09
Eka
2007

gau(-)eskola

Berton aldizkarian Uribarriko gau eskola, euskara musutruk irakurri dut erreportaia baten titularrean.

Uribarriko eskoletan lehengo gau eskolak berreskuratu dituzte. Urte eta erdi martxan daroala, aspaldiko euskara eskolen helburu eta filosofia dauka. Astean bi egun biltzen dira ordu eta erdiz. Unai, Igor eta Aitziber iaz hasi ziren proiektu honekin. Hiru gazte hauek berrogeita hamar ikasleri euskara klaseak ematen dizkiete, musutruk.

Ni ez nago gau(-)eskolen aro mitiko hura barrutik ezagututa. Akorduan daukat Francoren azkenengo urteetan eta hura hil osteko hurrengoetan zelan liburudendetako erakusleihoetan hasi nintzen "Alfabetatzen" eta "Euskalduntzen" izeneko liburu batzuk ikusten, baten bat euskara ikasten hasita zegoela entzun eta liburuotako bat besapean ikusi ere, arratsaldez-edo joaten ziren klasera.

Euskaltegia kontzeptua handik urte batzuetara agertu eta hura nagusitu zen gerora. Gau-eskola haien aipuak sarri entzun ditut hala ere: gure auzoan mila lagunetik gora ibili zirela sasoi batean, klase batean ehun ere egoten zirela, lankideren bati han ikasi zuela entzun, kriston giroa zegoela...

Sarean erreferentzia batzuk aurkitu ditut::

Google-en bilaketa arin bateko emaitzak baino ez dira izan. Testu idatzietan gehiago egongo dira segurutik. Sarean aurkitu dudan deskribapen hurbilena HABEren aurkezpen honetan dago.

Helduei euskara ikastaldeetan irakastea 60. hamarkadako kontua da. Hasiera haietan, borondate ona eta hizkuntzaren aldeko militantzia ziren nagusi, bai ikasleetan bai irakasleetan. Ez zegoen ia ikasmaterialik, irakasleen prestakuntza oso eskasa zen eta irakasleak, askotan, karreraren bat ikasten ari ziren gazteak izaten ziren eta gauez irakasten zuten ahal zen lekuetan: sototan, elizaren gelatan, kultur erakundeetan… Hortik dator euskara-ikastegiek gau-eskola izena hartu izana.Hasiera hartan gehiago lantzen zuten alfabetatzea euskalduntzea baino.

Herri-mugimendutik sortuak, doakoak, irakasle bolondresekin antolatuak, ilusioa, gogoa...

Uribarrin orduko izpiritua berreskuratu nahi izan dute nonbait. Bilbon berton San Frantzisko auzunean ere egiten da antzeko zerbait. 50 lagun ikasten, gustura dirudienez.

Zer dago bada berreskurapen honen atzetik? Gauza desberdinak seguruenik, nostalgia puntua egon daiteke akaso, baina euskaltegi profesionalizatuek utzi duten hutsuneren bat ere bai. Modulu estandarren zurruntasunak eta prezioek alde batera uzten dituzten hainbati aukera ematea, edo titulu-agirien presioa barik ikasi nahi izatea, edo hurbiltasuna, auzo-giroa..

Euskara serio ikasteko gogo falta esan dezake erretxinen batek. Gutxi dira eta gainera horrela ezin da ganoraz ikasi, teknikoren batek.

Ez da handia mogimendua, ez, eta seguruenik, bolondresekin soilik funtzionatuta, zaila izango du lehengo zabalkundera heltzea. Baina zerbaiten zantzua da.

Aldizkariaren beste artikulu batean handik hur funtzionatzen duen Mahatserriko Berbalagunaren berri ematen digute. Lehengo egunean Donostian Euskal Herrian 1.500 lagun inguru dabiltzala esan ziguten. Hemen ere doakotasuna, bolondresak, giroa, hurbiltasuna... (interesgarria Txerraren artikulu hau).

Agiriak, lan-mundua, hizkuntz-eskakizunak... Horiezaz gainera bestelako eskaera dabil han eta hemen, beharbada antzinako gau-eskolek abiatu zuten bidearen ildo batetik datorrena, inoiz itxi ez zena. Eta euskaltegietako eta euskalduntzearen profesionalok ere aintzat hartu beharko genuke. Ala ez?

argazkia: Iñigo Azkona, Berton.

Larrabetzun ere

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 13 - 17:20-(e)an bidalia.

Larrabetzun ere hasi dira mota honetako ikastaroekin, modan jartzen ari ote dira? Plugin <em></em> Not Found.

Hala dirudi

Karrajua-(e)k 2007, Ekaina 14 - 01:46-(e)an bidalia.

Eskerrik asko estekagatik, Txerra. Bitxia da zelan aipatu ditugun esperientzia hauetan euskalduntze-alfabetatzeko betiko erakundeak ez diren agertzen. Pentsatzeko kontua duda barik.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia