basquecamp

10
Eka
2008

Larrabetzuko buelta

Zapatuan Larrabetzun izan nintzen azkenean, Basquecamp-en. Ez dut kronika zehatzik egingo. Han zer izan zen eta zer ez, Patxi Gaztelumendik egin digu narrazioa Sustatun: Basquecamp, interakzioa euskaraz eta arratsaldez, Larrabetzu.org-en ere beste bat daukagu: #basquecamp Hori Bai gaztetxean. Haren inguruko iruzkin batzuk neure partetik.

Aurrekoan komentatu nuen modura, asmo birekin arrimatu nintzen Larrabetzura:

  • Barcamp bat zer den eta zelan funtzionatzen duen bertan ikusi.
  • Han azaldu zirenak ikusi-entzun eta hangoekin jardun.

Lehenengoari dagokionez, formatua interesgarria dela pentsatzen jarraitzen dut. Azalpenak laburrak izatea alde batetik erritmoa bizkortu eta arreta mantentzen laguntzen du, eta bestetik, azalpean egiten duenrari zentratzera eta zehatza izatera behartzen du. Elkarrizketa eta jakin mina pizten du aldi berean. Dena dela, han ikusitakotik antolatzeari begira ideia batzuk apuntatu nituen:

  • Konfidantza hartzea garrantzitsua da horrelakoetan. Jendea ezaguna ez bada areago. Dinamizazio lana garrantzitsua da beraz, berriketa probokatzea eta publikoari xaxatzea. Patxi ibili zen ahaleginean, baina, ez dakit euskaldunak izateagatik ote den, kostatzen da izotza apurtzea. Beharbada, hasieran elkar ezagutzeko denbora gehiago emanda. Pentsatzeko puntua uste dut.
  • Interakzioa garrantzitsua da, informalitate giroa izan daiteke halakoen indargunetako bat, eta informalitate giroa zabaltzeko komenigarria izan liteke tarteak eta atsedenak egitea, agurtzeko, komentatzeko, giroa berotzeko azken batean. Bilkura formaletan askotan esaten da onena pasiloetan gertatzen dela, edo bazkarietan. Larunbatean adibidez, merienda-legetxo bat egongo zen ondo (seguru aurretik abisatuta, denok ekarriko genuela zeozer partekatzeko, webdosazerista porrokatuen modura).
  • Gaien blokeak egin ziren, dena dela jende desberdinaren interes desberdinak batzen direnean zaila izaten da arreta mantentzea. Igual komenigarria izan liteke horrelakoetan interesen distantzian oreka bat gordetzen saiatzea, edo jendea bloke desberdinetan banatzea.

Halakoak antolatzeari begira okurritu zaizkidan ideiak baino ez dira. Basquecamp bera edo halakoren bat antolatzen denerako aintzat hartzekoak. Hurrengo barcamp-en seguru hemengo ikaskizun asko aplikatuko direna.

Bestalde, han plazaratu direnen inguruan zertzeladatxo batzuk:

  • Herritarrak+teknologia. Bi ideia. Teketenen mashup-ek erakusten duten bidea. Norberak informazioa hautatu eta erakusteko tresnak asko dauzkagu eskura. Mashup-a hori da azken batean, sarea nork bere behar-interesera egokitzea eta iragaztea, ezagutza eta informazioa bilatzeko modu pertsonalizatuak, PLEari buruz jardutean halakoak agertzen dira askotan adibidez. Herri baten inguruko informazioa zelan hautatu eta erakuts daitekeen adibide ona jarri zigun. Eta erabili egin dugu: larrabetzu ipintzen duen lekuan euskaltegia jarri eta hara zer daukagun.
  • Bestalde, informazioaren zabalkundean aurkeztutako proiektuek, uste dut euskararen ikaskuntzatik baino ez bada ere, aukera interesgarria zabaltzen digutela: eskura ipintzen dizkigu hainbat "input" (albisteak, kontakizunak, iritziak...) hizkuntza ikasteko orduan interes berezia izan dezaketenak: hurbileko gaiei buruzkoak, eskuragarriak, baliabide grafikoez hornituak. Azken batean, hizkuntza erabiltzeko (eta ikasteko ondorioz) aukera hurbila ematen dio ikasleari (irakurtzea edo bideoak ikustea ere hizkuntza erabiltzea da) alde horretatik erakargarria, eta gainera teknologiak norberaren parte hartzea ere errazten du (iruzkinak egitea adibidez). Kasu apur bat egiteko modukoak dira honako proiektuak.
  • Mapen txanda heldu zen segidan. Gari Araolazak OpenStreetMap-en kolaboratzeko gonbitea egin eta Xabi Erkiziak soinumapa.net-en nondik norakoak kontatu zizkigun, berdin egin zuen Aintzane Agirrebeñak ahotsak.com-ekin. Ideia ibili zitzaidan buruan soinumapa eta ahotsak.com-en artean. Euskara mintzatuaren ahozko laginak edo hobeto esanda, testuak mapeatzeko modurik atondu liteke nolabait? Ez nabil bakarrik, ahotsak.com-ek egiten duen bezala, euskararen testigantzak, jende nagusiarenak batzeaz soilik. Ahozkotasunaz eta hizkera biziaz hainbeste hitz egiten den honetan, berriketak, hizkuntza kolokialaren laginak jasotzeaz baino. Uneko harrikada izan zen, hor dago norbaitek tiratzen jarraitu nahi badu edo.
  • Maitek ikasleen lan-koadernoak wikispaces-en zelan atondu dituen kontatu zigun ondoren, wikia zelan erabili klaseko lanak bideratzeko eta jarraitzeko. Sinplea eta bistan dago. Maiteren esandakoetatik gauza bi apuntatu nituen: Wiki hitza ez du erabili ikasleekin, eta seguruenik horrek hasieratik kendu dio zailtasun bat, eta ikasleak zer eginean gehiago zentratu dira, terminologia berritzailearekin ikaratu barik. Eta bestetik, lehendik ondo ezagutzen dugun Euskaljakintzaren izpiritua laburtu zigun, eginez ikasten dira gauzak, eta bloga ikasleek ikasi behar dituzten gauza horiek egiteko erabili da, egiten dutena publikatzeko. Akaso lekzio bikoitza, irakaskuntzan teknologia berriak hobetoen erabiltzeko modua teknologiari pisua kentzea eta zer eginean zentratzea da, inportanteena azken batean, ezta?

Gauza gehiago egon ziren, esan bezalak Patxik kontatu ditu Sustatun eta dagoeneko badabiltza argazkiak eta bideoak sarean. Ea honelako gehiago egitera animatzen garen, ordenagailu eta proiektore barik bada ere.

03
Eka
2008

Basquecamp

Zapatu honetan Bartzelonara joateko nintzen, baina lanarekin eta garraoien konbinazioekin asmatu ez, eta azkenean saria bertan jasotzera joan barik geratuko naiz. Dena dela zapaturako plan ederra dugu bestela! Basquecamp.

Zer da hori ba? Aspaldian interesatzen zaidan gauza. Unconference eta barcamp kontzeptuak ikusi ditugu azkenotan han eta hemen. Ikasteko, hitz egiteko eta partekatzeko ohiko jardunaldi, batzar, kongresu eta enparauen formaltasunetik haragoko bilkurak dira. Desestrukturatuagoak, deshierarkizatuagoak, partaideek eurek gidatuagoak eta, azken batean, informalagoak.

Ikaskuntza eta jakintzaren transmisiorako gune berrak dira, eta alde horretatik benetako interesa daukat zelan funtzionatu dezaketen bertatik bertara ikusteko. Eta Larrabetzun daukagu aukera larunbatean.

Teknologia, internet eta halako saltsetan euskaraz eta euskararen munduan gabiltzanontzat prestatu da basquecamp hau. Gai zerrenda ugaria dugu, hitzaldi eta aurkezpen laburretan garatzekoa, konfiantzan, lagunartean eta lagunak eginez.

Gainera, beste euskaltegiblogeroren bat animatzen bada, Larrabetzun edukiko dugu parada parraplada batzuk botatzeko, tragoren baten laguntzarekin.

Badakizue, zapatu honetan, ekainak 7, Larrabetzuko gaztetxean arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Animoa baaaaa!


Hori Bai Gaztetxea map

Sindikatu edukia