17
Urr
2009

Galileo Galilei

Plisti-Plasta | 2009, Urria 17 - 18:24

Imajina ezazue zeuen burua itsasontzi batean nabigatzen, aldaketa handirik gabeko abiaduran, itsaso barean. Eta gogora itzazue Galileoren hitzak:

Sar zaitezte lagun batekin kabina nagusian, itsasontzi handi baten bizkar azpian, eta eraman itzazue bertara euliak, tximeletak, eta beste animalia txiki hegalari batzuk… Azpian jarritako galdara handi batean tantaz tanta hustuko den botila eskegi… Itsasontzia nahi duzuen abiaduran jarri, betiere gorabehera handirik gabeko higidura uniformean… Tantak azpiko ontzian eroriko dira poparantz desbideratu gabe, nahiz eta tantak airean direla  itsasontziak aurrera egin… Tximeletek eta euliek hegaz jarraituko dute batera eta bestera, eta ez dira guztiak poparantz joango, itsasontziaren ibilerak nekatu balitu bezala.

Beraz, ontziaren bizkar azpian esperimentuak egiten ari den nornahik ezingo du jakin itsasontzia geldi ala mugimenduan dagoen.

Atera gaitezen, orain, itsasontziaren itzaletik, aska ditzagun gure euli, tximeleta eta buruko txoriak eta begira diezaiogun lehorreko talaiatik kaiari, ontziei,  mugimenduari eta urari.

Bi zamaontzi handi ikusten dira urrunean, geldi, astun ainguratuta. Port Folio deitzen da bata, Heok bestea. Teknologia berriek nabigazio moduak, neurri batean, aldatu aurretikoak dira. Ontzi handiak izaki, mugimendu geldokoak izan behar dute ezinbestez. Baina geldiegi daude, kulunka ere ez dute egiten. Oraindik herdoildu gabe dauden arren,dagoeneko nabari dute kresalaren erasoa eta azpiko ura ere usteltzen hasia da. Mota askotako edukiontziz beteta daude baina portuaren azpiegitura ez da edukiok garraiatzeko behar bezain sendoa. Marinel batzuk alai daude zubian tximeletei begira; beste batzuk, ordea, nahiko haserre, euliak astindu nahian. Eszena bitxia, alajaina!

Itsasadarreko uraren mugimendua ere harrigarria da, kontrako norabidean doala dirudi, baina beste baterako utziko ditugu mekanika eta Newtonen legeak.  Gaur Galileoren eguna da eta heldua da talaiako eskailerak jaisteko ordua.

Argazkia: Homeward Bound. Lizentzia. Egilea: Stevec77.

Etiketak: heok.galileo | portfolioa |
Bidalitako artikuluak

Aingurak

Benito-(e)k 2009, Urria 19 - 18:42-(e)an bidalia.

Ur sakonetan sartu barik, deskribatu duzun sentsazio hori etorri zait askotan: korrontearen gora-beherei erreparatu ere egin gabe, aingura sendoz kateatutako zamaontzi, arrantza-ontzi eta traineruak ere asko ditugu. Uriola handi batek ere kostata askatuko lituzke aingurok gainera.

Aingura eta ura

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urria 19 - 19:49-(e)an bidalia.

Dinamikarik gabeko edukiak bihurtzen dira berunezko aingura. Hondalean geldi, egonkor. Baina nabigazioa gehienbat mugimendua da. Eskerrak gaur gaurkoz itsasoa bare dagoela (itxuraz, behintzat).

Ikaskuntza/irakaskuntzan, tradizioz, edukietan jartzen dugu azpimarra. Badirudi edukiak aldatuta, paradigma osoa alda daitekeela. Bada garaia dinamikei ere erreparatzeko. Edukiak bezain garrantzitsuak edo garrantzitsuagoak izan baitaitezke. Hala kurrikuluari, nola eguneroko programazioari edo formazioari dagokionean.

Ez dezagun inoiz ahaztu aingurak ura duela lagun.

Newtonen legeak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urria 31 - 10:08-(e)an bidalia.

Gaur goizean, buru-gaizto samar jaiki eta berriro ere talaiarako bidea hartu dut. Bidean dilindan ziren sagar gorriek Laboa ekarri didate gogora. Laboa eta Newton. Talaiako eskilarak igo eta han ikusi ditut berriro ere zamaontziak, eta inguruan kulunka, geldi-geldo, zuk aipatutako zenbait arrantza-ontzi eta traineru, izen ezagunekoak batzuk gainera. Ez dakit bideko sagar gorriren batek erori eta kaskoa berotu ote didan baina Newtonen hiru lege nagusiak metafora huts iruditu zaizkit orduan. Hona, Wikipediatik jasoak:

1. Newtonen lehen legeak (Inertziaren legea) geldi dagoen objektu batek geldi jarraitzeko joera duela eta mugimenduan dagoen batek mugimenduan jarraitzeko joera duela esaten du, ez badie eragiten kanpoko indar batek.

2. Newtonen bigarren legeak F=ma dela esaten du, hau da, indarra masa bider azelerazioa dela esaten digu. Beste hitz batzuekin esanda, indar batek objektu batean sorturiko azelerazioa indar horren balioarekiko zuzenki proportzionala da eta masarekiko alderantzizko proportzionala.

3. Newtonen hirugarren legeak edozein ekintzak indar berdineko kontrako bat eragiten duela esaten du.

Berriro ere jaitsiko naiz talaiatik, badaezpada ere.

Mugimenduaz

Benito-(e)k 2009, Azaroa 2 - 17:57-(e)an bidalia.

Mugimenduaz Newton-en ostekoek ohartarazi ei zuten dena dagoela mugimenduan, gure planeta eta unibertso guztia mugitzen diren neurrian ez dago ezer geldirik, mugimendua erlatiboa da.

Eta pentsatzen dut. Geldirik dagoela uste duenak azken batean bere norabidea norbaitek edo zerbaitek gidatzen utzi baino ez du egiten, berak ezagutzen edo kontrolatzen ez duen zerbaitek askotan, eta nora doan ere ez dakiena.

Zuri Newton eta Laboa etorri zaizkizu. Niri mugimendua probokatzeaz ari garela -ez dakit ondo zergatik- beste zientzilari handi bat etorri zait, Dr. Strangelove-ren mila aurpegiak hain zuzen ere. ;-)

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia