26
Mai
2007

Ohiko topikoak hizkuntza ikasteaz eta wikia

FriendsAbroaden ikasteko aholkuen atala daukate. Artikulu bakarra dago, Las concepciones más comunes sobre el aprendizaje de idiomas: ¿Acertadas o equivocadas? Stavroula Varellak sinaten du (artikulua ingelesez agertuko zaizue seguruenik, erregistratuz gero hizkuntza gehiagotan irakurtzeko aukera emango dizue. Kopiatu egingo nuke, baina copyright-a dauka.)

Halako artikulu landu-mamitsua espero baduzue, ez irakurri. Ikasleei hizkuntza ikasteari buruz han eta hemen dabiltzan topiko batzuen inguruko informazioa baino ez da, argi eta erraz azalduta. Ikaslearekin hizkuntza ikasteak ekartzen dituen arazoez hitz egiteko lagungarria izan daiteke. Hauek dira aipatzen dituzten topikoak:

  1. Zenbat eta gazteago hasi, hobeto ikasiko dugu. Ez omen dago zertan, edo behintzat ez dago froga argirik. Honetaz artikulu interesgarria plazaratu zuen Josu Peralesek Hizpide55ean.
  2. Ikaslea zenbat eta adimentsuago, arrakasta gehiago. Adimen klase asko daude, eta test-etan neurtzen dena ez da hizkuntza ikastean erabiltzen den bakarra.
  3. Sekulako motibazioa behar da. Hau egia da, baina ez etsitzeko aitzakia.
  4. Beste ikasle batzuekin gustura praktikatzen dut, baina haien erroreak kopiatzeko beldur naiz. Ikerketa batzuen arabera ikasleak ikaskideekin jardutean irakaslearekin baino errore gutxiago egiten ditu.
  5. Ez daukat klasera joateko astirik, baina zer-noiz ikasi behar dudan jakiteko laguntza behar dut. Dirudienez gauza batzuk beste batzuen aurretik ikasten dira beti, programak dioena dioela, gainera ikaslearekin jardutean hiztun konpetenteak bere hizkera egokitzen du normalean.
  6. Hainbat klasetara joan naiz, baina ematen dit ezin ditudala gauza asko "ikasi". Hori normala da, edozer ikastean. Ez dugu ikasten "irakasten" diguten guztia, eta ikasten dugun guztia ez da "irakatsi" digutena izaten.
  7. Hiztegi berria ikasteko era bakarra irakurtzea da. Topiko hau nik neuk orain arte ez dut hain entzunda eduki, baina honek dioenez, arazo handiena hizkuntz-ikasleak ezin duela testu asko irakurri. Edozelan ere, hizkuntza berriaren ingurunean murgiltzen garen bestelako jardueretan ere ikasten ei da hiztegia.
  8. Hiztegi mugatua daukat, ezin dut inorekin elkarrizketan aritu. Saiatzea da gakoa. 1000 hitzekin nahikoa ei da, eta ez dira hainbeste.
  9. Hizkuntza batzuk oso zailak dira. Edo nire hizkuntzaren antza daukaten hizkuntza errazago eta arinago ikasiko dut. Lehenengo partea ezaguna egiten zaigu, ezta? Hizkuntza zailik edo errazik ez dagoela diote hizkuntzalariek. Norberak daukan pertzepzioa edo ama-hizkuntza eta ikasi nahi den hizkuntzaren arteko aldeek eragina eduki dezakete. Hala ere, urruntasun linguistiko horrek badirudi ez daukala hainbesteko eraginik.
  10. Irakasle onena jatorrizko hiztuna, natiboa. Ez dago hain argi. Jatorrizko hiztuna ez den irakasleak askotan hobeto ulertzen ditu ikaslearen arazoak eta ahalegina.

Ez dakit hauek ote diren azaltzen zaizkigun topiko guztiak, seguruenik ez. Ezta dioten guztiarekin ados zaudeten. Ideia okurritu zait.

Wikia (ikasteko aukera)

Wikiei buruz asko egiten da berba azkenotan. Ez dakit kontzeptua argi daukazuen. Oso sinplea. Web orria ipintzen da sarean eta edonori ematen zaio aukera editatzeko eta osatzeko. Hau da, askoren artean idatzi ahal dugu dokumentua: osatu, zuzendu, aldatu, hobetu.

Erraz-erraza da. Askok probatu nahi izango duzue. Eta hau aukera ona izan daiteke guztion artean zerrenda osatzeko.

Euskara ikasteaz entzuten ditugun topikoak eta okerreko usteak, eta haientzako erantzuna.

Aspaldian daukagu kontua wikiespaces-en erabili barik. Karrajuan ere wiki irekia ipini nahi dut baina oraindino ez naiz jarri (zer uste duzue? ez ginela ausartuko?). http://karrajua.wikispaces.com/Hizkuntza+ikastearen+inguruko+topikoak helbidean Stavroula Varellaren zerrenda hori ipiniko dut eta han, osatzeko edo aldatzeko aukera daukazue. Entzuten dituzuenak, zeuen ekarpenak, ideiak...

Zelan?

  • Idazteko goian eskuman dagoen "edit this page" botoia sakatu baino ez duzu egin behar, eta gordetzeko "save" botoia. Ingelesa horrenbeste jakingo dugu, ezta?
  • Idatzi beldur barik. Aurreko bertsioak gorde egiten dira, ez da ezer galtzen. Eta beti dago zuzentzeko modua.
  • Ez duzu erregistratu behar. Erabiltzaile anonimo modura ere idatzi ahal duzu. Gainera hau proba da, ez duzu inoren lana galduko.
  • Orain arte nork-zer-noiz idatzi duen ikusi nahi baduzu dokumentuaren historiara joan zaitezke eta bilakaera eta bertsio desberdinak ikusi.
  • Dudaren bat badaukazu mezu honen erantzunetan edo wikiaren dokumentu haren komentarioetan ere bota ahal duzu. Erantzuten saiatuko gara, geu edo beste edonor (bai, ezta?).

Animatu, kontu polita irten daiteke eta. Gainera orain formazio saioen sasoian sartzeko gaudela, hemen daukazu wikiaren inguruko "ikastaro" %100 praktikoa, debalde, eta inora joan behar barik. Tongue out

Hemendik jarraitu ahal dituzue wikien aldaketak:

Wikispaces

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia