21
Urr
2010

Twitter-en adibideak bilatu

Sare sozialak gora eta sare sozialak behera gabiltza azkenotan, eta ikasteko baligarriak direla eta horrela. Tira, ez dakit euskara ikasteko norainoko balioa duten, baina ideia tonto bat okurritu zait eta hemen botako dut. Ez da beste munduko ezer, baina baten bati balio badio, eta beste ideia hobe baterako bidea ematen badu, botako dut.

Hizkuntza klasean azaldu edo aurkeztu behar ditugun hitzak, hizkiak edo esamoldeak ilustratzeko adibideak bilatzea komeni ei da, adibide horiek errealak, testuinguratuak eta esanguratsuak badira, hobeto. Adibide horiek benetako komunikazio ekintza batetik ateratzea izan liteke aukerarik aproposena gainera.

Sare sozialak eta adibideak, konbinazio ona ematen du. Europako Markoa/Esparruak idatzizko elkarreraginaren barruan kokatuko ditu hor gertatzen diren komunikazio ekintzak, eta sano piztu da komunikazio mota hori sare sozialekin eta Internetekin duda barik.  Adibide iturri ona izan dezakegu beraz.

Proba egingo dugu Twitter-ekin. Badakizue Twitter-ek bilaketak egiteko aukera ematen duela http://search.twitter.com helbidean edo bertsio berrian twitter.com-en bertan goian dugu bilaketa tresna. Ea ba, proba egingo dugu.

Pentsatu aditzekin ari garela (badakizue euskara ikastea aditza ikastea da, hala dio aspaldiko kondairak). "Gaituzte", aditz polita ezta? Zer dio Twitter-ek? Momentu honetan emaitza bi: bata lagun biren arteko solasaldikoa gainera, bestea aldizkari baten titularra. Tira, gutxi baina testuinguru desberdinetakoak eta zerbait esaten dutenak eta zerbaiti erreferentzia egiten diotenak.

Baldintzei ekingo diegu, nuke bilatuko dugu. Adios! Ingelesezko "nuke" baino ez da agertzen. Hau faena! E! Beste modu bat dago Twitter eta halakoetan bilatzeko baina! Google, duela gutxi martxan jarri dituzten "eguneratzeak"  (formerly "gaurkopenak") aukera hain zuzen ere. Eta hor zer? Kontxo! Vascoparlanteen koadrila ederra! Interneteko munstroak ezagutu egin gaitu! Beste hizkuntza batzuetako berbekin nahas daitezkkenak iragazteko aukera ona ematne du beraz: ditu, luke, nadin...

Tira, ez naiz luzatuko adibideak aurkitzen, denborapasan zuek ere pasa dezazuen denbora.

Agur, ondo pasa eta hurrengora arte.

Modernistak eta gero

Patxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urria 21 - 14:59-(e)an bidalia.

Modernistak eta gero bazegoen idazle bat soneto batekin “tuércele el cuello al cisne”. Horretan nago ni txori urdinarekin. Twitter irakurtzen dut egunero eta oso noizbehinka bada ere, zerbait idazten dut. Ikusten dizkiot abantailak, bai. Baina desabantailak ere bai jendea itxutu egiten duelako. Bai, bai… errealitatea distorzionatzen du. Klaustro perfektua dela, elkarrizketa bukagabea dela… Twitter ez da inoiz egongo askoren eskuran, asko (kognitiboki, denboralki…) exigitzen du eta. Eta hori, nonbait, ez da herri-kultura. Hitz potoloak txoriaren kabian baina….

Beste aldetik, esaldi bakarra elkarrizketa batean ez da inoiz esango komunikatiboa, baina beno dibertigarria da zure proposamen-denborapasa. Eta beti bezala, bideak irekitzen: ez nuen ezagutzen googlen zerbitzu berri hori… edo agian ez dut gogoratzen…

Zisne urdina

Benito-(e)k 2010, Urria 21 - 15:27-(e)an bidalia.

