16
Mai
2007

Norberaren (ama) hizkuntza

Duela hilabete batzuk Ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren berri eman genuen hemen. Handik gutxira ama-hizkuntzarekin lotutako proiektua proposatu ziguten (bi kontuen artean ez dago loturarik, e).

Europar Batasunak norberaren formazio osorako eta gaurko mundura egokitzeko giltzarri diren funtsezko zortzi konpetentzien zerrenda bat egin du. Hemen daukazue dokumentua (.doc formatua) in-formatzen atariaren bidez, edo, nahiago baduzue, Scribd-en ere badago.

Hauek dira zerrendako lehenengo biak:

  1. Ama-hizkuntzaren bidezko komunikazioa
  2. Bigarren hizkuntzen bidezko komunikazioa.

Ama-hizkuntzaren konpetentzia lantzea eskatu ziguten. Beti bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan ibilita lehenengo momentua ohiko ebaluazio irizpideetara zoaz. Hala ere, ama-hizkuntza eta bigarren hizkuntzaren arteko aldeez pentsatzen hasita, berehala konturatzen zara ama-hizkuntzaren konpetentzia funtsean hizkuntza bera erabiltzeko gaitasuna dela. Hizkuntzaren bidez adierazpena eta elkarreragina bideratzeko gaitasuna diote han. Soziolinguistikan zabaldu den "gaitasun erlatiboa" kontzeptuaren kontrakoa: "gaitasun absolutua" edo.

Ama-hizkuntza zer den definitzeko irizpideak argi-argiak ez diren arren, wikipedian edo beste gune honetan azaltzen den bezala, hizkuntzarekin egiteko gauza garena aztertuta, segidan barruntatzen duzu gauza batzuk hobetoen egiten dituzun hizkuntza ez dela beti izaten ikasi zenuen lehenengo hizkuntza.  Horrela bada, Euskal Herrian berton adibide asko dauzkagu: egunkaria erdaraz errazago irakurtzen duen euskaldun "natiboa", edo euskaraz gehiago eta erosoago idazten duen euskaldun "berria".

Gaur, L blogean idazmena dela eta hausnarketa egin du Idoiak. Bigarren hizkuntzan ondo idazten duenik aurkitzea ze zaila den eta. Nabokov eta Conrad aipatu ditu, euren ama-hizkuntza ez zen batean idatzi zutenak. Nago hala ere, historian, eta orainean ere, Nabokov eta Conrad asko daudela (haien maila literariora heldu barik ere, eta idatzi barik ere bai).

Azken batean, zortzi konpetentzien dokumentuak dioenetik tiratuta, uste dut pertsona baten konpetentzien profil linguistikoa ez dela osatzen hizkuntza bakar bat erabilita egiteko gauza denarekin, Europako Portfolioak egiten duen grafika bere osotasunean hartuta eskumatik noraino ailegatzen den ikusita baino. Gero zein hizkuntzatan zer egiteko gauza den beste kontu bat izango da. Eta zein hizkuntzatan zer egitea nahiago den ez da soilik konpetentzia kontua izango.

kaixo berriro

Idoia (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Maiatza 24 - 16:24-(e)an bidalia.

Eh, kaixo berriro, Benito! Beno, lehenik: eskerrik asko zure iruzkinengatik nire blogan! Eta gero: pues, oso gai interesgarria mahaigaineratu duzu! Esan (edo idatzi) nuenean zaila zela beste hizkuntz batean idaztea, atzerriko hizkuntzak ukitzen nituen eta ez hizkuntza minorizatuak euskara bezala... Euskara kasua berezia dela uste dut... Baina pentsatu egin nauzu orain! Beharbada "cuestión de grado" da dena. Beno, pentsatzen jarraituko dut!

(Eta berriro barkatu nire akatsak! lotsa sentitu dut! ez dakit gorritzen den emotikonoa nola idatzi!)

Lasai neska!

Benito-(e)k 2007, Maiatza 24 - 18:24-(e)an bidalia.

WinkEz duzu gorritzeko moduko ezer idatzi, neuk behintzat ez dut ikusi Cool.

Gai interesgarria da plazaratu duzuna -beti bezala-, eta nik handik tiratu baino ez dut egin. Hala ere, ez dut uste euskara eta hizkuntza minorizatuekin soilik pasatzen denik.

Seguruenik bere herritik kanpo asko "proiektatzen" ez diren hizkuntza "ofizial" askorekin antzeko zerbait gerta daiteke. Adibidez, horrelako herrietako jende askok ingelesez testu teknikoak idazteko kapazitate handiagoa eduki dezake bere ama-hizkuntzan baino. Zuk, Europan zehar zabiltzala, beharbada ikusi duzu halako kasuren bat.

Dena dela, pentsatzen jarri bazara, seguru, ohi den bezala, laster batean zure blogean zerbait interesgarria idatziko diguzula. Fijo!

Smile

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia