14
Eka
2009

Layers.com: web orriak osatu eta eraldatu

Egunero sortzen dira hainbat web aplikazio, Interneten mila gauza desberdin egin eta konpartitzeko. Wwwhat's New bloga sarritan aipatu dugu hemen edo Atoan-en, izan ere horrelako aplikazioen berri izateko iturri onenetako bat da, Diego Polo egileak han eta hemen bildu eta ederto komentatuta ekartzen dizkigu egunero.

Gaurko labekadan hain zuzen ere sinplea dirudien aplikazioa erakutsi digu: Layers.com. Sinplea ideia, funtsean webgune batean oharrak, argazkiak eta bideoak erantsi eta web orri horren zeure bertsio osatua egin eta publikatu ahal duzu. Web semantikoaz eta web bertikalaz mintzo dira Layers.com-eko egileak. Hala izango da, baina, lehenengo kolpe batean, aukera sorta handia zabaldu dutela begitandu zait.

Zer egiten da Layer.com horretan bada?

  • Horrelako aplikazioetan ohikoa dena: joan, erregistratu, eta kontu bat zabaldu.
  • Bookmarklet-en bidez funtzionatzen du. Beraz, ematen dizuten esteka zure nabilgatzailearen barran kokatu behar duzu. Badakizue zertaz ari naizen? Galdetu bestela.
  • Nahi duzun orrira nabigatu, behin han zaudela, orri horren gainean layer ("layer" euskaraz "geruza" itzul dezakegu) bat egin nahi baduzu, klikatu nabigatziaileran botoian eta segidan (beno, apur bat itxaron behar da), menu bat zabalduko zaizu.
  • Aukeratu testuaren pasarteak eta gehitu oharrak. Oharretan bideoak eta argazkiak ere txertatu ditzakezu.
  • Kokatu ondo oharrak, gorde zure "geruza" eta publikatu.

Askok nahiago izango duzue ikustea azaltzea baino. Proba bat egin dut Argia.com-en Pello Zubiriak publikatu duen artikulu honekin, Transito Amaguaña indigena ekuatoriarrarren heriotzaren harira idatzia. Saiatu naiz artikulua irakurtzeko laguntza eta gida ematea balizko ikasle bati. Proba baino ez da, beraz ez zaitezte hasi aizkora didaktikoak zorrozten. Hemen daukazue: http://layers.com/bontxi/305.

Hobetzeko batzuk dauzka layer.com horrek duda barik: oharrak bilduta edo zabalik erakusteko aukera, testuaren erreferentzia argiago erakustea, disenua eta kolorea, oharretan iruzkinak gehitzeko aukerak... Baina ez diezaiegun meritua kendu hasi berriei, ez dute merezi eta. Sinpletasunetik imaginatu eta espero ezin daitezkeen ideien esparru ikaragarria zabal dezakeen beste aplikazio bat da eta. Adibidez:

  • Hiztegi lagungarria eskaintzeko erabili (Aizu! edo HABE aldizkariek egiten duten bezala, baina alboan edo azpian jarri beharrean testuaren gainean bertan).
  • Pasarte edo testu zatiei buruzko iruzkinak, galderak edo zer eginak plazaratu
  • Loturak gehitu informazio osagarrira, baliabideetara, ariketetara...
  • Testu idatzien edo weborri osoen zuzenketa edo ebaluazio oharrak txertatu.
  • Itzulpenak, parafrasiak, zer eginak txertatu.
  • Zirriborroak komentatu eta eztabaidatu.
  • Kolaboratiboa da, hau da, askoren artean editatu daiteke layer bat (hala iruditu zait behintzat), beraz, web orri baten gainean zer egin desberdinak banatu daitezke pertsona desberdinen artean.
  • Atazak, zer eginak edo ariketak aurkeztu eta eskatzeko.
  • Webgune batean zer dagoen azaltzeko, tutorial modura edo.
  • ... eta okurritzen zaizuen beste guztia.

Aukera didaktiko-pedagogiko eta sozial handiak zabaltzen dituen beste aplikazio bat beraz, orain kontua, beti bezala, aplikazio horiek aurkitzea eta erabiltzea da. Tresnak berez tresna baino ez baitira azken batean.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia