30
Mar
2008

Muxikan ez dau planik

Arkaitz Zarraga | 2008, Martxoa 30 - 21:26


Aurreko batean
idatzi nuen euskalduntze alfabetatzearen ardura neurri handi batean udalen menpe uztea ez zitzaidala egokia iruditzen. Euskaltegien sare publikoa osatzeko zailtasunak ez ezik, herritarren artean sortzen dituen ezberdintasunak ere aipatzen nituen eta, egia esan, gero eta argiago daukat arduragabekeria bat dela Udal Euskaltegiak eta euskalduntzeko dirulaguntzen zati handi bat tokian tokiko korporazioen esku uztea.

Argi utzi nahi dut ez diedala udalei garrantzirik kendu nahi normalizazio lanean. Ezta gutxiagorik ere. Zalantzarik gabe, herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa da, gure aniztasun soziolinguistikoari erantzuteko egokiena eta nahitaezkoa. Baina badira baliabide batzuk instituzio hauen gainetik eskaini beharko liratekeenak. Herritarron eskubide oinarrizkoenak goragoko instantzietatik bermatuta egon behar dira.

Inori ez zaio bururatzen osasun zerbitzuak edo hezkuntza udalen eskumenen artean jartzea. Udalek, noski, osasun-kanpainak sustatu beharko dituzte, euren herritarren etxebizitza arazoei irtenbidea topatzeko bideak bilatu beharko dituzte eta heziketa lagundu eta osatu beharko dute, baina baliabide nagusiak Eusko Jaurlaritzak jarri beharko ditu. Kasu honetan Etxebizitza Saila, Osasun Saila eta Hezkuntza Sailak izango dira. Ez dut ulertzen zergatik euskara ikasteko baliabide eta laguntza publikoak ez diren, modu berean, hortik goitiko sail batetik irteten.

Agian norbaitek defenda dezake zerbitzu horiek ere udalen menpe egotea eta, seguruenik, izango du pisuzko arrazoirik. Baina ez dit ukatuko gaur egungo Euskal Herrian urrun gaudela hori egin ahal izateko beharko litzatekeen demokrazia maila lortzetik. Ez bakarrik sufragio unibertsalari eta botereen banaketari dagokienean, batez ere, parte-hartzearen aldetik esan nahi dut. Heziketatik hasi beharreko eraldaketa litzateke, zalantzarik gabe.

Baina Muxikan gertatutako pasadizo edo suzedido bat jarriko dut, argi gera dadin zergatik jotzen dudan arriskutsutzat hizkuntz politikaren atal batzuk udalen menpe egotea:

Muxika UEMAn dagoen herria da, hau da, bere biztanleen %80tik gora euskaldunak dira; kopuru hori %90etik hurbilago egongo da seguruenik. EBPNren arabera, bereziki zaindu beharreko gune euskaldunenen artean dago, noski, baina, gainera, herriak euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuen beste hainbat herri euskaldunekin UEMAn sartzean. Dena dela, denok dakigu erabakiak plenoan hartzea gauza bat dela, eta oso bestelakoa urratsak suposatzen duen erantzukizunari erantzutea.

Bertako Urretxindorra eskolan, euskara izan da nagusi beti: batzarrak, eskolak, irakasle-guraso harremanak... Izan da euskaraz jakin ez duenik, baina itzulpenen bidez edo aparteko azalpenen bidez, inor ez diskriminatzea bilatu izan da. Ezin da ukatu hala ere, tira-biraren bat edo beste izan dela inoiz, eta horrelakoetan sortzen den egoera inorentzat ere ez da erosoa izaten.

Horrelako pasarte pare baten ostean, guraso elkartekooi euskara klaseak eskaintzeko aukera aztertzea egokia iruditu zitzaigun. Jendea apuntatuko ote zen zalantza genuen, baina ezezkoari aldez aurretiko beldurrik izan ez eta proposamena luzatu egin genuen. Inozo hutsak ere ez garenez, jakin bagenekien HPSren bitartez, horrelako ikastaroak guztiz edo ia-ia guztiz ordaintzen dituztela, normalizazio plana eginda izanez gero. Alboan dugun Gernikan, hain zuzen ere, umeen guraso, aitite-amama, zaintzaile, dendari, komertziante, enpresari, etorkin eta beste hainbat herritarrek debalde daukate (20 euro urtean) euskara ikastea. Ez dezagun ahaztu, ikasleentzat eskubidea ez ezik, besteontzat beharrezkoa ere badela, izan ere euskaraz bizi ahal izateko solaskideek ere jakin beharko dute.

Gure harridurarako 9 gurasok eman zuten izena. Poza eta larritasuna aldi berean, aurrekontuak eskatu gabe baikeneuzkan. Udaletxearekin harremanetan jarri eta aurrekontuekin joateko esan ziguten, seguruenik ez zela arazorik egongo. “Seguruenik” hitzak duen indarraz jabetuta, HPSk ordaintzen zuela eta diruaren zati bat geuk aurreratu behar bagenuen ere, gauzak adostu behar genituela azpimarratu genien.

Aurrekontuak eskatuta, euskararentzako beste inolako gasturik egiten ez zenez, klaseekin hasteko aukera izango genuela pentsatzen hasi ginen. Euskaltegikoei ere prestatzen hasteko abisua eman genien, baina zein izan zen gure sorpresa! Alkatearen idazkariak eman zigun abisua. Hasieran %25 eta beste horrenbeste amaieran.

Erantzunak jota utzi gintuen. Argi genuen gure ikasleei ezin geniela 170 euro eskatu astean 3 orduko klaseak hartzeko. Baina kontua da, Muxikako udalak ez duela Euskara Normalizatzeko Planik!! Eusko Jaurlaritzatik ez du, beraz, eurorik jasotzen. Plana eginda egon beharko luke, baina eginda ez izateak ez dio inolako zigorrik ekartzen udalari. Bai ordea herritarroi. Muxikarrok ez dute beste euskal herritarrek dituzten eskubideak euskaraz ikasi eta modu normalizatutan erabili ahal izateko.

Azkenean, arre edo ixo egin behar genuen. Klaseekin aurrera ez egitea erabaki genuen eta horrela esan genion udaleko idazkariari. Haserre antzean galdetu zigun ea zer espero genuen!, ea klaseak debalde gura genituen!...

Eskolak jaso gura zituzten gurasoak zain-zain genituen. Hasteko irrikaz. Azkenik ez genuen adorerik izan klaseri ez zela egongo esateko eta, erdi-boteprontoan, eskolak gurasook emango genituela erabaki genuen. Gure asmoa ez da AEK-k edo Gernikako Udal Euskaltegiak egin behar zuten lana betetzea, ezta gutxiagorik ere. Gure helburua hazia busti eta datorren ikasturtean behar bezala ernaltzea da. Klaserik eman ezean, aurten animatu direnak frustratuta sentituko ziren eta, agian, une hartan zeukaten gogoa eta indarra ahul zitezkeen.

Gaur egun bi hilabete dira klaseekin hasi ginela. Gure balorazioa oso positiboa da. Asistentzia itzela, ikasteko gogoa haziz doa, jarrerak ikaragarri hobetu dira eta, gehienetan, ingurukoen onarpena eta sostengua ere izan dute.

Euskaldun kopuru handia duten herrietan sarri gertatzen da euskarak bere lekua baduela pentsatu eta ondorioz laguntza beharrik ez duela pentsatzea. Gutxi pentsatzea da hori, ordea. Asebetetze sentsazioa faltsua! Horrelakoetan, askotan kultura-ekintzekin nahasten dira euskararen aldeko politikak. Postal lehiaketak, ipuin kontaketak eta abar egin eta, euskaraz direnez, udalaren “jarrera positiboa” erakusten da. Baina plangintzak egiteko moduak ere araututa daude eta urrats batzuk eman behar dira.

Muxikan, beste herri askotan bezala, etxe berriak egin dira eta jende asko etorri da bertara. Batzuk herrikoak bertakoak dira, beste batzuk inguruko herrietakoak eta beste batzuk urrunagokoak. Baina zalantzarik gabe, saneamendua, ur-hornikuntza, zabor-bilketa, haurtzaindegia handitzeko obrak, eta abarrak aurreikusi behar diren moduan, hizkuntzaren normalizazioa ere kontuan izan behar da: auzokide berriei gure errealitatearen berri eman, bikote gazteak edo gurasoak euren seme-alabekin euskaraz hitz egitera animatu, euskaraz ez dakienari ikasteko dituen aukeren berri eman...

Baina gure herrian normalizazio planik badago, ez da orain dela urte batzuk kaxoitik atera. Inoiz egon bazen, baloraziorik ez da egin eta, ondorioz, plan berririk ere ezin da onartu. Udaletxearen komunikazioek ez dute udalbatzan hartutako hizkuntz irizpiderik errespetatzen, udal lan-poltsek ez dute hizkuntz irizpiderik eta, gaurkoan dagokigun gaiarekin loturik, euskara ikasi nahi dutenentzako laguntzarik ez da inon aurreikusten. Horrexegatik diot ez zaidala batere egokia iruditzen Gernika, Getxo, Santurtzi edo Lanestosako herritarrek eta Muxikakoek eskubide ezberdinak izatea euskara ikasteari dagokionean. Herritar guztiok dugu euskara jakiteko eskubidea; euskaldun guztiok dugu gure auzokoek euskaraz jakin dezaten eskubidea.

Nik bi proposamen ditut nahi duenak eztabaida ditzan: lehenengoa, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea den zezenaren adarrei Eusko Jaurlaritzatik bertatik heltzea. Bigarrena, axolagabekeria agertzen duten udal eta instituzioei isunak ezartzea.

Argazkia: Muxika06. Barrenetxea.

Etiketak: gurasoak | hizkuntz-politika | udalak |
Bidalitako artikuluak

Planik ezpadau, eiñ einbirko da

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Martxoa 31 - 12:50-(e)an bidalia.

Aupa Arkaitz!
Kronika bikainak idazten dituzu, zehaztasun osoarekin. Basauriko Lan Poltsaren ingurukoa irakurrita neuka eta Muxikakoa ez zaio atzean gelditzen.

Mamira joanda, ez dut nik hain argi ikusten zure planteamendu nagusia; hau da, hizkuntzaren normalizazioarena udalen esku ez uztea. Agian zuena bezalako ingurune nagusiki euskaldun batean errazago uler liteke hau. Baina gurean, adibidez (Ezkerraldetik idazten dizut) kontua ez da hain erraza. Hor zeregin nahiko baduzue, imagina ezazu hemen: ia dena dago oraindik egiteko. Egiteko zabal honen barruan, euskalgintzak interlokutore hurbilekoa behar dugu, egunero planteatzen baitzaizkigu egitekoak, ekimenak abar... Benetan normalizazioaren alor hau argi daukan eta ganoraz kudeatu nahi duen Udala (Euskara Zerbitzua) ezinbesteko laguntza da. Honelakorik ez badago, jai daukagu. Baina ez badago edo egin behar duena egiten ez badu, kontua ez da goiko beste instantzia batzuen esku uztea, ohartarazpenak luzatzea eta isunak jartzea baizik, zuk diozun moduan.

Aupa etxepel: Gaizki azaldu

arkaitz zarraga (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Martxoa 31 - 13:02-(e)an bidalia.

Aupa etxepel:

Gaizki azaldu omen dut gauzatxo bat. Nik ez dut esan udalek ez dutenik euskara saila edo euskara batzordea izan behar. Argi dago lan asko dagoela egiteko udaletatik. Gehiago esango nuke: ezin da politika bera erabili Andoainen edo Sestaon eta horretarako udalen lana ezinbestekoa da, baina baliabide batzuk goragotik bermatuta egon behar direla uste dut.

Diru-laguntzak

Benito-(e)k 2008, Martxoa 31 - 16:32-(e)an bidalia.

Han eta hemen entzuten direnak entzunda, boteprontoan aterako nuke ondorioa euskara ikasteko aukerak (prezioak eta diru-laguntzak zehazki) ikaragarri aldatzen direla udalerri batetik bestera. HABEk edo bestek ematen dituzten diru-laguntzez gainera udal-laguntzak kopuru eta neurri ugarikoak dira; non ikasten den edo ikaslea non bizi den. Leku batzuetan euskara ia debalde ikasi ahal den bitartean, beste hainbat lekutan (Bilbon berbarako) ia ez dago aparteko diru-laguntzarik (kolektibo edo inguru zehatz batekoa izan ezik).

Txarrena izaten da gehienetan ez dela desberdintasun horiek azaltzeko irizpide argirik: Udal-batza batean halakoa onartu zela, EBPN bestetzutan, edo beste barik alkate edo zinegotzi baten erabakiren bat, utzikeria kasuak ere badaude. Alkatetzan zein alderdi dagoen ere ez da azaltzeko arrazoia izaten: alderdi berak gauza bat leku batean, beste bat beste batean, beste batzuetan espero ez litekeen alderdiak gehiago ematen du espero litekeenak baino. Hau guztia udal euskaltegiak eta euskaltegi pribatuen artekoetan sartu barik.

Muxikan egin duzuen modura, beste leku batzuetan ere alternatibak landu dituzte (Hau adibidez). Bistan dago une honetan diru-laguntza sistemen sareak (sarea barik mataza igual hobeto) ez dizkiela guzti-guztiei aukera berdin-berdinak (EAEtik irten barik) leku guztietan eskaintzen.

Diferentzia nabarmenak ...

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 1 - 11:25-(e)an bidalia.

Beitu, nik kasu bat azaldu nahi dizuet, desberdintasun horiek islatze aldera. Mungian klaseak eman nituen nik. Klasean eskualdeko jendea zegoen batik bat: Mungia, Fruiz, Gatika, Urduliz, Arrieta, Meñaka, ... Ba, klase berean sarri diferentzia ikaragarriak zeuden batetik bestera (garai hartan ez zegoen oraindik HABEren diru-laguntza sistema). Adierazgarria da herri guztietan (Meñaka eta Gatika izan ezik) alderdi bera zegoelako agintean. Batzuek debalde zuten, beste batzuek %15a, beste batzuek erdia eta beste batzuek dena pagatu behar. Eta dena klase berean. Hori ez bada diskriminazioa.....

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia