Ondorioa. Nire PLE hori agregatzailea baino ez da. Ikasteko baliabideen kopurua, kalitatea, irekitasuna eta haien jarioa hobetzen den neurrian ez daukat dudarik halako tresnaren bat baliagarria izan daitekeela ikasle (mota) batentzat. Baina Magic eta Lolarenak irakurrita beste zerbait (asko) falta delakoan geratu naiz.
Eta begitandu zait ikasteko ingurune pertsonalaz baino ikasteko ingurune globalaz hitz egin beharko genukeela. Eta ingurune hori kokagune desberdinetan dugula: sare telematikoan eta ingurune fisikoan, inguru hurbilean eta inguru formalean; ikasgelan, ikas-plataforma telematikoan eta inguratzen gaituen errealitate guztian (fisikoa zein digitala).
Azken batean, Lolak dioen modura:
Para los educadores, supone reconocer un concepto que asume el aprendizaje como algo que ocurre más allá del aula y que la tecnología institucional no puede abarcar todo lo que el aprendiente necesita.
Hau da, ikastea -gure kasuan helduek euskara ikastea- edonon eta edonoiz gerta daiteke, ez soilik leku eta denbora-tarte zehatz batean (ikasgelan eta eskola denboran).
Eta?
Ba, helduen euskalduntzeari sakadatxo bat eman nahi badiogu, bistan da ikaskuntza ingurune gehiagotara zabaltzea ez dela kalterako izango. Enfoke modura eta ez aplikazio-multzo modura ulertzen du Lolak PLEren asuntua. Neuk ere uste dut hori dela enfokea, enfoke irekia eta globala, ikastea leku askotan eta beti gerta daiteke.
Beraz, euskalduntzea planifikatzean komeniko zaigu begirada ikasgelatik eta erakundetik harago ere eramatea (fisikoki zein birtualki): hizkuntz-hausnarketa, elkarreragina, praktika, feedback-a, laginak eta ikas-prozesuaren osagai eta jarduera guztiak hedatzea nonbait, norbanakoaren ikas-prozesuan alde eta puntu desberdinetatik eragin dezaten.
I’ve always maintained that learning is multi-dimensional, and deepened when you approach the subject from different angles. (Nik beti uste izan dut ikastea multidimensionala dela, eta sakonagoa da ikasgaira zenbat eta alde desberdin gehiagotatik hurbildu).
Carroll-ek dioena ez dakit nik diodan ildo beretik doan (itzulpena ere ez da izango oso txukuna), baina esaldia bere horetan hartuta baliagarria zait. Ikasgaia ahalik eta alde, une, egoera eta toki gehienetan aurkeztu, ingurunean integratu azken batean.
PD: sarean nabilela Kanadako esperientzia honen berri izan dut: Learning cities. Hiria ikasgune modura interpretatua, ideiak sortzeko abiapuntu bat izan daiteke.
Ainhoa Ezeizak datorren astean egingo den ekimen honen berri bidali digu. Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak antolatu du eta ez dakit unibertsitateko jendeari mugatuta dagoen ala ez, edozelan ere, interesgarria iritzi diot, gehien bat ostegunean egingo diren tailerrak, eta norberari ere aplikatu beharreko kontu pare bat daude hor. Hona hemen Ainhoaren mezua:
Aurten ere, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak (EIREk) Euskarazko Unibertsitate-Liburuen IV. Erakusketa antolatu du. Datorren astean izango da Gasteizeko EHUko campusean, urriaren 14tik 16ra.
Aurreko urteetan, paperezko liburuak aurkeztu izan dira ia soilik eta hitzaldi batzuk eskaini dira euskarazko argitalpenen inguruan. Aurten, ekitaldia dinamizatu nahi genuke eta unibertsitateko ikas-materialak eta liburuak formatu elektronikoan egitera bultzatu nahi genituzke egileak (irakasle, ikertzaile zein ikasleak).
Horretarako, tailer pare bat antolatu dugu argitalpen elektronikoaren eta horretarako dauden lan-tresnen inguruan, eta ostegunean, 11:00etan, mahai-inguru bat izango dugu web 2.0 eta argitalpen lizentzia libreen inguruan.
Bereziki kezkatuta gaude unibertsitatean euskarazko material asko ekoizten delako baina gehienetan irakasleak soilik erabiltzen du bere ikasleekin. Hori hedatzea lortuko bagenu, nabarmen areagotuko litzateke euskarazko material zientifikoen kopurua, baina horretarako irakasleak kontzientziatu behar ditugu eta formazioa eman pdf eta ppt-z haratagoko bizitza erakusteko.
Ongietorriak izango zarete denak. Programa webgunean duzue: www.eireka.org eta tailerrak ere doan izango dira baina aldez aurretik izena eman behar da (gontzal.garcia[abildua]ehu[puntua]es). Ea unibertsitatean ere eman eta (elektronikoki) zabaltzeko kultura hedatzea lortzen dugun!
Ikasten.net zerbitzua aipatu genuen lehengoan, baita haren aitzakiarekin gogoetan hasi ere. Sustaturen bidez haren aurkezpen ofizialaren berri izan dugu: online dela, Hezkuntza sailaren ekimena dela, doan dela, 60 unitate dituela, ikus-entzunezko materialak eta ariketak dituela... Atariaren informazio orrian ere irakur daiteke gehiago.
Une honetan dauden baliabideen osagarri izan nahi omen du. Aurrekoan esan nuen bezala, aukera interesgarrien esparru bat ireki dezake honek.euskara ikasteko aukerak eta bideak ugaldu eta eskura jarriz. Bide ugariago eta desberdinak zabaltzen hasiko al dira!
Euskara ikasi nahi duen baten kexa irakurri nuen lehengo egunean Euskara21en. Astirik ez euskaltegira joateko eta BOGAren bidez egin nahi lukeela, 1560 euro, Eusko Jaurlaritzaren webgunea sartu berriz, eta han 45 euroren truke egin omen daitekeen bitartean.
45 euroena lehenengo momentuan ez dut jakin zer izan den. Handik gutxira iragarkia ikusi dut ETBn: Ikasten.net hizkuntzan ikasteko plataforma, euskara barne. Hiru.com-en barneko zerbitzua da, bertora joan eta begiratu dut informazioan, 45 euro ez, hau debalde da bata! Egia da
Euskara21koak aipatu duena beste zerbait izango da orduan. Edonola ere, EJren eskutik euskara online ikasteko bi aukera (hirugarrenik ez badago behintzat).
Lehenengo erreakzioa. Baina hauek zer dabiltza? HABEren bidez BOGA kolokatzen digute, eta gero EJak berak debaldeko aukera zabaltzen du beste leku batean (eta beste sail baten esku seguruenik)? Prezioan halako aldea gainera! Lotsagarria, salagarria eta garri guztien parrastada...
Bigarren erreakzioa. Egunotan Hizpideren kontura bota ditugunak gogoan. Kontxo! Orduan euskara ikastea ez dago pentsatzen dugun bezain araututa. Debaldeko aukerak lehendik ere egon dira, baina orain administrazioa bera hasi da sustatzen. Eta aukera horiek debalde, eta libre. Beste zerbaitekin osatzeko modukoak alegia.
Ikaslearen autonomiaz sano jardun da azkenengo Hizpide horretan, teknologia aitzakia gehienetan. Hau da hau autonomia eta ikaskuntza konbinatua! Ikasi nahi duenaren esku aukera desberdinak jartzen hasi dira, berak aukeratu eta nahi duen modura konbinatzeko. Ez asko, egia esanda, baina egon badaude:
Eta gu ultramodernook, PLE, ikaskuntza informala eta halakoak hemendik urte askotarako entelekiak bailiren, pentsatuaz interneteko webgune berri zoragarriren batek ekarriko dituela horiek guztiak (HABEri bonbila pizten zaionean akaso). Eta berton dugu uste dugun baino gehiago.
Ikas-paisaiarena gogoratu dut (ez dut ahaztu hobeto esanda). Eta ez da hori azken batean ikasteko ingurune soziala? Ikasteko aukera ugari, eskuragarri eta norberak antolatzeko modukoak sustatzea eta eskaintzea? Ikaslea, irakaslea eta edukiaren arteko elkarreragina testuinguru, une, gune eta bide desberdinetatik jorratzea.
Eta Plistik dioen modura -erabat ados gure objektua den hizkuntza zein den eta zertarako ari garen jakinda- triangelu horri kubo itxura emanda, hiztunen komunitatearekiko elkarreragina gehitu, hau da, hizkuntza errealitatean erabiltzea ikasteko bidea eta gainera helburua ere badela aintzat hartzea. Ikasteko ingurune soziala emateko ezinbestekoa dela uste dut.
Baina muga batzuetatik harago joan behar da:
Ikastea = ikastaroa = erakunde homologatua ikuspegia.
Ikaslea = matrikula ikuspegia
Hausnarketa hau guztia teknologia kontuetara (teknologia = ordenagailua = internet = autoikaskuntza kateara hobeto esanda) soilik bideratzea.
Eta zer egin daiteke bada? Une honetan badira bideak, lehen aipatu ditugu batzuk. Baina horrez gain, esaterako:
Ikasle eta irakasleen arteko komunikazio bide berriak ireki, ikastaroen mugetatik aparte. Adibidez, eta norberarengandik hastearren, euskara irakasle blogari-interneterook ikasi nahi dutenekiko kanalak jorratu.
Ikasteko baliabideen bankuak hobetu, ugaldu eta ireki.
Kontsultak eta aholkularitza puntualerako kanalak zabaldu.
Aukerak uste dugun baino eskurago daudela begitantzen zait. Downes-ek dio errealitatea dela berrikuntzaren arerio nagusia. Baina orain esango nuke errealitateak berak dakarrela berrikuntza. Kontua da errealitatea ikusteko (edo ez ikusteko) erak daudela.
Ez, ez daukat lehengo estiloko egutegirik bistan, Andu Lertxundiren bidez jakin dut gaurko santua zein den, San Jeronimo Estridonekoa. Santua izateko zer meritu hark? Eliza katolikoaren aitetako bat izatetik aparte, duela gutxira arte Bibliaren itzulpen ofizialaren egilea izan zen Jeronimo, eta ondorioz, itzultzaileek (itzultzaile kristau-katolikoek suposatzen dut) euren patroi izendatu zuten.
Itzultzaileen eguna gaur beraz.Sinestun izan edo ez, bihoaz lehenengo eta behin zorion sentituak eta mereziak itzultzaileen kolektiborarentzat.
Elebidun edo eleaniztun guztiok gara itzultzaile neurri batean edo bestean. Hizkuntza irakasleok ondo dakigu, "Nola esaten da...?" bat entzunda dar-dar hasten garenean gehien bat. Eta ikaslea? Seguruenik hura izaten da itzultzaile ekinena, ezta?
"Baina nola esaten da erdaraz?" edo "orduan erdaraz X da, ezta" entzuten dugu sarri, zerbait euskara ez den beste hizkuntza batera arrimatu ere egin barik azaltzeko estrategien kopuru zabal baina urri horretatik aukera ia guztiak eginda. Eta ordaina? Itzulpena eskatzea. Ez zarete inoiz -zeuen artean baino ez bada ere- haserretu horrelako bat gertatuta?
Eta inoiz ez diozue zeuen buruari galdetu: baina zergatik ez diot itzulpena zuzenean emango ba? Zergatik irakatsi behar dut euskara munduan beste hizkuntzarik ez balego bezala? Erantzuna ez da argia izaten, akaso:
Ikaslea euskaran murgildu behar da, euskaraz bizi behar du
Beste hizkuntzak (ama-hizkuntza gehien bat) erabiltzea kalterako da, horrela ez du inoiz euskara ikasiko.
Euskaraz "pentsatzen" ohitu behar da.
Ikaslea euskarazko hitza ikasi beharrean erdarazkoaren geratzen da.
Edo beste barik...sententzia: "Erdara ezin da erabili" eta kitto! Euskaraz eta kitto, alegia.
Jeronimo santu itzultzailearen aldean, bada gurean itzulpenaren estigmatitazio moduko bat. Baliteke antzinako tekniken estigmatizazioarekin etorri izana, itzulpena hizkuntzak ikasteko baliabide klasikoa da nonbait, eta gu ikonoklastak izanda... Edozelan ere, uste dut gaur egun gehiengo batek onartuko lukeela itzulpena oso baliabide, estrategia edo teknika interesgarria dela hizkuntzaren ikas-prozesuan.
Formación ELE blogean adibidez, "retroversión" izeneko teknika proposatu ziguten lehengo egunean. Eta maila teorikoagoan sarean berton topa daitezke itzulpena erabiltzearen inguruko proposamenak eta gogoetak, hona hemen pare bat:
Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.
Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.
Lehenengo inpresioa:
Moodle.Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.
Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.
Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.
Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:
Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.
Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.
Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.
Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.
Patxi hiztegigintzan egindako lanagatik da ezaguna gehien bat. Adorez hiztegiak eta beste: Sinonimoen hiztegia, 3000 hiztegia.... Gurean ere ezagunak eta erabiliak, beharbada inon baino gehiago. Egingo nuke euskaltegi guztietan ditugula gutxien-gutxienik Patxik parte hartutako lanen sei ale, eta gehiago seguruenik, denak sarri askoren eskuen artean erabiliak.
Arrazoi nahikoa pozteko eta Patxiri zorionak emateko. Baina horrezaz gainera, Santutxu parteko euskaldun eta euskaltzaleok ondo ezagutzen dugu Patxi, "Aita Patxi".
Boteprontoan gogora lehenengo etortzen den irudia Patxi poltsa batekin euskaltegian agertzen den eguna. Hiztegi egin berriez beteta, euskaltegia eta irakasleentzako hiztegi freskoak. Egilea bera banatzaile eta aurkezle. Pribilegioa esan daiteke duda barik.
Izan ere, bizilagun eta auzokide dugu aspaldi, eta ez da izan Karmelo elizan gordeta geratzekoa gure Patxi. Besteak beste, Santutxuko gau-eskolaren hastapenetatik ez dira gutxi izan gurean euskara ikastera hurbildu eta Aramaioko azentua entzun dutenak, klasean, kalean edo ekitaldiren baten ere bai.
Auzoan euskalduntze-alfabetatzeak egin dituen 40 urte luzeotan tartean ibili zaigu urte horietako askoan, eta gaur egun euskaldun, euskaltzale eta euskara irakasle diren askok izan dute Patxi une batean edo besteren bidelagun eta, beste barik, lagun.
Horixe bada, zorionak izendapenagatik, eta, gehien bat, urte hauetan guztietan egindako lanagatik.
PD: Patxi, badakigu ez zarela ospakizun eta zeremonia zalea izaten, baina merezi, ondo merezita dauzkazu.
Hizpide aldizkariaren 67. zenbakia agertu zait gaur mahaiaren gainean. Badugu egun batzuetarako denbora-pasa, euskaltegien webguneen maiseoan ibili beharrean. (Portzierto, galdera lerdoa ohi bezala inork erantzungo ez duena: Hizpideko edukiak inoiz ikusiko ditugu sarean? Laburpentxo bat sikieran? Edo albisteren bat Ikasbilen baino ez bada, edo azalaren iruditxo bat, thumbnail tamainan aunkesean...? Bengaaaa! Jopeeeee!)
Zer dakar? Horrela gain-gainetik ikusita (aurkibidea irakurrita zehazkiago):
Portafolioa beste tresna bat ikasle eta irakasleen esku. Amaia Arauzo, HABEko teknikaria.
Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den. Maria Jose Lasheras, HABEko teknikaria.
Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak. Pello Esnal, HABEko teknikaria.
Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan. Agurne Azpitarte, Natxo Guillén. HABEko teknikariak.
IKTean oinarritutako hezkuntza (eta II). Luis Mari Txabarri, HABEko teknikaria (ez dut kopipastea egin, benetan, zin dagizuet).
Esan bezala, badugu egunotarako zer egina, zer irakurria, zer komentatua eta zer esana.