07
Aza
2008

Euskara irakasleak: 22 egunera

Duela 22 egun bota nuen "Euskara irakasleak" sarea sortzeko proposamena. Ez dira egun asko, baina lehenengo errepasoa egiteko beste izan liteke.

Ez dut analisi zehatzik egingo, lehenengo ideien bilduma besterik gabe.

  • Lehenengo egunetan uste baino zarata gehiago izan zuen blogosferan. Sustatutik hasi, Santurtziko Udal Euskaltegiaren webguneraino. Ideia ona iritzi zitzaion gainera, nik uste baino entusiasmo handiagoa sortu zen hasiera batean egia esanda. Onerako harritu nintzen.
  • Eta orain jendeak emango du izena? Bai, sorpresatxoa berriro. Karrajuaren goardia pretoriano guztia eta inguruko blogosferako lagunak hantxe, segidan. Aurpegi (izenak hobeto esanda) ezagun asko. Jendea horrelako bat deseatzen egon da eta orain arte ez gara kargutu? Lehenago jakinez gero... Dozenatxo bat edo. Poza, poz handia berriro.
  • Jende berria hasi da agertzen derrepentean. Ezagutzen ez dudana. Ezagutzeko moduko izen gutxi, baina zerbaiten beharra sumatzen da hemen. 20ren bat gehiago. Ondo.
  • Jendeari gonbidapena bidali ahal zaio. Probatuko dut. Inguruko batzuei bota, eta segidan erantzun. Hantxe daude lagunen zerrenda osatzen.
  • Tira. Has dadila jokoa! Lehendik probarako eztabaidagai batzuk neuzkan ipinita. Hantxe hasi dira batzuk erantzuten. Animoa dagoela dirudi. Ondo.
  • Animatuko da jendea gaiak eta galderak botatzen? Tatxan! plisti-plastak hortxe atera ditu arsenalean zeukan artileria guztia. Asteotan sarearen animatzaile nagusia egin zaigu. Besteren bat taldea sortzera ere animatu da. Ederto baten!
  • Jarioak aurrera jarraitu du. Gai potoloak plazaratu dira, tartena polemikatxoren bat, baina ez gehiegi. Besteak beste:
  • Elkarrizketa egon da gehien-gehienetan. Gauza gutxi geratu dira erantzun barik. Polito.

Pozik nago. Egia esanda ez nuen hainbeste espero. Ezkortasun prebentiboa izaten da nirea, horrela errazago pozten da bat. Hala ere, badira erronkak.

Lehenengoa eta printzipala. Erronka baino gehiago, kezka. Zer nahi dugu zehazki?

  • Eztabaidagunea? Gero eta gutxiago gustatzen zait eztabaida hitza. Baina tira, ados ez bagaude isilik geratzea ez da erremedio ona izaten.
  • Galde-erantzunen gunea? Ondo egongo litzateke eskaerak bideratzeko gunea izatea, baina orain arte gutxi planteatu dira, eta ez dute ksau guztietan aparteko erantzunik izan neure ustez.
  • Hausnarketarako txokoa? Ez da txarra hori ere, baina askotan psikolastoaren ziklo etengabearen arriskua hor dago. Jende "praktikoa" uxatzekoa ahaztu barik.

Seguruenik hau guztia batera eta gauza gehiago ere nahi genuke izatea. Baina oztopo txiki batzuk gainditu behar direla uste dut:

  • Jarraipena egiteko era. Susmoa dut jende askok gertatu denaren haria galdu duela. Gai berri asko agertu dira, hari berriak, eztabaidak, galderak. Eta galdu egiten da jarraian sartu ezean. Uste dut honelako guneetan gertatzen denari jarraitzeko ezinbestekoa dela RSS jarioa edo e-posta bidezko harpidetza, bestela berriro sartu orduko ez dakitu nondik nora gabiltzan. Ning-ek hari eta talde ezberdinetara epostaz harpidetzeko aukera ematen du bestalde, baina berez aktibatu barik dago, eta uste dut erabiltzaile gehienak ez direla konturatu ere egin.
  • Gauzak publikoan esateko beldurra edo desanimoa. Gai potoloak jorratzen direnean bat baino gehiago ikaratzen da pentsatuta "hemen maila handia dago eta isildu nadin". Edo jendeak zer esango horren errespetua ere hor dabil. Edo "nik zer esango dut ba?", edo "Zertarako esango dut?". Beldurraz hitz egin dezakegu, baina batzuetan gauzak ez esatearena zer esanik ez edukitzean ote dagoen pentsatzen hasten naiz.
  • Erritmoa. Tarte gutxiko lanbidea da gurea. Ordu asko eta burua nekatuta ibiltzen gara gainera lanari buruz gehiago jarduteko. Logikoa da hori gertatzea, gabiltzan modura ibilita. Horrela ibilita, inoiz baino beharrezkoago egiten da gauza baliagarriak eta modu arinean eskaintzea. Ez da erraza izaten, ez, baina inork ezer emango badu, hark ere jaso behar du zerbait.
  • Teknologia. Esan ez esan egon naiz. Gurean internet, teknologia, aparatoak eta bipuntozeroen inguruan oraindik mito eta konplexu handiak dabiltza, klase guztietakoak. Badakigu, ezta?

Partaidetza vs. elkarreragina irakurri dut azkenotan leku pare batean. Ideia desberdinak ei dira. Baina horren aurretik, lehenengo eta behin galdera bat egin beharra dago: Zer nahi dugu?

Bufa! Ederra bota dut. Tira, 42 lagun barruan, baten bat gehiago begira, eta asko hor zehar. Ea ba! 


Euskara irakasleak bisitatu

Testualitateaz

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 8 - 09:03-(e)an bidalia.

Traje txuria atera, setazko painelu koloretsua ipini jakaren bularraldeko poltsikoan, kanotierra jantzi, makila astindu eta ooooooops! Hemen datorkizue, Plisti, animatzaile animatua!!! ;-)

Ni ere pozik nago Euskara Irakasleak sarearen orain arteko ibilbidearekin. Ez da erraza izango jarioa mantentzea baina carpe diem, ze demontre!

Dena den, serio-serio :-( jarrita bada kezkatzen nauen gauzatxo bat: testualitatearena, alegia. Iruditzen zait garrantzizkoa dela oso, ahalegin berezia egitea ahalik eta jende gehiena aritu dadin elkarreraginean eta horretan, besteak beste, testualitateak ere zerikusia duela.

Arin eta azaletik arituko naiz (beti bezala). Niri neuri hasiera batean kostatu egin zitzaidan betiko testualitatetik blogen testualitatera egokitzea: testu laburrak idaztea, zenbait ñabardura baztertu behar izana, elkarreraginari neurria hartzea... Uste dut honelako zerbait gertatzen zaigula orain ere. Blogetako testualitatea eraman dugula elkarrizketa guneetara, alegia. Mezu bakarrean gauza gehiegi esateko joera daukagu, gaia gehiegi ixtekoa eta globalegi jokatzekoa. Elkarrizketaren moldea berreskuratu beharrean gaudela esango nuke:

  • Mezuak gehiago zatikatuz: ez dago den-dena hasieran esan beharrik, izango dugu gero ere nahi duguna esateko aukera.
  • Bizi jokatuz, umoretsu, konplizitatea erabiliz...
  • Mezu-bukaera zabalak planteatuz.
  • Ideia heldugabeei ere leku eginez.
  • Formari hainbesteko jaramonik egin barik. Kolokialago.
  • Politikoki zuzena ez den hizkuntzari ere leku eginez.
  • Azalpenaren eta argudioarekin batera 'ni'tasuna eta narrazioa ere erabiliz.
  • Akats egiteari (kontzeptuetan, hizkuntzarekin...) beldurra galduz.
  • Berezkotasunez, espontaneo, arituz.
  • Esaldi laburrak eta estilo zuzena erabiliz.
  • .../...

Irakasleak gara eta hori ezin ukatu baina iruditzen zait irakasleegiak garela zenbaitetan eta haize fresku apur bat behar dugula gure komunikazio moduetan. Lastopsikotiko hau berau ikusterik baino ez duzue bestela... Sandios!

Nitasuna

Benito-(e)k 2008, Azaroa 9 - 14:17-(e)an bidalia.

Nitasunari egin diozun erreferentzia horrek diskurtsoaren formarekin ez ezik, diskurtsoaren testuinguruarekin ere lotura daukala uste dut. Azalduko dut:

Egunotan helduen euskara irakasleen lanaz, merituaz eta onespenaz egingo da berba (hala espero da behintzat). Onespen sozialaren faltan gaude: "jatorrak baina amateurrak", ikusgaitzak, ezezagunak... Baina gure ahotsa non entzuten da? Ikasguetako karraju insonorizatuetan akaso, irakasle gelako ate itxiaren ostean igoal... Bestela, lantzean behin smoking-a jantziko du baten batek, eta berbaren tenpluren batek utziko digu tartea, etiketaren legea ondo gordeta beti ere.

"Euskara irakasleak"ekin beste kanal bat nahi da berriz, ahozko solasaldi ez konprometitu konfidantzazkoaren eta testu akademiko-publiko formalaren artean dagoena, orain arte gutxitan erabili dena, eta, ondorioz, kode egokia aurkitzea kostako dena. Eta aurkitzea kostako da zelan esanarekin batera: tonua, zer esana, teknika (eta teknologia), solaskidearekiko posizioa (ez konfidantza gehiegi, ez errespetu gehiegi) eta, ondorioz, erregistroa. A! eta denbora eta motibazioa.

Laburtuta. Ez dugu berriketa banal-zuzterbakoa bilatzen, baina ezta prentsa-oharra edo tesi doktorala ere. Ez gara doktore dotoreak, baina ezta ahobero diletanteak ere (nahi behintzat ez). Ez gabiltza pulpitutik predikatzen hain zuzen, baina ez dugu inora ez doan hitz-aspertuan edo hika-mika merkean jarduteko asmorik ere.

Azken batean, pertsonek jardutea nahi da, euren ahotsa (elkarri baino ez bada ere) entzutea beharko luketen irakasleek hain zuzen ere.

Hala da?

Txaperoak

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 11 - 13:31-(e)an bidalia.

Azkar, arin eta zalu idatzi behar dela..., baina txapero hutsak zarete! (kar, kar) A zer nolako erretolika ematen duzuen, bai hemen, bai "han"!
Aurrekoa erdi-seriotan esan dut. Alde batetik benetan eskergarria eta estimatzekoa da "euskara irakasleak" bertan, bai guztiok (baina bereziki zuek biok) egiten ditugun/-zuen ekarpenak eta ematen diozuen bizitasuna. Baina, bestalde, zaila egiten da martxa jarraitzea eta mailari eustea. Niri neuri, behintzat.
Batzuetan inpresio kaotikoa ematen du halako martxak eta abiada biziak. Hori komentatu dugu euskaltegian, behintzat. Hor gorago Benitok aipatu du konponbideren bat (RSS, harpidetza...) Nik neuk Bloglines-en bidez egiten dut jarraipena, baina hala ere... Azken batean kontua norbere buruarekin itun bat egitea izango da: hainbeste denbora daukat, gai guztiak dira interesgarriak dira, baina bereziki hau eta hau dira nire interesekoak... Ze bestela, mistela...
Zer nahi dugun galdetzen duzu Benito. Nik bi esparru nabarmenduko nituzke:
- Gogoeta konpartitua kezkatzen gaituzten edo interesatzen zaizkigun gaien inguruan.
- Laguntza konpartitua, sortzen zaizkigun arazo edo nabaritzen ditugun gabezien inguruan.

Honetaz aparte, nahiz eta oso kritiko azaldu nintzen bere garaian Plistirekin "Eliteak" izeneko iruzkinean azaldu zuen tonuarekin, bat nator edukiaren parte batekin behintzat. Faltan hartzen dut berton ekarpen interesgarriak egingo lituzkeen jendea eta berton ikusi nahi nituzke.

Eta galderatxo estatistiko bat zuretzat, Beni: Oker ez banago, 45 gara sarean biltzen garenak. Horietatik, zenbatek idatzi dugu behin edo noizean behin? Asko dira oraindik hareara jauzi egin ez dutenak?

Estatistikak

Benito-(e)k 2008, Azaroa 11 - 18:24-(e)an bidalia.

Ba, ez da erraza galderari zenbaki zehatzekin erantzutea. Ez dago, edo ez dut aurkitu, nork zenbat idatzi duen zehazki kontatzeko modurik. Gainetikako kalkulu batean esango nuke 46 partaideetatik 15 batek idatzi dutela inoiz zerbait: eztabaidagai berriak eta iruzkinak. Hareara jauzi egin ez dutenak 30en bat beraz. Proportzioan 3tik 1 da aktiboa.

Parte hartzeari dagokionez gauza bat komentatzeko horren harira. Paradoxikoa izan daitekeena. Orain oso jende gutxik parte hartuta zaila bada jarraipena egitea, pentsatu 46 lagunak guztiak hasiko balira ekarpenak egiten. 

Uste dut konponbidea "segmentaziotik" etorri beharko lukeela, zuk esan duzun modura hain zuzen ere. Eztabaidak eta gaiak taldeetan banatzea da horretarako konponbide egokiena, nire ustez. Ez ahaztu edozein erabiltzailek sortu ahal duela talde berria.

Dena dela, berriro diot, parte hartzea zaila da jarraipenik ez badago. 

eman eta zabal zazu

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 13 - 11:59-(e)an bidalia.

Arraro egiten zait euskarairakasleak-en dagoen mugimendua ikusita, mezu honen inguruan honen erantzun gutxi ikustea. Agian bertako kide askok ez dute honen berririk. Ez legoke gaizki loturaren bat eta mezuren bat jartzea kide guztiek izan dezaten iritzi-trukaketa honen berri.

Bota ba!

Benito-(e)k 2008, Azaroa 13 - 12:53-(e)an bidalia.

Aitor, animatuko zara mezua zeuk botatzen?

Bestela begi gabiltza plisti eta biok mezu berriak proposatzen, eta gainera nik neuk ez nuke autoerreferentziak egiten ibili nahi. 

Testualitatea, nitasuna eta txapak

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 21 - 21:53-(e)an bidalia.

Bai, egia... nola egin uko gure etengabeko jarioari, gure gutasuna identifikatzen duen etorri amaigabeari, testualitate egokiaren truk?

Benetan diotsuet twitter idazkuntza-entrenamendu gisa erabiltzen dudala. Nire buruari erronka gisa jarri diot nire nitasun horri uko egin eta txapak murriztea. Espero dut datorren urtean lortzea!

Barka, ostirala da ta!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia