24
Eka
2009

Udako itsasmira

EHUren udako ikastaroetan murgilduta ikusi dut jendea egunotan. Asko dira eta interesgarriak diruditen gauza asko seguruenik. Egia da era berean San Juan suarekin erre ohi ditugula azkenengo munizioak, honez gero norbera ere erre ez bada, eta uztail eta abuztu osoak ditugu aurretik geratu zaizkigun azken kartutxoen txinpartak ahazteko arsenala irailean berriro bete orduko

Baina tira, gure mundutxo honetan hain aukera gutxi gureaz jarduteko, badakizue didaktika kontu esoteriko horiek, eta datorren astean Miramarreko itsas-ikuspegiari begira jarri eta ikastaro kategoriarekin El profesor de segundas lenguas / II: la formación inicial y el desarrollo de la competencia docente (pdf) izeneko bat dugu.

Egitarauaren pdf-a deskargatu eta kuxkuxeatzeko umorea izan baduzue, ikusiko zenuten nire izena dagoela irakasleen artean. IKAko Xabier Bastida eta biok handik eta hemendik etorritako adituen azalpenen ondoren, gure erakundeetan euskara irakasleak abian jartzeko zer egiten dugun kontatuko dugu. Ez dakit horri "lezioa" kategoria eman dakiokeen, nik neuk behintzat ez dut hartu inori instrukzioak emateko asmorik. bakar-bakarrik helduei euskara irakasleak ziurtatzeko zer egiten dugun, zertzuk arazo aurkitzen ditugun eta nondik nora gabiltzan kontatu.

Irakasleak aurkitzea eta hasierako prestakuntza ziurtatzea izaten da gure sektorean gehien aipatzen diren kezketako bat. Seguruenik IKA edo AEK bezalako erakundeetan handiagoa. Baten batek bota zuen lehengoan euskaltegietan inoiz irakasle ibili den jende kopurua ikargarria dela, joan eta etorri izugarria daukagu gurean azken batean. Eta arazoak gutxi ez, ezta?

Beraz, bolbora apur bat geratzen bazaizue, eta tiroa Donostiaraino ailegatzeko moduan bazaudete, aukera ona daukazue honetaz munduan zer dabilen entzuteko gehien bat, baita gu zertan ari garen ere, eta azken eguneko mahai-inguruan zuen kezkak, galderak eta ekarpenak gurekin batera plazaratzeko.

Berriz, bolbora amaitu bazaizue , eta hala ere irakasle berrien prestakuntzaz zerbait esateko edo komentatzeko baduzue, hemen daukazue aukera plazaratzeko, beti bezala. Eta Miramarren egongo garenok estimatuko dizuegu gainera ikuspegi eta ideien ekarpena.

Datorren astera arte beraz, eta besteoi (gehienoi, ezta?) ondo pasa uda, merezi duzue eta.

PD: saiatuko naiz gure "lezioaren" materialak ekartzen, apur bat txukuntzen ditudanean. Eta Miramarren wifia ondo badabil, erretransmisio modukoren bat egiten.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia