31
Urt
2011

Buruarinak

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 31 - 01:26

Ura

Pentsamenduen emaria anabasan suertatzen ei da. Halaxe gertatzen da nire ganbaran, behintzat. Oraintsu, itsu-itsuan, idazmenaren zedarriak eztabaidan jarri ostean, kiloak zenbat pisatzen zuen galdetu nizuen, irakasle-lanaren alderdi ilun bat argitu nahian. Hara, bada, oraingoan kiloa baino astunagoa den gai batekin natorkizue: informazio-fluxuaren dentsitateaz, hain zuzen.

Sinetsita nago ikas-irakaskuntzaren giltzarria interakzioa dela. Edozein ikas-sistemak ondo aztertu behar duela zer-nolako interakzioa sustatzen duen, nortzuk/zeintzuk diren interakzio horren igorle/hartzaileak, interakzio-bideak (tutuak), egoerak, lekuak eta edukiak. Azken hauei buruz, edukiei buruz, arituko natzaizue ahal bezain labur.

Pentsa dezagun, edukiei begiratuta, zein den ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko alderik nabariena: informazio-fluxuaren dentsitatea dela esango nuke. Nire iritzian, burmuinak konpentsazio azkarra bilatzen du, gehienetan; gai da denbora luzean dentsitate arineko informazio-fluxua deskodetzen aritzeko; akuilu du deskodetzeak dakarkion ‘sari’ azkarra (dela emozioa, dela informazioa, dela ekinbidea…). Zail egiten zaio, ostera, dentsitate trinkodun fluxua kudeatzea (paragrafo honen irakurketa, kasu). Nekea sortzen du. Burua berotu egin zaigula esan ohi dugu.

Kontzeptualki, itxuraz ongi egituratutako programazioak, materialak… sarritan ‘astun’ bilakatzen dira fluxuaren dentsitatea kontuan ez izateagatik. Gainera, baliteke arazoa areagotzea Gutenberg galaxiatik Google galaxiarainoko bidaia garaikide honetan. Interakzio-bideek , tutuek, ere zerikusia dute horretan zalantzarik gabe. Nabarmena da, informazio bera modu batean edo bestean jasotzeak (paperean/audioan/bideoan/aurrez aurre…) deskodetze karga desberdina duela.

Orain arte esandakotik ondorioren bat ateratzekotan, esan genezake burmuinak eskertu egiten duela informazio-fluxu arina. Honek esplikatuko luke zenbait sare-sozialen edo telebista-saioren edo musika-talderen arrakasta, adibidez. Beraz, ikas-irakaskuntza arrakastatsua sustatu nahi badugu, garrantzia eta ‘prestigioa’ eman behar diogu fluxu arin honi eta fluxu trinkoarekin egoki nahastu. Buruak eskertuko digu eta azkarrago ikasiko du, ziurrenera.

Etiketak: dentsitate | eduki | fluxu | interakzio |
Bidalitako artikuluak

Zailtasun kognitiboa

Benito-(e)k 2011, Urtarrila 31 - 03:16-(e)an bidalia.

Zure gogoetan irakurtzen nagoela, akordura etorri zait inoiz didaktika kontuetan entzundako kontzeptu bat: "zailtasun kognitiboa". Ikasten denarentzako zer eginak, atazak, aktibitateak edo ariketak planteatzean aintzat hartzeko faktorea da hori, burua noraino "berotuko" duen edo.

Informazio fluxu handia ez da horretan lagungarri printzipioz, baina informazio hori desestrukturatua, emozionalki hutsala, interes gabea, urruna eta hizkera eta formatu konplexuan paratua bada buruaren tenperatura marra gorritik hurbil jarriko da laster.

Beste ideia bat ikusi dut zure hitzetan bestalde, sentsazioa hobeto esanda. testu "arinak" baztertzeko joera dabil nonbait. Aurreko mezu batean esan zenuen gure klaseetan egunkarietan baino iritzi-artikulu gehiago idazten direla, eta nago kostatzen zaigula identifikatzea adibidez iritzia eman eta trukatzeko zenbat modu desberdin darabiltzagun bizitzan: ahozko jardun kolokilean edo fluxu "arin" horietan zenbat bider dabilen iritzia tarteko. Fluxu potoloko ezer planteatu ezean serio ibiliko ez bagina bezala. Edo aspaldian irakasle batek esan zidan bezala: horiek txorradak dira.

Fluxuaren dentsitatea

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 31 - 19:31-(e)an bidalia.

Oso antzekoak dira, bai, zailtasun kognitiboaren eta fluxuaren dentsitatearen inguruko kontzeptuak, baina badago aldetxoren bat. Fluxuaren dentsitatearen kontzeptuak zailtasun kognitiboaren kontzeptua bere baitan hartzen du eta, nire ustetan, zabaldu egiten du; fluxuaren kalitatea, kantitatea eta interakzioa bere osotasunean hartuz.

Zailtasun kognitiboak, berez, deskodetze korapilatsuko testuari egiten dio erreferentzia. Honela zailtasun kognitibo handiagokoa izango da, gehienetan, filosofía liburu bat ‘best seller’ bat baino; zailtasun honi nolabait esatearren ‘semantikoa’ esango diogu. Halaber, zailtasun kognitiboan hizkuntzaren beraren adierazte eta eratze moduak ere eragina izango du, batez ere bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan; honegatik sailkatzen ditugu testuak zenbaitetan, eta esaten dugu honako hau bigarren mailakoa dela eta beste hori laugarrenekoa (hurrengo erantzunean hitz egingo dizuet honi buruz). Zailtasun ‘morfosintaktikoa’ dei geniezaioke honi, oso modu erredukzionistan. Nabaria da, halaber, interakzio elementuen hurbiltasunak edo urruntasunak ere eragiten duela honetan, hurbiltasuna edo urruntasuna partekatzen den mundu ezagutzak definitzen duelarik, batik bat.

Baina interakzio elementuak buruan ditugula, berauen kalitate emozional edota enpatikoa ere kontuan izan beharko genuke (bestearen buruan/egoeran jartzea, konektatzea…). Eta baita fluxuaren kantitatea eta estrukturazioa ere. Kantitatearenak esplikaziorik behar ez badu ere, agian merezi du estrukturazioaz hitz egitea. Testua ondo egituratuta eta formulatuta dagoenean, hartzaileak egoki deskodekatuko du igorlearen mezua eta intentzio komunikatiboa, baina ez naiz honetaz bakarrik ari. Testuaren egituraketaz gain, garrantzia dauka gure lanean unitate didaktikoaren (dela ataza, dela proiektua…) egituraketak; iruditzen zait, sarritan, konturatu gabe gehiegi ardazten dugula informazio fluxua gai bakarraren inguruan. Trinkotu egiten du honek fluxua eta, nolabait, komunikazioaren joera kaotikoa hautsi.

Beno, nahikoa berotu dugu gaurkoz burua… beheko tabernara joango naiz garagardotxo bat hartu eta asteleheneko futbol-partida ikustera. Baina, aldez aurretik, hemen esandakoak zabaltze aldera beste erantzuntxo bat idatziko dut (ez dut erremediorik, ezta salbaziorik ere!).

Jon eta Maria

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 31 - 20:03-(e)an bidalia.

Demagun, Jon, bigarren mailako ikaslea, irakasleak gomendatuko ‘bigarren mailako’ testua irakurtzen ari dela. Ziur aski, Vigotsky ezagutu edo ez, irakasleak garapen hurbileko gunearen printzipioari jarraitu dio. Testua Jonek deskodetzeko modukoa izango da baina ahalegina eskatuko dio, testutik zerbait ikasiko du; eta, ziur aski, ikasketa horren objektua hizkuntza bera izango da. Informazio fluxuak trinkotasunerako joera izango du, sinple-sinple esanda.

Demagun, Maria, hirugarren mailako ikaslea, irakasleak gomendatu dion ‘bigarren mailako’ testua irakurtzen ari dela. Dibertigarria iruditzen zaio; denbora-pasa atsegina. Fluxu arineko informazioa. Ez al da ikasten ari? Ez al du honek lekurik ikas-irakaskuntza formalean? Metodo komunikatiboan?

Proportzioan egongo da sekretua.

Testuen mailak

Benito-(e)k 2011, Otsaila 2 - 09:45-(e)an bidalia.

Aspaldian entzun nion baten bati testuek ez daukatela mailarik, testuarekin egiten denak duela maila, edo bestela esanda, pertsonaren gaitasuna (hizkuntza erabiltzekoa kasu honetan) zer egin (edo ataza?) batean agertzen dela, ez testu soil batean. Eta testuek, hizkuntzak berak bezalaxe, ez daukate zentzurik eurekin ezer egiten ez den bitartean.

Eta bai, akaso garapen hurbileko eremurako txangotxoa sarri bidaia luzea egiten dugu: abiadura motelean, maleta handiarekin, konpainia gutxirekin, gauez paisaia  ikusteko beta barik eta begiak bidetik kendu barik.

 

Fluxua ez da bakarra

bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Otsaila 6 - 22:26-(e)an bidalia.

Hemengoa irakurtzen, bost moztura termiko jasan ondoan, zer pentsa eman dit piska bat eta hiru revival izan ditut:

Lehena, nire lagun batek, pertsona berezi bezain maitagarriak, zuen teoria bitxia: « Bea, hamabostaldiko ikasleak behar dituzu hartu diren bezala eta zure helburutik ez desbideratu; lehen egunetik azkenera, saiatuko dira erritmoa jautsarazten, ez etsitu, burua makur eta lepoa sartu, leher eginarazi behar dituzu, bonbardatu, nun diren eta zertarako ahantzi dezaten arte. Hirugarren edo laugarren egunetik hara, hain nekatuak izanen dira, edozein gauza ikasteko moldean izanen direla. ». Ez genion Barrabas deitzen, gutxi eskas. Zioen, ikasleek erresistentzia egiteko joera zutela, gehiegi analisatzeko, eta aski nekatu eta, buruak ez ziela emanen gehiegi pentsatzekoa, azkenean fluxuaz ez zirela gehiago ohartuko eta subkontzienteetan barna txertatzen ahalko zuela nahi bezainbat gauza. Bere taldeetan sekulako emaitzak zituen.
Inposatzen zuen fluxua nolakoa zen, nolako sekuentziak egituratzen zituen? Jarraikia azkarra bezain? Ala neurtua, errepikakorra eta ikasleengan oinarritua? Zer gertatzen zen laugarren egunetik hara? Fluxu bat aski azkar mantentzen bada, mekanismo batzuk azeleratzen dira? Filtro batzuk salto egiten dute? Emaitzak berehalakoak ziren ala berantago barneratzen ziren, distilazio fase baten ondotik? Fidagarria da? Ez dugu sekulan jakinen.

Bigarrena, nire esperientzia bat ikasle gisa, zeinetan preseski fluxua dentsitate haundiegikoa izan baitzen(haundia, e, ctrl+alt+suppr behin baino gehiagotan sakatzeko modukoa), alta biziki egituratua zen, argia eta interrakzioa bilatzen zuen, iduritzen zait. Gogoan dut hortik nola atera nintzen, deus ikasi ez nuelako sentsazioarekin. Alta, zenbait denbora pasatu eta, gaiari beste itzuli pare bat emanik, noizbait, argitu zen ikastaroan erakatsi nahi izan zidatena, hots distilazio fase luze baten ondotik (eta agian nihaurk eman nion errepikapenarengatik?). Baina ere, sustut, horren « beharra » izan nuelako, konkretuki. Hots ikaskuntza-irakaskuntza kuadrotik kanpo, orduan aipatuak esperientzia bihurtzeko beharra izan nuelako.
Zer gertatu da? Ez zen nik ulertzeko mailakoa, zergatik? Fluxuak denbora bat behar duela integratua izateko? Integrazioa diferitua dela? Errepikapena edo berrikusketak zerrikusi haundia izanen du, baina sustut, ez da artefaktoa eta esperientziak, erabilerak, interrakzioak, deitu nahi bezala, klase kontestutik kanpo, azaletik ulertuaren sakonago ulertzera lagundu nau.

Hirugarrena, unibertsitateko modulu batena, zeini probetxu gutxi atera bainion, doi-doia gorputzeko zein atalez ari ginen ulertzekoa, berriki arte arrunt ahantzia nuena. Batek erraten zuen: « Tout donner, ne peut suffire en soi » (Dena ematea, ez da berez nahikoa). Zioten, zabaltzaile/jasotzailea binomioa beti kondutan hartu behar zela eta hortik jasotzen duenaren aldetik gertatzen den prozesua ere. Eta nik behintzat, ez diot behar bezainbat inportantzia ematen.
Ongi oroitzen banaiz eta sintetikoki (zutabea hertsia baita), ikaskuntzak mota anitzekoak izan badaitezke, kontzienteak, inkontzienteak, informalak, … gehienen prozesuek, hiru pundu nagusi lotzen dituzte: atentzioa, memoria, esperientzia. Hiruek elkar elikatzen dute etengabe eta ondorioz jasotako fluxuari gehitzen zaizkio, zirkuito batean. Atentzioa delarik, modulatzailea/analisatzailea eta errepresentatzailea/ integratzailea eta memoria, jakintza eta bizipenen erregistroa. Esperientzia, jakintza horretaz egiten den erabilera delarik.

Hortik, egituratuko ditugun sekuentzien arintasuna erlatiboa da, fluxua ez baita bakarrik zabaltzen duguna, baizik eta eragiten duguna ere bai. Jasotzen duenak horrekin eginen duenaren ber, auto elikatuz joanen litzateke.
Jasotzaileak eskertuko du fluxu arina, mobilisatzen dituen gaitasunak ez direlako hain anitzak izanen, edo behintzat ez denak bapatekoak, ez du analisian gainkargarik eraginen, errepresentazio eta integrazioa errestuko ditu.
Hortaz aparte, denboraren eragina ere kondutan hartuko nuke: gaur argi ez dena, agian distilatze fase baten ondorioz argiagoa, errepikapena eskertzen baita. Oroz gainetik, esperientziak ekarriko dituen onurak: bakoitzak jaso duena probatuz, baloratuz, zuzenduz... eta honetan bigarren pausu batean, guk bideratu fluxua hortan oinarritu beharko genuke. jasotzailea iturri eta aktore bihurtuz.

Beraz, idealean, planifikatu fluxuak, dentsitate neurtu batean eta continuum batean egon behar luke, eta horretan, elementu batzuk errepikatu, elementu berriak txertatu, dagoeneko barneratuak direnak suprimituz eta kondutan hartu beharko lituzke jasotzen dituenaren esperientzia eta bizipenak, sustatu ere.

Sinplea iduritzen ahal du. Halere, iduritzen zait segitzen dudala, lehen aipatu lagun hori bezala lan egiten, alta nekez sinesten dut Vigotsky ez ezaguturik baizik ez dela izanen.

Bon, ale, banoa, buruarinkerietako ordua dut.

Arinkeriatan

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Otsaila 8 - 12:14-(e)an bidalia.

Zailak eta luze garatzekoak dira zure hiru bizipen horiek sustatzen dituzten gaiak. Zertzeladaka emandako apuntetxo batzuk baino ez ditut utziko, beraz:

  • Fluxua (jarioa deitu beharko genioke, akaso) input kontzeptua baino osoagoa da, bere baitan inputa bera (inplizitoa eta esplizitoa) ez ezik, outputa ere hartzen baitu. Horrez gain, barne eta kanpo ezagutza eta transmisio-tutuak ere ditu kontuan. Input-outputa multidirekzional bihurtzen du. Ezagutzaren transmisioari baino gehiago dagokio interakzio bidezko ezagutza eraikiketari. 
  • Ikaskuntza kontziente baten ondoan, bada, zalantzarik gabe, ikaskuntza inkontzientea (kurrikulum isila). Garrantzi handikoa izanagatik, nire ustetan hizkuntza bat ikasteko orduan bi eskuratze moduei erreparatu behar zaie, horietako bat bera ere kamustu gabe.
  • Ikastaro baten ostean, 'deus ikasi ez den sentsazioa izan' eta, ondoren, ‘orduan aipatutakoak esperientzia bihurtzeko beharra’ dagoenean, ‘destilazioa’ deitzen duzun hori, bi ikaskuntza faseri dagokio: transmisioan oinarritutakoa lehenengoa eta eraikuntzan ondorengoa. Nire ustetan, bigarren fase hori gertatu ez balitz, ziurrenera, ikastaro hartan ikasitakoak ez zukeen deus balioko. Dena den, iruditzen zait ikaskuntzarako interakzio gune egokiak egonez gero, ez dagoela fase horiek hainbeste bereiztu beharrik.
  • Gorputza, eta burmuina zer esanik ez, makina perfektua dela pentsatzeko joera dugu. Hala ere, zenbait zientzialariren ustetan ez da honela, beraien ustez gorputzak eta burmuinak zenbait diseinu akats larri dituzte. Besteak beste, memoriari dagokionean. Egia da errepikapena behar duela automatizazioa lortzeko eta horrela lankarga jaisteko. Baina atentzioa/memoria/esperientzia hirukoteaz gain, beste zenbait osagai ere behar dituelakoan nago; besteak beste: gaitasuna, emozioa eta saria.
  • Fluxuak iturriak eta hodiak behar ditu. Informazio objektuz baino gehiago dago interakzio isuriz osatua.

Hementxe utziko dugu gaurkoz kontua, orain arte ere nahiko arinkeria esana izango naiz eta.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia