eduki

31
Urt
2011

Buruarinak

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 31 - 01:26

Ura

Pentsamenduen emaria anabasan suertatzen ei da. Halaxe gertatzen da nire ganbaran, behintzat. Oraintsu, itsu-itsuan, idazmenaren zedarriak eztabaidan jarri ostean, kiloak zenbat pisatzen zuen galdetu nizuen, irakasle-lanaren alderdi ilun bat argitu nahian. Hara, bada, oraingoan kiloa baino astunagoa den gai batekin natorkizue: informazio-fluxuaren dentsitateaz, hain zuzen.

Sinetsita nago ikas-irakaskuntzaren giltzarria interakzioa dela. Edozein ikas-sistemak ondo aztertu behar duela zer-nolako interakzioa sustatzen duen, nortzuk/zeintzuk diren interakzio horren igorle/hartzaileak, interakzio-bideak (tutuak), egoerak, lekuak eta edukiak. Azken hauei buruz, edukiei buruz, arituko natzaizue ahal bezain labur.

Pentsa dezagun, edukiei begiratuta, zein den ikaskuntza formalaren eta informalaren arteko alderik nabariena: informazio-fluxuaren dentsitatea dela esango nuke. Nire iritzian, burmuinak konpentsazio azkarra bilatzen du, gehienetan; gai da denbora luzean dentsitate arineko informazio-fluxua deskodetzen aritzeko; akuilu du deskodetzeak dakarkion ‘sari’ azkarra (dela emozioa, dela informazioa, dela ekinbidea…). Zail egiten zaio, ostera, dentsitate trinkodun fluxua kudeatzea (paragrafo honen irakurketa, kasu). Nekea sortzen du. Burua berotu egin zaigula esan ohi dugu.

Kontzeptualki, itxuraz ongi egituratutako programazioak, materialak… sarritan ‘astun’ bilakatzen dira fluxuaren dentsitatea kontuan ez izateagatik. Gainera, baliteke arazoa areagotzea Gutenberg galaxiatik Google galaxiarainoko bidaia garaikide honetan. Interakzio-bideek , tutuek, ere zerikusia dute horretan zalantzarik gabe. Nabarmena da, informazio bera modu batean edo bestean jasotzeak (paperean/audioan/bideoan/aurrez aurre…) deskodetze karga desberdina duela.

Orain arte esandakotik ondorioren bat ateratzekotan, esan genezake burmuinak eskertu egiten duela informazio-fluxu arina. Honek esplikatuko luke zenbait sare-sozialen edo telebista-saioren edo musika-talderen arrakasta, adibidez. Beraz, ikas-irakaskuntza arrakastatsua sustatu nahi badugu, garrantzia eta ‘prestigioa’ eman behar diogu fluxu arin honi eta fluxu trinkoarekin egoki nahastu. Buruak eskertuko digu eta azkarrago ikasiko du, ziurrenera.

Sindikatu edukia