arauak

16
Eka
2007

Euskaltzaindiaren arauak mapan

Zer: 

Interneteko mapak erabiltzeko ideia bat

esteka: 
http://tinyurl.com/2c3w2v

Ezagunak ditugu honez gero internet-en geolokalizazioa eta mapak eskaintzen dituzten zerbitzuak: Google Maps, Yahoo maps, Live Search eta haien gainean egin diren mashup-ak, Tagzania, Panoramio, Flickr map...

Gaur, aspaldian atondu genuen RSS "piratatik" Euskaltzaindiatik heldu diren azken arauak begiratzen ibili naiz. Hau bereziki: 149 Euskal Herri inguruko exonimoak.

Euskal Herriaren inguruko eskualde batzuetako (Landak, Biarno, Aragoi, Errioxa, Gaztela, Kantabria...) toki-izenak euskaraz nola eman arautu zuten 2006ko irailean. Inoiz entzun ez ditudan herri asko, eta jakinminak jota mapan bilatzen hasi naiz, Google Maps-ekin hain zuzen.

Google-ek beste aukera bat ematen dizu, bilatzen dituzun puntuak gorde eta mapa pertsonalizatua egin dezakezu, My Maps deitzen da inbentoa. Eta tontamentean gordetzen joan eta Euskaltzaindiaren 149. arauaren mapa irten zait. Hona hemen My Maps + zerbitzuak norberaren webgunean edo blogean txertatzeko ematen duen aukerari esker.

Honen ostean, aukera batzuk okurritu zaizkit, inork landu nahi baditu-edo:

  • Toki-izenen euskarazko idazkera eta grafia lantzeko nik egin dudan modura mapa egin.
  • Mapetan lekuak markatu eta haien gaineko informazioa edo iruzkinekin osatu.
  • Ibilbideak, txangoak eta bidaiak (errealak nahiz fiktizioak) prestatzeko erabili.
  • Norberaren edo ikastaldearen blogetan mapak txertatu, hitzorduko lekuak markatzeko, norberaren jaioterria, ikasgelako kideen mapak,...
  • Irakurgaietan edo entzungaietan deskribatzen diren lekuak edo ibilibideak mapetan kokatu, eta haiei buruzko informazioa txertatu.
  • Argazkiak (Flickr-en adibidez) edo bideoak geolokalizatu.
  • Norberaren ikas-biografia geolokalizatu, euskaltegiak eta barnetegiak adibidez.
  • GPSak erabili. Gero eta ugariagoak dira honako gailuak: nabigatzaileak, PDA edo mugikorretan integratuta...

Baliabideak

Ugari dira benetan, norberaren abilidade eta baliabide teknikoen arabera. Ez ditut denak zerrendatuko, pista batzuk eman baino ez:

  • Bilaketa tresnak, lehen aipatu ditugu batzuk: Google Maps, Yahoo maps, Live Search
  • Mashup-ak, hauetako pare bat aipatu ditugu lehen ere: Tagzania, Panoramio, Flickr map...
  • Norberak mashup-ak (aplikazioen konbinazioak) egiteko tresnak: Yahoo Pipes, Macroscopia... Ausartentzat.
  • Aplikazioei buruzko informazio iturriak. Gune bat aipatuko dut Technomaps, aplikazioen eta mashup-en inguruan informazio ugari eta eguneratua. Bestalde, Luistxo Fernandez dugu EHn mapazala amorrtua, eta beraren blogak jarraituta ere kontu eta berri interesgarriak topatzen dira sarritan: Ingelesen hilerria, eta, gehien bat, gaztelaniazko Mapamovil-en.
Sindikatu edukia