10
Mar
2009

Nola deitu?

Galdera lerdo pare bat gaur geure herritik zabaldu den albiste bat dela eta.

  • Zelan deitu hizkuntzen irakaskuntzan aspaldi, eta euskararen munduan eta Bilbon berton duela 7 urtetik abian dagoen jarduerari "euskararen erabilera sustatzeko ekimen ludiko berritzaile bat" bataiatzeari?
  • Zer esan "...novedosa iniciativa importada de Cataluña" irakurrita hau burura datorrenean?
  • Eta "...bikotekideek eskuragarri izango dituzte blog bat eta foro bat, programa berritzaile honen nondik norakoak beste parte hartzaileekin trukatzeko." azken-azkenengo nobedade modura aurkezten denean?
  • Eta nobedadearen nobedadearen izen nobedosoagoa aspaldiko nobedadeen kaxan aurkitzen duzunean?
  • Eta zer esan amabilitatea eta gizalegea eskatu eta eskatu dabilenak horren amabilitate eta gizalege gutxi erakusten duenean?

Ez pentsatu txarto lagunok, hain maltzurra ez da inor hemen. Informazio falta apur bat, beste barik (bai, ezta?).

2.0 laguntza apur bat emango diegu. Klikatu hemen.

PD: bide batez, baten bat galtzen hasi bada.

Bilbotar hauek!

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 10 - 22:49-(e)an bidalia.

Harrigarria, bai, amorragarria ez esatearren. Orain dena da berritzailea, hori kritikatzen paregabea da Potachov irrakaslea (orain blogporretan antza).

Egun batean, eta honetaz seguru nago, erakunde publiko batek sare bat eskainiko die euskara irakasle guztiei ideiak trukatzeko eta blog bat jarriko du martxan edukiak eta klaserako proposamenak komentatzeko. Orduan, prentsan titular handitan agertuko da: "Eusko Jaurlaritzaren ekimen berritzailea: euskaltegi guztietako irakasleentzako bloga eta sare soziala"

Egun horretan bertan konturatuko naiz sareen moda erabat pasatuta dagoela eta orduan Moldaviara joango naiz artaldeak zaintzetik bizitzera.

Non entzun dut nik izen hori?

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 11 - 10:37-(e)an bidalia.

Bilboko Udala norekin batera esan duzu? Mmmmmmm...

Etxebarriko Udal

joxe (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 11 - 11:55-(e)an bidalia.

Etxebarriko Udal Euskaltegian galdetuko dugu, ea zer dakiten? :P

Informazio zuzena eta kezka bi

Benito-(e)k 2009, Martxoa 11 - 14:21-(e)an bidalia.

Ulibarri euskaltegiaren webgunean jarri dute informazioa eta izena emateko bidea.

Azaltzen dutenagatik, mintzalagun/berbalagun programen eredu bera dugu: euskaldun bolondresa eta ikaslea/mintzakide, astean behin ordubetez. Dirudienez, bikoteak egitera mugatuko dira, eta ez dira talde handiagoak sortuko printzipioz. Bestalde, bikoteen iraupena hamar astera mugatuko da. Kataluniako Voluntariat per la llenguan egiten den antzera. Hau izan daiteke EHko mintzapraktika programa gehienekin dagoen aldea, hemen iraupena ikasturte batekoa izan ohi da. Hala ere, ez dut uste horrek berrikuntza horrela aldarrikatzeko arrazoi nahikoa denik.

Bi gauza kezkagarri nire ustez:

Bistan dago EHn aspaldian ezaguna -eta gero eta zabalduagoa- den jarduera baten bertsioa baino ez dela Mintzakide hau, eta publizitatean hori nahastu edo izkutatu egin nahi izan da.

Inork ez du ideia patentatu, eta edonork ipini dezake martxan halako sistema bat, bai, egin ere, esparru mugatu batzuetan ere erabili da teknika hau adibidez: enpresa eta administrazioko planetan, eskola eta ikastola batzuetako gurasoen artea, autoikaskuntza programa batzuetan... Merkatu librea da hau, bai.

Dena dela, inork jabegorik eduki ez arren, komunikazio kanpaina zabal eta ondo bideratu batean egitasmo berri eta berritzaile gisara aurkeztea eta lehendik abian dauden proiektu guztien aipamenik ere ez egitea, publizitatearen eta marketing-aren litzentzia guztiekin ere, etikan askorentzat onargarri denaren mugatik harago doa, nire uste apalean. Orain modan dauden Creative Commons litzentzietan ere beti dago gutxien-gutxienik batetzeko puntua: aitortzea.

Lehenengo kezka beraz. Merkatu basatiaren lege antzeko batean sartzen ari garela begitantzen zait azkenotan. Ez da hau lehenengo zantzua, ez, baina helduen euskalduntzearen munduan zein euskalgintzan oro har gero eta merkadeo gehiago ikusten dut. Sasoi batean sinergiak, lankidetza eta horrelakoak predikatzen ziren sano, gaur ere bai, baina honelako jokabideek behin eta berriz ezeztatzen dute hura guztia.

Ondorioa: gero eta lehia basatiagoa, "enpresa" askoren emaitza eta xede nagusia fakturazio bolumena eta merkatu kuota kosta ahala kosta eta euskararen normalizazioa iparretik gero eta urrunago. Eta lehenengo biktimak: komunikazioa, lankidetza, giroa eta kalitatea seguruenik.

Eta hortik bigarren kezka, joko honetan arau-ezarle eta kalitatearen eta iparraren zaindari beharko lukeen Administrazioa jokoan endredatuta ikustea. Bilboko Udalaren Euskara Zerbitzua hainbat erakunde eta euskaltzaleren lana desitxuratzen duen mezu nahastosoa hedatzen duen kanpainan partaide (eta sustatzaile?). Horren atzetik zer dagoen ere (euskalgintzaren ezezagutza, utzikeria, irizpide falta, publizitatearen beharra...) euskaltzaleok benetan arduratzekoa.

Bai, merkatu librearen gizartean bizi gara, ezin ukatu, baina zer nahi duzue esatea?

A! Eta Mintzakide horrek eduki dezala ibilbide oparoa, beste egitasmo eta ekimen guztiek bezalaxe.

Gora marijaia!

Marti(n) (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 12 - 01:39-(e)an bidalia.

Guztiz ados, Benito. Denon ajeak agerian gelditzen dira.
Nik beste kontu bat gehituko nuke: gauza batzuk (egia esan, herri oso hau) garrantzitsuegiak dira politikari batzuen eskuetan uzteko. Ezezagutza, utzikeria, irizpide falta eta publizitatearen beharra aipatzen zenituen. Ados, guztiz. Badirudi kotsigna batzuk funtzionatzen dutela gure herri aginte hauetan (saldu, saldu, saldu) eta askoz garrantzia handiago ematen zaiola komunikazio enpresa eraginkor/spammer bat kontratatzeari benetan indartu behar diren politikei baino.
Ez dira enteratzen eta komunikazio enpresak kontratatzen dituzte beraien inkonpetentziari oihartzun zabalagoa emateko!!
Eta gero formazio beharraz hitz egingo digute... eta liluratu beharraz (sic)... eta amableak izateaz... eta boluntarismo gaiztoetaz... eta euskalgintza pribatuaren funtzioez... eta guri horrelako berriak irakurtzen ditugun bakoitzean tonto aurpegia geldituko zaigu, behin eta berriro.

Edonola, kontuari alde positiboa begiratuta, Bilbon beste Berbalagun egitasmo berri bat dago (bai, berbalaguna, gustatu edo ez gustatu, berbalaguna baita) eta beraz, seguruenez harreman sare berriak sortzen jarraitzeko aukera (espero dezagun, beste lekuetan egiten den moduan, eragile ezberdinen parte-hartzeari zabalduta).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia