10
Eka
2008

Larrabetzuko buelta

Zapatuan Larrabetzun izan nintzen azkenean, Basquecamp-en. Ez dut kronika zehatzik egingo. Han zer izan zen eta zer ez, Patxi Gaztelumendik egin digu narrazioa Sustatun: Basquecamp, interakzioa euskaraz eta arratsaldez, Larrabetzu.org-en ere beste bat daukagu: #basquecamp Hori Bai gaztetxean. Haren inguruko iruzkin batzuk neure partetik.

Aurrekoan komentatu nuen modura, asmo birekin arrimatu nintzen Larrabetzura:

  • Barcamp bat zer den eta zelan funtzionatzen duen bertan ikusi.
  • Han azaldu zirenak ikusi-entzun eta hangoekin jardun.

Lehenengoari dagokionez, formatua interesgarria dela pentsatzen jarraitzen dut. Azalpenak laburrak izatea alde batetik erritmoa bizkortu eta arreta mantentzen laguntzen du, eta bestetik, azalpean egiten duenrari zentratzera eta zehatza izatera behartzen du. Elkarrizketa eta jakin mina pizten du aldi berean. Dena dela, han ikusitakotik antolatzeari begira ideia batzuk apuntatu nituen:

  • Konfidantza hartzea garrantzitsua da horrelakoetan. Jendea ezaguna ez bada areago. Dinamizazio lana garrantzitsua da beraz, berriketa probokatzea eta publikoari xaxatzea. Patxi ibili zen ahaleginean, baina, ez dakit euskaldunak izateagatik ote den, kostatzen da izotza apurtzea. Beharbada, hasieran elkar ezagutzeko denbora gehiago emanda. Pentsatzeko puntua uste dut.
  • Interakzioa garrantzitsua da, informalitate giroa izan daiteke halakoen indargunetako bat, eta informalitate giroa zabaltzeko komenigarria izan liteke tarteak eta atsedenak egitea, agurtzeko, komentatzeko, giroa berotzeko azken batean. Bilkura formaletan askotan esaten da onena pasiloetan gertatzen dela, edo bazkarietan. Larunbatean adibidez, merienda-legetxo bat egongo zen ondo (seguru aurretik abisatuta, denok ekarriko genuela zeozer partekatzeko, webdosazerista porrokatuen modura).
  • Gaien blokeak egin ziren, dena dela jende desberdinaren interes desberdinak batzen direnean zaila izaten da arreta mantentzea. Igual komenigarria izan liteke horrelakoetan interesen distantzian oreka bat gordetzen saiatzea, edo jendea bloke desberdinetan banatzea.

Halakoak antolatzeari begira okurritu zaizkidan ideiak baino ez dira. Basquecamp bera edo halakoren bat antolatzen denerako aintzat hartzekoak. Hurrengo barcamp-en seguru hemengo ikaskizun asko aplikatuko direna.

Bestalde, han plazaratu direnen inguruan zertzeladatxo batzuk:

  • Herritarrak+teknologia. Bi ideia. Teketenen mashup-ek erakusten duten bidea. Norberak informazioa hautatu eta erakusteko tresnak asko dauzkagu eskura. Mashup-a hori da azken batean, sarea nork bere behar-interesera egokitzea eta iragaztea, ezagutza eta informazioa bilatzeko modu pertsonalizatuak, PLEari buruz jardutean halakoak agertzen dira askotan adibidez. Herri baten inguruko informazioa zelan hautatu eta erakuts daitekeen adibide ona jarri zigun. Eta erabili egin dugu: larrabetzu ipintzen duen lekuan euskaltegia jarri eta hara zer daukagun.
  • Bestalde, informazioaren zabalkundean aurkeztutako proiektuek, uste dut euskararen ikaskuntzatik baino ez bada ere, aukera interesgarria zabaltzen digutela: eskura ipintzen dizkigu hainbat "input" (albisteak, kontakizunak, iritziak...) hizkuntza ikasteko orduan interes berezia izan dezaketenak: hurbileko gaiei buruzkoak, eskuragarriak, baliabide grafikoez hornituak. Azken batean, hizkuntza erabiltzeko (eta ikasteko ondorioz) aukera hurbila ematen dio ikasleari (irakurtzea edo bideoak ikustea ere hizkuntza erabiltzea da) alde horretatik erakargarria, eta gainera teknologiak norberaren parte hartzea ere errazten du (iruzkinak egitea adibidez). Kasu apur bat egiteko modukoak dira honako proiektuak.
  • Mapen txanda heldu zen segidan. Gari Araolazak OpenStreetMap-en kolaboratzeko gonbitea egin eta Xabi Erkiziak soinumapa.net-en nondik norakoak kontatu zizkigun, berdin egin zuen Aintzane Agirrebeñak ahotsak.com-ekin. Ideia ibili zitzaidan buruan soinumapa eta ahotsak.com-en artean. Euskara mintzatuaren ahozko laginak edo hobeto esanda, testuak mapeatzeko modurik atondu liteke nolabait? Ez nabil bakarrik, ahotsak.com-ek egiten duen bezala, euskararen testigantzak, jende nagusiarenak batzeaz soilik. Ahozkotasunaz eta hizkera biziaz hainbeste hitz egiten den honetan, berriketak, hizkuntza kolokialaren laginak jasotzeaz baino. Uneko harrikada izan zen, hor dago norbaitek tiratzen jarraitu nahi badu edo.
  • Maitek ikasleen lan-koadernoak wikispaces-en zelan atondu dituen kontatu zigun ondoren, wikia zelan erabili klaseko lanak bideratzeko eta jarraitzeko. Sinplea eta bistan dago. Maiteren esandakoetatik gauza bi apuntatu nituen: Wiki hitza ez du erabili ikasleekin, eta seguruenik horrek hasieratik kendu dio zailtasun bat, eta ikasleak zer eginean gehiago zentratu dira, terminologia berritzailearekin ikaratu barik. Eta bestetik, lehendik ondo ezagutzen dugun Euskaljakintzaren izpiritua laburtu zigun, eginez ikasten dira gauzak, eta bloga ikasleek ikasi behar dituzten gauza horiek egiteko erabili da, egiten dutena publikatzeko. Akaso lekzio bikoitza, irakaskuntzan teknologia berriak hobetoen erabiltzeko modua teknologiari pisua kentzea eta zer eginean zentratzea da, inportanteena azken batean, ezta?

Gauza gehiago egon ziren, esan bezalak Patxik kontatu ditu Sustatun eta dagoeneko badabiltza argazkiak eta bideoak sarean. Ea honelako gehiago egitera animatzen garen, ordenagailu eta proiektore barik bada ere.

mundu erakargarria, urrutiko mundua

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 10 - 23:04-(e)an bidalia.

Eskerrik asko, zure kronika pertsonalagatik, Benito.
Egia esan, mundu hau gero eta erakargarriagoa zait, baina oraindik urruti samar geratzen da niregandik.
Ea apurka-apurka...

Larrabetzukoaz

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 11 - 15:55-(e)an bidalia.

Ni gai batzuetara ez nintzen heltzen, alfabetatze teknologikoan oraindik ez dudalako 1. "perfila" ere lortu ;-))) Bestela, geurera ekarrita, interesgarria egin zitzaidan Maite Goñiren ideia xume bat (*): wikia erabilarazi, baina wiki izena erabili gabe, "lan koaderno" deituta. Ikasleentzat ez ezik, lankide ditugun batzuen teknofobia gainditzeko bidea ere izan liteke. Gaurkoan ere, horretaz dihardute IKTeroak.

Eta, jakina, gaztaia, ardoa eta pernil apur bat eroan bagenu.. hobeto!

 

(*) Tira, Maiteren ideia "bat" jarri dut, baina asko izan ziren ezin interesgarriago...

Mundu urruna

Benito-(e)k 2008, Ekaina 11 - 17:49-(e)an bidalia.

Aitor: ez ezazu pentsatu urruntasunean, inguruan daukazunari erreparatu, eta badakizu hemen gaituzuela besteok arritmatzen laguntzeko.

Josu: Maitek bota duen ideia horri ondo oratu behar zaiola uste dut neuk ere, eta teknologiarekin pilotarien estilora "gozatu" beharrean, gehiago jo behar dugula benetako aplikazio praktiko eta baliagarriak erakusten.

Eta Maitek, egin dituen guztien artean, adibide sinple eta eraginkorra eman zigun: idazlanak zuzentzeko modu garbiagoa eta erosoagoa. Gure munduan hau ez litzateke hainbat irakaslerentzat interesgarria? Beldurra eta urruntasun sentsazioa kenduz gero baiezkoan nago. 

Erabat ados

jolaus (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 12 - 18:57-(e)an bidalia.

Atzo bertan izan genuen IKT dinamizatzaile bileran datorren urterako mintegien planifikazioaren gaia atera zen. Formakuntzaren gaiari heldu genionean Elkartearen proposamena betiko klitxeetan oinarritutakoa izan zen, alegia, openoffice ikastaroa, Google Docs ikastaroa, Wiki eta blogen ikastaroa... Saio mordoa alfabetatze teknologikorako soilik, aplikazio guzti horien aprendizaia Photoshop batenaren modukoa izango balitz bezala.

Nik planteatu nuen gabeziarik handiena ez datorkigula tresna menperatzetik, gabeziarik handiena alfabetatze metodologikoan dugula. Azken urteotako esperientziak zerbait garbi utzi badit horixe da: tresnak erabiltzen ikasten dugu baino gero ez dakigu nola erabili gelan, nola atera zukua. Helburuak zehaztea, hauen lorpenerako metodo egokiena diseinatzea eta egingo dugun ebaluazioa zehaztea da benetan lana eskatzen duena. Eta honetan oraindik oso berde gaude.

Internet berriaren ezaugarrietako bat horixe da hain zuzen ere: sortzen diren tresna tresna gehienak gauza sinpleak egiteko balio dezakete eta, ondorioz, erabilerrazak dira gehienak. Ahaztu gaitezen tresnen izen eta formazioaz eta zentra gaitezen gehiago helburu eta metodoan.

Eskemak apurtu edo eraiki

Benito-(e)k 2008, Ekaina 12 - 19:38-(e)an bidalia.

Ahotan erabitzen dugun konstruktibismoaren printzipioetako bat ikaskuntza dakigunaren gainean eskemak eraiki eta berregituratzea kontsideratzea ei da.

Hain zuzen ere, IKTen asuntoan pentsatzen dut askotan kontrako bidea egiten dugula, urrun-urrun joan eta gero hurbiltzen saiatu. Hasieratik ikaratzen dugu jendea alegia.

Adibidez, Maiterenari tiratuta, gure irakasleen eskemetan ondo errotutako ideia da "idazlanak zuzendu", mundu alienigena batekoa kasik "wiki". Tira, ba "wikiak" egiten ikasiko dugu barik, esan dezagun: "idazlanak zuzentzeko era berri bat ikusiko dugu". Wiki hitza seguruenik berez agertuko da, trauma barik. Eta agertzen ez bada, ez dut uste ezer gertatuko denik.

Eskemak apurtu edo eraiki

Maite (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 13 - 00:10-(e)an bidalia.

Erabat ados zuekin. Asko liatzen gara, gehiegi. Badirudi tresna berri batekin lanean hasterako, goitik behera menperatu behar dugula eta hori ez dauka zergatik horrela izan. Nik, oraindik ere, ez dakizkit erabiltzen ditudan tresna guztien funtzio guztiak. Ezta beharrik ere!

Kasu konkretu honetan -wikia lan-koaderno gisa- ikusi egin behar zenuten ze denbora gutxi pasa nuen ikasturte hasieran azaltzen zer zen: 20 minutu inguru eta listo! Baina, noski, ez nizkien erakutsi zenbat gauza egin daitezkeen wikiarekin. Bakar-bakarrik editatzen eta orriak sortzen erakutsi nien. Ezkerreko zutabean (nabigazioan)ikasturteko atal nagusi bakoitzeko orri bat sortu genuen eta, azkenik, bakoitzak bere firefoxeko barran bere koadernoa estekatu zuen uneoro eskura izateko. Gero, zerbait gehiago behar izan dutenean, beharrak hala eskatuta, beste gauza batzuk azaldu dizkiet. Hasieran, edozein gauza egin behar genuenean, esaten zidaten: "Maite, koadernoan gordeko deu? Orri bat sortuko deu hontako?" Eta nik:"Bai, bai, noski..." Beranduxeago, nik ezer esan gabe, batzuk koadernoa pertsonalizatzen hasi ziren eta beste batzuk nik alta eman nienean idatzitako esaldiarekin utzi dute ikasturte osoan zehar. Bakoitzak nahi izan duena egin du bere koadernoarekin eta hori garrantzitsua da nire ustez. Ohiko koadernoekin gauza bera gertatzen da: batzuek irudiez, argazkiez edo abestien hitzez betetzen dituzte eta beste batzuek, ordea, ez dute ezertxo ere egiten. Ba, hemen berdin-berdin.

Teknologia berriak ez dira helburu bat, guretzat oso lagungarriak izan daitezkeen bitartekoak baizik. Ni bat nator jolausekin, oraintxe bertan ideia berriak, esperientziak, praktika interesgarriak behar ditugu aurrerapauso metodologiko bat eman ahal izateko, irakasleak animatzeko, noraezean ez ibiltzeko, tresna horiek guztiak gure mesederako erabiltzeko eta ez gure etsai bihurtzeko. Nondik etorriko dira hauek? Horixe da nire zalantza... :-(

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia