konbinatua

14
Abe
2008

Ziborgak, hibridoak eta Robinsonen uhartetxoa

Plisti-plasta | 2008, Abendua 14 - 13:29

Badakizu zer den ziborga. Erdi mekanikoa erdi organikoa den izakia, alegia. Erdi eta erdi ez, baina zu eta biok ere apur bat ziborgak gara. Gure arteko komunikazioa makina batek ahalbideratzen du une honetan. Argi dago, dena den,  gero eta integrazio maila altuagoa lortu eta lortuko dugula makinak eta gizakiok, teknologia gero eta nonahikoagoa da eta. Nonahikoa? Ez, pentsa! Bada gure gizartean lekutxo bat, Robinsonen uhartetxo bat, oraindik konkistatu gabea, ikasgelaz ari naiz, jakina.

Badakizu zer den hibridoa. Izaera desberdineko elementuen konbinazioa. Gurera etorrita dimentsio fisikoa eta birtuala nahasten dituena. Gero eta  irakasle eta ikasle gehiagok duguna eta euskaltegietan autoikaskuntza geletan hesituta eta koarentenan bizi arren, guztia kutsatzen hasi dena, Robinsonen uhartetxoa bera arriskuan jartzen duena.

Baina galde egiozu zeure buruari  teknologia eta birtualitatea arriskua ala aukera diren. Gaixotasun ala sendabide. Oztopo ala baliabide. Erantzuna ziur asko ezin da borobil-borobila izan. Halere, arriskuak arrisku (eta horrelakoak ere badira), ziur naiz, zuk eta biok, nire lagun ziborga, baliabidetzat dauzkagula. Gauzak honela, egin degiogun begiratutxoa Robinsonen uhartetxoan gertatzen ari denari.

Irudia: Lost in Space. Egilea: Runran. Flickr-en bidez.  AtribuciónCompartir bajo la misma licenciaLizentzia

Robinson eta Ostiral ditugu eztabaidan.

Robinsonek beldur apur bat die ziborgei. Irla hiru zatitan banatu nahi du: irlaren zatirik handienean izakiak biziko dira eta euren arteko harremana presentziala izango da; bigarren eremu batean izakiek makinekin harreman mugatuak izango dituzte eta taldekakoak betiere; hirugarren lur-zatikoek banakako harreman libreagoak izango dituzte makinekin.

Ostiralek, ostera, ez du irla zatitu nahi, ez da mugazalea, makinak eta izakiak uhartean libre bizitzearen aldekoa da, eta izaki bakoitzaren esku utzi nahi du harreman moduari buruzko erabakimena, ez die inolako beldurrik ziborgei.

Muturreko teknologiaz baliatuta entzun dezagun beraien arteko elkarrizketa zatitxo bat:

R:  Ikas-irakaskuntza presentzialak , ausentzialaren aldean, komunikazio sinkronikoa eta kalitatezkoa bermatzen du eta horrek jarraitu behar du izaten gure apustu nagusia.

O: Epe laburrera ez dut uste presentziala / ausentziala  izango denik eztabaida. Makinek, zentzurik zabalenean ulertu hitz hau, gero eta kalitate handiagoko komunikazio sinkronoa ahalbideratuko dute eta. Nire ustez ere garrantzitsuena gizakion arteko komunikazioa da baina komunikazio horrek kanal ugari izan ditzake. Ezin ditugu ikasleak elbarritu, ezin dugu historia atzera bota, ezin dugu sarea bazterrean utzi.

R: Ez diot nik sarea alde batean utzi behar denik esaten. Dena ez da sarea, ordea. Ikasleak elbarritu nahi ditudala diozu baina nik ez dut ukatzen dimentsio birtuala onuragarria izan daitekeenik, horregatik uste dut jarraitu behar duela ohiko ikaskuntzak eta horren ondoan autoikaskuntzak eta ikaskuntza konbinatuko taldeak sortu.

O: Nik beste ikuspegi bat daukat baina. Nire ustetan euskaltegiak zerbitzu gune balioanizduna izan behar du. Pentsatzen hasi behar dugu ohiko estandarraren egokitzapenean eta beharrezkoa da horretarako euskaltegi osoari, eta ez gela jakin batzuei, dimentsio birtuala ematea.

R: Begira, Ostiral, nahi duzuna esan, baina nonbait irakurria dut makina batek ordezkatzen duen irakasleak ordezkatua izatea merezi duela.

O: Arrazoi duzu horretan. Baina paradoxa bada ere, laster edo gero teknologia ukatzen duen irakaslea ordezkatuko du makinak eta horrek ere merezia izango du, ba.

Hau da hau, lagun! Zer hizkuntza ote darabilte hauek? Alde egin beharko dugu Karrajua honetatik lehenbailehen, ea nonbait ziborga ez den  jende normala aurkitzen dugun eta komunikazio naturalari ekiten diogun!

Sindikatu edukia