08
Abe
2006

Landakoko osteratxoa

Osteratxoa egin nuen atzo Durangora, arina, Raid bat esango nuke. Joan, nahi nuen liburua erosi, pabilioiko kale guztiak bizkor patruilatu eta buelta.

Gauza asko daude han, baina gure arlokoetan saiatu naiz arreta jartzen. Euskalduntze-alfabetzearen inguruan zer dago berria? Eta egia esanda, ezer gutxi. Stand-etan fijatu naiz gehien bat. IKArena lehenego, IKAren material ezagunaz gainera arauen gaineko liburu pare bat (lehendik ezagutzen ez nituenak). HABErenean atera dituzten azkenak azpimarragarri: Osatuz eta Dendaketan. AEKrenean gauza handirik ez, Aizu!-ren 25 urteurreneko ale berezia eta Korrikako materiala. Beste stand-etan sakabanatuta gauzatxo bat edo beste ikusi ditut: Mendebalde Elkartearen goi-mailarako materialak, Labayrurenean zerbait, eta beste batzuetan hizkuntzaren inguruko liburuak... Bestelako argitaletxeen stand-etan hizkuntzari buruzko libururen bat.

Ez dut Landako guztia zehatz-zehatz arakatu, bisitaldi arina baino ez, esan bezala. Horrela ikusita, pentsa daiteke euskalduntzearen munduan ez dela gauza askorik argitaratu azkenotan. Argitaratzen ez bada, ez dela ezer egin ere pentsa dezake baten batek gainera. Lehenengoa egia izango da, baina bigarrenaren moduko ondorioak ateratzea oso arriskutsua da. Euskaltegiak, batzuek Landakon stand-a ipini arren, ez baitira argitaletxeak azken baten.

Durangoko azoka honetaz anekdota tontoa, kartela. Ongi etorri=felpudo txiste zaharrarekin akordatu naiz. Ona kartela bestela.

Tira ba, trenera joan naiz erosi dudan liburua irakurtzera.

fotokopiagailua

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Abendua 8 - 22:42-(e)an bidalia.

Ez ote zituen fotokopiagailuak argitaletxeak gugandik apurtxo bat urrundu?
Hezkuntzaren arloan argitaletxeek lan handia egin dute kurrikulum berria zabaltzeko. Gurean, aldiz, ez da horrelakorik gertatu eta ez dugu sare alternatiborik eraiki oraingoz.
Fotokopigailuaren errua ala hemen bakoitzak bereari baino ez diola begiratzen ala biak batera?
Oker nabil, akaso. Kontua da aspaldian ez dela material askotxorik atera eta ni neu behintzat kezkatzen hasia nago.

Atera eta zabaldu

Benito-(e)k 2006, Abendua 9 - 20:05-(e)an bidalia.

Ez dakit fotokopiagailuaren errua izan ote den. Argitaletxeek merkatua nahi dute, eta ez dakit guk norainoko merkatua eskaintzen diegun, eurek etortzen ez badira ez dute aukera handirik ikusiko nonbait. Bestalde, gurean atera gutxi, baina sortu, sortzen dela uste dut. Ikasbil hor dabil, IKAk material gehiago egin ei du, AEKn materialgintza taldea dabil lanean. "Ateratzea" da kontua, baina gaur egun zerbait paperean edo multimedian merkaturatzeak edizio-maketazio-inpresio kosto handiak dakartza, eta horri gaineratzen badizkiogu teknologiak ahalbidetu dituen aukera eta jokaera berriak, ezer era "klasikoan" argitaratzea pentsatzeko kontua da duda barik.
Arazoa, nire ustez, ez da Durangoko apalen urritasuna, baizik eta "ateratzeko" zer daukagun eta zer eduki beharko genukeen ondo zehaztea batetik, eta "atera" nahi den hori zabaltzeko estrategia egokiak eta gaurkotuak aurkitzea bestetik. Eta "atera" nahi izatea bera ere jakina.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia