24
Mai
2006

Hizkuntzen Portfolio Elektronikoa

Hizkuntzen Portfolio Elektronikoa - Hizkuntzen Portfolioa Europako Kontseiluaren ekimena da. Papereko argitalpenaren ondoren bertsio elektronikoa datorkigu orain.. [IKTak.net]

IKTak.net-en irakurri dugu albistea. Europako portfolioa orain bertsio elektronikoan. Ez da on-line portfolioa, ordenagailura jaitsi beharreko aplikazioa baino, hemendik jaitsi daiteke eta jaisteko erregistratzea-edo eskatzen du (nik birritan jaitsi dut eta bietan erregistratu behar izan dut, izen berdinarekin bietan, tira ba!). 20 mbtik gorako artxiboa da (windows bertsioa).

Instalatu eta probaten hasi naiz, interface-a ingelesez eta frantsesez baino ez dago. Programara sartzean berriro erregistratzea eskatzen du, kasu honetan norberaren datu pertsonal batzuk sartzea: izen-abizena eta e-posta helbidea. Ondoren ama-hizkuntza eta interesatuta gauden hizkuntzak aukeratzeko diosku. Nik gaztelania jarri dut ama-hizkuntza eta besteetan gehiago-gutxiago dakizkidanak: euskara (badakit ezta?), ingelesa, galiziera eta italiera. Hizkuntza bakoitzaren pasaportea, dossierra eta biografia egin dezakezu, paperezko bertsioan bezalaxe. Baina hemen polito ipinita eta beste itxura batekin.

Pasaportea betetzen hasi naiz, hizkuntza desberdinetan neure maila zein izan daitekeen zehazteko. Ez dut autoebaluazio galdetegi zehatza egin (neure ingelesak ez du hainbesterako ematen, bistan dago, je, je, je,...), hizkuntz-gaitasunen profila edo mailaketaren koadroa besterik ez, eta spanish & basque C2 "atera" dut (autoebaluazioa>autotitulua diseinatzen nabil), beste hizkuntzetan berriz alde handiak nabaritu ditut: ingelesez A1 (ulermena eta mintzamena) eta B1en (irakurmena) artean nabil, italieraz berdin baina alderantziz: ahozkoetan B1 baina idatzizkoetan A1-A2.

Galizierarena egin zait kuriosoa, gehien bat euskara ikasle askoren egoeran sentitu naizelako. Aita galiziarra daukat eta txikitatik entzun dut inguruan, arazo barik ulertzen dut baina kontaktu gutxi eduki dut galizierazko idatzizko testuekin. C2 (ulermena eta irakurmena) eta A2ren (idazmena) artean nabil neure pertzepzioan. Kuriosoena galdera batzuei zelan erantzun ez naizela seguru egon: Testu teknikoak ulertzen dituzu? Ohiko gaiei buruzko artikuluak irakurri ahal dituzu? Jendearekin ohiko topikoen gainean hitz egin dezakezu? Bai, jakina, galizieraz ez bada gaztelaniaz hitz egin dezaket, galiziar gehienek ulertzen dute gaztelania,... galizieraz egin nezakeen? Baiezkoan nago, baina gaztelaniaz egin ahal denez...

Pentsatzen dut euskara ikasle asko euskararekin halako egoera baten egongo liratekeela. Egin ahal duzu? Baliteke, baina erdaraz egiten denez, edo, Ez dakit, ez dut inoiz probatu behar izan.
Hizkuntza minorizatuek aldagai batzuk sartzen dituzte halako galdetegietan. Jarrera kontuak nahasten dira ezagutza kontuekin, sarritan ahal baino nahi edo behar da klabea. Argi dago "Hizkuntza hori egiten den lurraldera bidaia egiten duzunean hotelei buruzko informazioa eskatu dezakezu" bezalako galderak ez direla esanguratsuak. Hizkuntza minorizatuak sarritan hipotesian bizi izaten gara eta: Uste duzu halako kasu baten jakingo zenukeela....?.

Tira, edozelan ere interesgarria da Europatik datorren hau. Neure ustez behingoagatik hizkuntza erabiltzeko gaitasuna ebaluatzeko ahalegin erreala egiten delako, eta ez hainbeste hizkuntzaren gaineko ezagutza edo hizkuntza horretan gurutzegramak egiteko abilidadea. Hizkuntzaren erabilera sustatu nahi duen inguru honetan bereziki interesgaria. Honek, nire ustez, gure ebaluazio-irizpideak eta ondorioz programak, helburuak, edukiak eta metodologia bera berraztertu eta gaurkotzera eroango gaitu laster baten.

Ebaluazio tresna honen erabilera didaktikoak ere zer esana eman behar luke. Ideiarik?

Ea nork-noiz euskaratzen duen, eta ea web2.0 bertsioa noizko (on-line portfolio konpartitua eta etiketatua).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia