gaelikoa

22
Ots
2008

Lá Nua egunkariarentzat sustengua

Mezua dabil e-postaz batetik bestera. Ez dakit zergatik e-postaz zabaltzen diren elkartasun mezu horiekin zalantzatxoren bat sortzen zait gehienetan. Ez dirudi honen kasua denik, eta beharbada atzokoarekin bihotza beratuta daukagula hona ekarriko dut. Irlandan Euskaldunon Egunkariaren antzera sortutako Lá Nua egunkariak sustengua behar du, hona hemen mezua:

Irlandako gaelikoa ez da oso hizkuntza osasuntsua, ez hizkuntza handiekin konparatuz, ezta euskara bezalako txiki batzuekin konparatuta ere. Urteetan hiztunak galduz joan da ia desagertzeraino. Aurrean izan duen arerioa ere ez da edozein: ingelesa.

Hala ere, Euskal Herriko eredu hartu eta Berria egunkaria bezalako proiektu bat sortu zuten duela urte batzuk hizkuntzaren inguruko zenbait eragilek. Jendeak bere poltxikotik dirua jarri eta egunkari bat sortzea erabaki zuten: Lá Nua izenekoa. Hala ere, egunkari honek ezinbestekoa du dirulaguntza publikoa, bai Ipar Irlanda eta baita Irlandako Errepublikak emandakoa. Gauzak horrela, aurten, Ipar Irlandako administrazioak dirulaguntza murriztea erabaki du eta egunkari hau bi astetan ia itxi egin beharko dute. Martxoko lehen astean azken aleak aterako dituzten beldur dira egunkariko langileak. Hizkuntza txikia izanik, kalean duen presentzia apurra guztiz galduko litzateke, horrek dituen eragin guztiekin.

Egunkariari dirulaguntzak ez kentzeko eskatuz, Interneten sinadurak biltzen hasi dira irlandarrak. Guk ere badakigulako zein zaila den hizkuntza txiki bat bizirik mantentzea, eta hau egiteko, zein garrantzitsua den hedabideak izatea, gure babesa eman behar geniekeela uste dut.

Babesa eman nahi duenak beheko helbidean bere sinadura jarri eta email hau pasako balu, elkartasuna erakusteko modu polita litzateke.

http://www.petitiononline.com/ln0502/petition.html

Ama Hizkuntzaren Eguneko akzio ona eginda.

Eguneraketa:

Ikasbilen irakurri dugunez, Irlandako La Nua honek ez ezik, Galeseko Y Byd-ek ere sustenguaren beharra dauka.

Sindikatu edukia