ari garela (badakizue euskara ikastea aditza ikastea da, hala dio aspaldiko kondairak). "Gaituzte", aditz polita ezta? Zer dio Twitter-ek? Momentu honetan emaitza bi: bata lagun biren arteko solasaldikoa gainera, bestea aldizkari baten titularra. Tira, gutxi baina testuinguru desberdinetakoak eta zerbait esaten dutenak eta zerbaiti erreferentzia egiten diotenak.

Baldintzei ekingo diegu, nuke bilatuko dugu. Adios! Ingelesezko "nuke" baino ez da agertzen. Hau faena! E! Beste modu bat dago Twitter eta halakoetan bilatzeko baina! Google, duela gutxi martxan jarri dituzten "eguneratzeak"  (formerly "gaurkopenak") aukera hain zuzen ere. Eta hor zer? Kontxo! Vascoparlanteen koadrila ederra! Interneteko munstroak ezagutu egin gaitu! Beste hizkuntza batzuetako berbekin nahas daitezkkenak iragazteko aukera ona ematne du beraz: ditu, luke, nadin...

Tira, ez naiz luzatuko adibideak aurkitzen, denborapasan zuek ere pasa dezazuen denbora.

Agur, ondo pasa eta hurrengora arte.

Sindikatu edukia