Aipatu duzun olerki horrekin jakin mina piztu didazu, eta hemen aurkitu dut. Bigarren ahapaldia gustatu zait:

Huye de toda forma y de todo lenguaje

que no vayan acordes con el ritmo latente

de la vida profunda. . .y adora intensamente

la vida, y que la vida comprenda tu homenaje.

Txori urdinaz esan duzun honek zer pentsatua eman dit era berean:

Twitter ez da inoiz egongo askoren eskuran, asko (kognitiboki, denboralki…) exigitzen du eta. Eta hori, nonbait, ez da herri-kultura.

Interesgarria diozuna. Txori urdinak (eta beste hainbat txorik) arreta fagozitatzeko zer gaitasun duten ikusi, eta horrek zertzuk kalte dakartzan konturatu ere bai. Bego hor!

Baina, bada gauza bat, goiko olerkiarekin lotuta, ukatu ezinekoa: Twitter-en dagoena bizitza da, ez dakit bizitza sakona ala azalekoa, baina bizitza, hau da, zerbaiti buruz zerbaitetarako norbaitek norbaiti diotsan zerbait. Horrez gain, kasu askotan hartu-emana dago, interakzioa esaten den hori (@ hori interakzioaren sinbolo unibertsala izan daiteke akaso XD ). Hain zuzen ere, abantaila hori ikusten diet nik sare sozialei hizkuntzarako adibideak topatzeko orduan, benetakoak dira, testuinguratuta daude, eta jardun komunikatibo baten barruan daude.

Egia da adibide horiek bilatzeko orduan formari erreparatuko diogula gehiago edukiari baino, baina nahiago dut adibidea emateko orduan Twitter-en edo Facebook-en edo txat batean edo X webgunean biren arteko mezuen truke batean botatako "maite zaitut" bat, askotan testuliburuetan eta ariketetan agertzen den "Andonik Mireni esan dio: "maite ....."" hori baino. Andoni eta Miren nortzuk diren inork baleki sikieran :D.

Esaldi bakarra ez da  komunikatiboa izango, edo bai, esaldi bakarreko testuak badira munduan (sloganak adibidez), baina bistan da sare sozialetan topatzen diren esaldi gehienak -zuztar eta transzendentalitate gehiago edo gutxiagorekin- komunikatiboak direla, bertoko hitz-perpausak ekintza komunikatibo batean kokatua eta testuinguratuta daudela, eta horregatik dute plus hori adibide gisa azaltzeko orduan, nire uste apalean.

Nahi dugunerako balioko diguten? Ez dakit ba, norbaitek noizbait erabili eta baliagarria bazaio, esango digu, edo ez digu esango, Tira, guk apur batean dibertitu gara behinik behin. ;).

Umap

Benito-(e)k 2010, Urria 21 - 15:35-(e)an bidalia.

Kasualitatea! Hemen ari garela Eibar partean  baten bati okurritu zaio Twitter-en euskarazko jardun guztia biltzen duen inbentoa: Umap

.

Sare sozialak, hau inbentoa!

Patxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urria 22 - 15:33-(e)an bidalia.

Sare sozialak, hau inbentoa! Eta web 2.0. osoari ongietorria ematen diot bizitzako alor guztietan eta batez ere hizkuntza irakaslea naizen aldetik.
Eta Twitter-en kasuan gauza bera. Zalantzan jartzen dudana da bere aukerak hezkuntzarako, gelan barruan. Testuliburuek porrot egin dute aspaldidanik eta elkarrizketa bultzatu behar da baina formato lasaiago batekin. Duda barik gai bazara, kideekin elkarreragintzeko aproposa da baina gizakiaren eta errealitatearen egia galdu gabe. Adibide bat: ponentzia batean twiteatzeak aberasten du mezuaren edukia, baina tweet-ak pantaia batean proiektatzen badira mezua distorzionatzen da, hizkuntzan horreri “zarata” deitzen zaio: oso jende gutxi da kapaza entzun, irakurri, ulertu, adi egon eta laburtzeko hitzak eta, gainera, feed-backa fisikoa eta beroa eman hizlariari. Como tiene el marchamo de social puede estar engañándonos…

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia