20
Urt
2008

Euskal gramatika eta hiztegia sarean 2014rako

Ostiralean zabaldu zen albistea eta blogosferan oihartzuna eduki du dagoeneko. Euskarazko hiztegia eta gramatika 2014rako osorik Interneten jarriko ditu EHUk (Berria.info).

EHUko Euskara Institutua da proiektuaren arduraduna. Esteka hauetan daukazue informazio (eta esteka) gehiago:

Euskara institutuaren webgunean egin dut osteratxoa bide batez, zer dagoen eta zer dabilen ikusten. Guretzako baliagarria-edo. Oraingoz asko-asko ez.

  • Egungo euskararen hiztegia. Proiektu nagusaren ataletako bat. Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarria hartuta hiztegia egitea da asmoa. Une honetan F, G eta H letrak baino ez daude proba modura.
  • Hiztegi batua euskal prosan. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko sarrerak eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean dauden sarrerak parekatzen ditu. Hemen daukazue azalpena. Bietan agertzen den ala ez, eta EPGn zenbat sarrera dauden. Hau ere ez dago osatuta. F, H, I, J eta K letrak besterik ez. Interesgarria izan daiteke hitz edo erro baten maiztasuna ezagutzeko, "erabiltzen da" edo "ez da erabiltzen" epaia eman orduko adibidez.
  • Lexikoa eta gramatika. Hiru dokumentu daude PDF-n. Asier Larrinagaren EITBren irrati-telebistako glosarioa. Gotzon Aurrekoetxea, Henrike Knörren Euskal Testuetako glosarioa eta Itziar Lakaren A brief grammar of euskara. Lehenengoa interesgarria izan daiteke euskarazko hedabideen inguruan zerbait egin nahi izanez gero, telebistako hiztegia landu, adibidez.
  • Ereduzko prosa gaur. Esan bezala, gaur egungo euskararen Corpus arakatzailea da. Literatura eta prentsako testuetan oinarrituta. Euskararen irakaskuntza arauetan soilik oinarrituko ez badugu, halako tresnak ez datoz batere txarto. Dena dela, corpusean interneteko testuak ere integratzea komeni delakoan nago. Badago eta corpus horretan apenas topatzen den hitzen bat. ;-)

Tira ba, asko ez, baina unibertsitatetik sorpresa atseginak etortzen hasiko direla dirudi.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia