eskurapena

10
Urt
2008

INPUTetik OUTPUTera. Bigarren hizkuntzaren eskurapena: irakasleentzako gidaliburua

Otto | 2008, Urtarrila 10 - 19:56

Amaitu berri dut liburu honen irakurketa eta hainbat ideia botatzera ausartuko naiz.

Lehenik eta behin, oso liburu interesgarria iruditu zait. Irakurterraza da; adibidez hornituta dago, hainbat hizkuntzatakoak baina itzultzaileak ondo ekarriak euskararen kasura hainbatetan; eta irakasleok ditugun hainbat intuizio paperera dakartzana. Hori bai, hizkuntzen eskurapenaz ari da, eta ez ikaskuntzaz. Eta eskurapena dioenean, hitz egiteaz ari da. Egileak esaten duen moduan, pertsona batek ingelesez dakien galdetzen dugunean, ez gara ari ingelesez hainbat gauza egiten ote dakien, baizik eta hitz egiten dakien, egoera guztietan.

Eta, alde horretatik, onena denok etxera joatea delako sentsazioa geratu zait. Ze, izan ere, planteatzen baitu eskurapena eta ikaskuntza independenteak direla bata bestearengandik. Zentzu honetan, oso eredugarria iruditu zait 106. orrialdean dagoen pasarte bat:

"Bihurtzen" al da jakintza esplizitua jakintza inplizitua? [kontuan hartu berarentzat hizkuntzaren jakintza inplizituak adierazten duela soilik hizkuntzaren eskurapena] BHEko [Bigarren Hizkuntzaren Eskurapena] aditu gehienen iritziz, ez. Jakintza inplizitua sortzeko "bideratzailea" edo "lagungarria" izatea ez da arau inplizitu "bihurtzea". Analogia bat eginez, jo dezagun pertsona batek hanka apurtu duela eta makuluez dabilela. Makuluek lagundu egiten diote ibiltzen, baina horretaz gain hanka geldirik izaten laguntzen diote. Geldirik izan behar du hanka (eta kaltzioa hartu eta abar) hautsitako hezurra osatzeko. Hanka osatzen zaionean ez dugu esaten makuluek osatu diotenik edo makuluak pertsonaren hanka bihurtu direnik. Osatzen lagundu diotela diogu.

Beraz, nolabait esatearren, gure lana izango litzateke pertsonak nolabaiteko laguntza izatea bigarren hizkuntzan maneiatzeko; bitartean, Garatuz Doan Sistema (tarteko hizkuntza, gure berbetan), horixe, garatuz joango da, input komunikatiboarekin harremanetan badago.

Uste nuen Krashenen jarraitzaileei ez zietela, jada, argitaratzen; baina haren kutsua sentitu dut hainbat momentutan. Eskurapenaren gakoa inputean dagoela diosku: zenbat eta input gehiago jaso, orduan eta arinago gauzatuko da eskurapena, esanahia bilatzen, lehenengo, eta esanahia eratzeko forman, gero, arituko baita bigarren hizkuntza eskuratu nahi duena.

Outputaren funtzio lagungarria ere azpimarratzen digu, beti ere, zentzu komunikatiboa badu, eta elkarreraginean gauzatzen bada; elkarreraginak dakarren esanahiaren negoziazioa da, Van Pattenentzat, gauzarik interesgarriena.

Gure eskolei begira, honako ondorio nagusiak ateratzen ditu (189. or.)

  • zenbat eta input gehiago, hobeto (zenbat eta gehiago oinarritu esanahian eskola, orduan eta hobeto); [hori bagenekien]
  • zenbat eta interakzio [maila eta norabide guztietan] gehiago, hobeto; [hori ere bagenekien, baina ez dakit zer neurritan hartzen dugun kontuan]
  • ikasleen ekoizpen guztiak esanguran oinarrituak edo komunikatiboak izan beharko lukete; [hau ere, jakin arren, ez dakit gure teoriak eta praktikak bat datozen]
  • forma (edo gramatikaren irakaskuntza) arretagunea izanez gero, esanahian oinarritu beharko litzateke eta inputari edo komunikazioari lotua [idem]; eta
  • kontuz ibili beharko ginateke ikasleengandik ze espero dugun [ikasleei esijitzen dieguna egingarria ote da?]

Baina, bestalde, eskurapen prozesuaren inguruan ematen dituen hainbat eta hainbat azalpen oso-oso interesgarriak iruditu zaizkit; hainbat gauzari esplikazioa aurkitu diedalakoan nago. Eta, Van Pattenek berak esaten duen moduan, hizkuntzaren eskurapenaren inguruko hainbat gako baditugu, errazago izango zaigu non eragin erabakitzea.

Hori bai, hainbat azalpen ematen ditu egia unibertsalak balira bezala. Irakurtzen duzunean, ba, pentsatzen duzu: "halako aditu batek esaten baditu... kontxo! egia izango dira"; harik eta azaltzen duen arte zergatik umeek ikasten duten lehenago AMA esaten AITA baino (Ma ahoskatzen errazago ikasten omen da, Ta ahoskatzen baino), eta nire eta nire ingurukoen kasuaz konparatu: nire koadrilakoen ume guztiek ikasi dute lehenengo AITA esaten, eta gero AMA; beno, nireak oraindik ez du AMA esaten. Orduan, egia unibertsal horiek zalantzan jartzen hasten zara.

Baina, orokorrean, oso liburu interesgarria. Irakurri, eta gehitu honi irakurketa berriak.

30
Aza
2007

Itzulpen saila, liburu berria: INPUTetik OUTPUTera

Nire hitzak ez du gauza handirik balio. HABEk 5. maila asmatu ez, baina liburu berria daukagu itzulpen sailean: Bill VanPatten-en Inputetik outputera. Bigarren hizkuntzaren eskurapena: irakasleentzako gidaliburua.

Liburuaren hitzaurrean eta hasieran irakurtzen denaren arabera, hizkuntzaren eskurapenaren inguruko teoriak eta ikerketen berri ematea du helburu, era erraz eta argi batean, aditu nahiz ez adituentzat.

Hemen daukazue jatorrizko liburua Amazon-en, eta hemen liburuari buruzko erreseina gaztelaniaz (pdf).

Bill VanPattenen inguruan webgune honetan aurkitu dut autoaurkezpen laburra (aspaldikoa dirudi).

Esaten den bezain irakurterraza den konprobatuko dugu.

Sindikatu edukia