28
Ira
2007

Ordu kontua?

Atzo lanean orain arte inoiz egin ez dudan gogoeta egin nuen lankide batekin. Posiblea da, zerotik edo oso maila baxutik hasita, euskara (edo beste edozein hizkuntza) ondo ikastea sei hilabetean?

Kalkulua egin dut. 6 hilabete, 180 egun inguru, 4.320 ordu. Curriculumetan 1.200-1.500 bitartean eduki ohi dugu jarrita ikas-prozesu osoa burutzeko ordu kopurua. Egunean ikasteari 8 ordu emanez gero 1.440 ordu ditugu. Kasu gehienetan, teorian, ondo ikasteko lain.

Sei hilabeteotan motibazio, dedikazio, laguntza, ingurune eta gaitasun maila egokiarekin (handia kasu guztietan seguruenik), euskaraz "ondo" egingo luke ikasten hasi berriak?

Adi! "Ondo egin" esan dut, hau da 3. mailak eskatzen lukeen moduan. Nahi baduzue -azterketen inguruko zalantza guztiak gorabehera-: EGA eskuratzeko moduan egongo litzateke? Ez dut esan nahi izan "ondo moldatuko litzateke euskaraz?" edo "Asko aurreratuko luke?".

Ez dut honetaz dokumentaziorik edo ikerketarik aurkitu (egongo da zerbait nonbati seguruenik, ezagutzen baduzue, esan mesedez), baina nik neuk esango nuke ezetz.

Hizkuntza "ondo" ikasteak murgiltze edo -beste barik- umotze denboratxoa behar duelakoan nago. Erritmoan gorabehera handiak egoten dira, lantzean behin baretu, burura etorri den guztia beratu eta antolatzeko denbora behar izaten dela begitantzen zait.

Ez dakit, ez nago seguru. Beharbada zuek kontrakoa frogatzen duen kasuren bat ezagutzen duzue, edo ikerketaren baten berri daukazue. Edo bestelako iritzirik.

Edozelan ere, horra galdera. Hizkuntzak ikasteko gutxieneko denbora-tartea behar da? Zenbatekoa izan liteke?

argazkia: dubrax

Ordu txikietan, kontu txikiak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 30 - 10:16-(e)an bidalia.

Orduen kontu honekin, pare bat gauzatxo:

1. Nola jaio ziren urratsak?

Ikas-prozesuak burutzeko behar duen orduen neurketa estatistikoa egin ostean, segmento laburrak eta ebaluagarriak definituz?

ala

Euskaltegiren bateko zuzendariren batek planteatu zituen behar administratiboei (dirulaguntza) erantzuteko?

Nik bigarren bertsioa daukat entzunda (oso oker ibil naiteke). Hau da: behinola, X euskaltegiak ematen zituen 100 ordu inguruko ikastaroak diruz laguntzeko izandako negoziazioaren barruan sortu zirela urratsok.

2. Benetakoak al dira erabiltzen ditugun ordu kopuruak?

HABEk baditu datuak. Erraz asko jakin dezake, ziur eginda dituela kalkuluak, bene-benetan (ez teorian) ikasleek historikoki zenbat ordu behar dituzten bataz beste maila jakin bat lortzeko (estatistika kontu bat da). Egiazkoa al da, adibidez, 3. maila gainditzeko ikasle arrunt batek bataz beste 300 ordu inguru behar dituela?

Bada, hori da bidea. Lehenengo, jakin ikasleek historikoki zenbat ordu behar izan dituzten maila jakin bat gainditzeko; eta gero, egin nahi diren zatiketak eta moldaketak.

Amaitzeko, beste gauzatxo bat. Egia da, Benito, umotze fase bat behar dela (hasierako erabilera/ezagutzatik ezagutza/erabilera kontsolidatura daramana) baina modu berean, egia da, kasu honetan bi gehi bi ez direla lau nire esperientzian. Ordenagailuz lagundutako ikaskuntzan aritu aurretik, bi orduko eta bost orduko ikastaroak ematen ibilia naiz; eta han ikusitakoaren arabera, gehiago ikasten zuten ehun ordutan, murgiltze handiagoa zeukatenek, bost ordutakoek alegia (motibazioa ere gogorragoa izateak izango du bere eragina).

Bestalde, pentsatzen jarrita, esaten duzuna harrigarria da oso: "Ez dut honetaz dokumentaziorik edo ikerketarik aurkitu (egongo da zerbait nonbati seguruenik, ezagutzen baduzue, esan mesedez), baina nik neuk esango nuke ezetz."

Enpiñ, orduekin jira-bueltaka ari garela, amaitzeko ordua ere bada. Ikusten duzunez, galderei erantzuteko makinarik ez dut erosi oraindik, baina galderak egiteko makina beti gainezka darabilt.

 

 

Dokumentazioa

Benito-(e)k 2007, Urria 1 - 00:30-(e)an bidalia.

Tira, puntualizazio txikitxu pare bat, ez dakit dokumentazioaz esan nahi izan dudana ondo ulertu den.

Batetik, ez dakit bota dudan galderari argia emango dion dokumentaziorik badagoen ala ez dagoen. Egia esanda, ez dut arakaketa zehatzik egin (sarean azaleko pasada pare bat besterik ez). Beraz baten batek zerbaiten berri edukiz gero estimatuko nuke esatea.

Bestetik, "Esango nuke ezetz" hori goian bota dudan galderari neure boteprontoko erantzuna da besterik gabe, hau da, bestelakoaren frogarik aurkitu bitartean esango nuke ezin dela sei hilabetean hizkuntza bat "ondo" ikasi.

Blogorreak horrelako nahasteak ekarri ohi ditu ;).

Edozelan ere, neure zalantza ez dira orduak, ezagutu dut jendea 1200 (klase) ordu (eta gutxiago ere bai) erabilita 0tik EGAra heldu dena. Kontua hau da: zer denbora tarte (asteetan, hilabateetan, urteetan) beharko litzateke gutxienez ikas prozesua (ordu horiek guztiak) burutzeko?

Ez dakit zuei pasatu zaizuen, baina matrikulak egiten ibiltzen den jendeari sarri entzun diot komentatzea askok galdetzen dutela euskara ikasteko zenbat denbora behar den. Erantzunak ohiko koletila batekin hasten dira: "segun...".

Zurekin gauza batean konforme-konforme. Asunto honetan 2 gehi 2 ez dira beti lau izaten. ezta 2 bider 2 lau ere, ezta lau zati bi bi.

Izan nuen nik matematika

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 1 - 18:08-(e)an bidalia.

Izan nuen nik matematika irakasle bat urtebeteko barnetegi batean ikasi omen zuena. Astiro egiten zuen eta azentuan eta intonazioan zeukan hutsune handiena baina euskaraz goitik behera bizitzeko eta unibertsitatean klaseak euskaraz emateko gai zen.

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia