13
Mar
2008

Enkarterriko Berbalagunak antolatutako “Euskararen gidabaimena” jokoa sekulako parte hartzearekin abiatu da

Igor Elordui, AEK | 2008, Martxoa 13 - 15:10

Enkarterriko Berbalagun proiektuak antolatu duen “Euskararen gidabaimena” jokoa martxan dago. Martxoaren 3an hasi zen eta ekainaren 6ra arte iraungo du. Arrakasta handiarekin hasi da gainera, 204 lagun ari baitira jokoan parte hartzen hasiera-hasieratik. Zalla, Balmaseda, Gueñes, Artzentales, Karrantza, Sopuerta, Gordexola, eta Alonsotegiko jokalariak dira gehienak, baina Bilboko eta Ezkerraldeko jokalariak ere badaude. Joko honek euskararen erabilera bultzatzea du xede, modu parte hartzaile eta umoretsuan, eta aldi berean euskaldunei elkar ezagutzeko aukera gehiago ematea. Horrekin batera, euskaldunen hizkuntza ohituren aldaketa bultzatu nahi da, Enkarterrin ere euskaraz bizi ahal dela erakutsiz.

Jokoa martxan jartzeko Berbalagun batzordeaz gain (Mankomunitate, Balmaseda, Gordexola, Sopuerta eta Zallako Euskara zerbitzua, Enkarterriko AEK eta Udal euskaltegia), Enkarterriko eragile desberdinekin egin dugu lan, besteak beste, Txotx Euskara Taldea, Ekintza Gazte Taldea, Hodoibaltza Euskara Taldea, eta jakina, Enkarterriko euskaldun eta euskaltzaleekin. Era berean, ezinbestekoa izango da denda eta komertzio txikien laguntza, haiek jokoan parte hartzen duten heinean euskaldunei eguneroko bizitzan euskaraz egiteko aukera gehiago emango baitizkiete.

Euskararen gidabaimena jokoa, oso erraza da. Jokalari bakoitzari, euro baten truke, 12 puntuko gidabaimena eta txapa bat banatuko zaizkio. Puntuak mantentzeko era bakarra jolasten ari diren lagunekin euskaraz mintzatzea da. Jokoak irauten duen bitartean derrigorrezkoa izango da gidabaimena eta txapa aldean eramatea, azken honekin jolaskideak identifikatzea posible izango da.

Jolasten ari den edonork, kendu ahal ditu puntuak, baldin eta txapa eramaten duen. Gidabaimena aldean eramaten ez duenari puntu bat kenduko zaio, beraz jokalari batek euskaraz egiten ez badu eta gainera ez badu gidabaimena aldean eramaten bi puntu galduko lituzke.

Puntuak kentzeko bi modu daude: momentuan, jolaskideari gidabaimena eskatuz, eta puntua kenduz edo “salaketa” jarriz telefonoz (946 670 312) edo e-postaz (enkarterri@aek.org).

Puntuak galdu ahal dira baina baita berreskuratu ere, eskualdean egiten diren euskarazko ekintza gehienetan parte hartuz edo jolaskide berriak aurkituz. Puntu gehien dituzten pertsonek irabaziko dute, berdinketa egonez gero, jolaskideei kendutako puntu kopurua kontuan hartuko da. Zenbat eta puntu gehiago kendu hobeto. Inork ezingo ditu 12 puntu baino gehiago eduki.

Irabazleek sari bikainak eramango dituzte: asteburu pasak, afariak, GPS-ak, eta abar.

Ideia Balmasedan jaio zen, Ekintza gazte taldeak antolatu zuen joko hau lehenengoz, haien artean euskararen presentzia areagotzeko. Jokoak oso harrera ona izan zuen, baina jarraipen eza zela eta bertan behera geratu zen. Orduan pentsatu zen jokoa Enkarterri mailan antolatu ahal zela, jarraipena eta parte hartzea handituz.

Jokoaren hasiera: Martxoaren 3a | Jokoaren bukaera: Ekainaren 6a

Izena emateko epe gehiago:

  • apirilaren 14tik 18ra (jokoa 8 punturekin hasiko da)
  • maiatzaren 5etik 9ra (jokoa 6 punturekin hasiko da)

Onintze Furundarena Mugarra, Miren Sanz Fika.

Enkarterriko Berbalagun: 946 670 312, enkarterri@aek.org

Etiketak: berbalaguna | enkarterri | jolasak | mintzapraktika |
Bidalitako artikuluak

Gida-baimena baino, travel txartela hobe

Marti(n) (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Martxoa 13 - 23:38-(e)an bidalia.

Ekimen berriak sortzea ona izaten da, beti ere lagun gehiago erakarri, komunitatea sortzen lagundu eta euskaldunen arteko ezagutza eta harreman sareak bultzatzen duten neurrian. Euskararen gida-baimenaren berri aurreko batean jaso nuen mintzapraktika.org guneak duen berbalagunen blogen jarioari esker eta zer pentsatua eman zidan behintzat.

Positiboan jartzea ez al da eraginkorragoa izango? Gida-baimena = zigorra etorri zitzaidan gogora niri eta lar ez jatan gustatu, ingurua poliziaz josita imaginatzen nuen eta. Holakorik egitekotan, beharbada travel txartelaren eredua politagoa litzateke, ezta? Puntuak irabazi, galdu beharrean.
Ez dakit, proposamen bat egitearren...

Isunak eta poliziak

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Martxoa 14 - 13:26-(e)an bidalia.

Niri ere Marti(n)i bezala, hasiera batean ez zitzaidan gustatu gida-baimenarena. Izango da nik mundu hori isunekin, poliziekin eta kontrolekin identifikatzen dudala. Idaztekotan izan nintzen, baina ez zitzaidan okurritu alternatibarik eta kritika hutsean ez uztearren, isildu nintzen. Baina Marti(n)ek proposatu duen bidea askoz sinpatikoagoa da, askoz naturalagoa, eta abar. Puxtarri bat travelari. (Bide batez Marti(n) agurtu nahi dut, aspaldi ikusi ez dudalako¡)

Far West

Benito-(e)k 2008, Martxoa 14 - 15:24-(e)an bidalia.

Isunak, legea eta denok sheriff... Horrela derrepentean ideiak hotzikara moduko bat ematen digu. Dena dela, ez ahaztu ekimen hauek jende helduarentzakoak direla, eta -suposatzen da- umorez eta jolas modura hartuko dira horrelako gauzak, ez gabiltza hezi beharreko eskolako ume txikiekin alegia.

Nik hemen aipatu beharreko beste gauza bi ikusten ditut berriz.

Batetik, Marti(n)-ek aipatu digun mintzapraktika.org-eko jarioari erreparatuta, sekulako aktibitatea dabil mintzapraktika egitasmoen inguruan. Aipagarriak bereziki, Euskal Herriko "Far West" horretan ditugunak: Enkarterria, Meatzaldea, Aiara. Ez dakit zenbat jende dabilen halakoetan, ez da gutxi izango, baina Enkarterri bezalako eskualde batean 200 lagunen pisua ez zait baztertzekoa iruditzen boteprontoan. Jendea dabil lanean eta ekimenak eta ideiak etengabe ari dira sortzen eta burutzen azken batean.

Bigarrengoz, aktibitatearen zurrunbilo horrek ekar dezakeen ondorioa dugu, aktibitatea bera bihurtzea ardatz eta ipar. Hasiera batean 200 lagun euskara erabiltzeari begirako jolas batean partaide izatea ez da seinale txarra, ez, baina jolasaren partaide-kopurutik harago begira jarri behar dugu. Zer espero dugu honekin lortzea? Euskararen erabileran, ikaskuntzan eta hizkuntzarekiko irudikapenean (gustatu zait Vilak aurkeztu zigun piramidea, bai) adibidez, zer hobekuntza lortuko ditugu? Zelan neurtuko dugu? Eta, ondorioz, zein izango da hurrengo pausoa?

Imaginatzen dut egitasmo hauetan lanean eta sustapenean dabiltzanek (dinamizatzaileak, teknikariak...) argi dutela hau ere, eta seguraski horren berri izan eta hausnartzeko parada ere izango dugu.

Bitartean, zorionak ematea merezi dutela uste dut, duda barik.

Ados Martinekin

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Martxoa 17 - 09:40-(e)an bidalia.

Konforme zuk esandakoarekin, Benito. Baina, hala ere, Martinek arrazoia duela uste dut. Neuri ere halako zirrara eragin zidan ekimen honen berri izan nuenean, baina ez nuen hitzetara ekartzen jakin. Martinek ondo adierazi duela uste dut.
Ez da orain kontua martxan jarritakoa aldatzea, baina ekimen honen segidan plantea litezkeenei begira, ez da batere ekarpen txarra Martinena.
Egia badiotsuet, asmo txarrez begiratu nahi izango balu norbaitek, izango luke zer kritikatu eta zer "maneiatu".

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia