erroreak

09
Ira
2008

Ikasten duen herria... erroreetatik

Ohikoak egin zaizkigu euskaldunoi geure herrian erroreez jositako kartelak, oharrak, idazkiak eta abarrak. Gaur berton erabili.com-en Lander Landa blogariak  erakutsi dizkigu Osakidetzan soilik batutakoak: Osakidetzako euskara hamar bat argazkitan.

Euzkal Erriaz Euzkaras Flickr-eko taldea aspaldi dugu ezaguna era berean. Han ere pieza ederrak batzen dituzte partaideek etengabe.

Horrelakoak ikusita barre garratza eta haserre graziosoaren artean geratzen gara euskaldun alfabetatu-letratu eta euskara zuzen-egoki-jatorraren jabeok (hori guztia akreditatzen duen tituluaren jabe eskuarki, ofiziala zein ofiziosoa). Eta Zelan bada halakoak? geure artean galdetuz amaitu ohi dugu.

Utzikeria (argi dago),euskaldunokiko errespetu falta (dudarik ez), seriotasun gutxi (ez nuke kontrakorik esango), eta geure sumina, samina eta min guztiak elikatu ahal dituzten keria eta gabezia guztiak ditugu hor jokoan. Beinke! (miopia, despistea eta halako bekatu arinak barkatuta, noski).

Baina apur bat estututa, galdera tonto batzuk datoz. Euskaldunon artean zenbatek jakingo lukete seguru-seguru atoan korridoretan eta korridoreetan bereizten duda izpi txikiena izan barik? Eta azkena edo askena aukeratzen? Zenbat konturatzen gara horrelakoetan akatsa dagoela?

Aurreko batean ibili nintzen psikolastoetan. Euskararen egoera une honetan ez da ikasten ari den herri batena? Hainbat eta hainbatek ez diote erreparatu ere egiten erroreari, erdaraz erreparatuko lioketen modura behintzat. Guk barre zergatik egiten dugu azaltzea kostatu ere egiten da, "txistea" ez dute harrapatzen askotan.

Euskara irakaslea bazara erraz konturatuko zara erroreaz, baina, aldi berean, errorera nondik ailegatzen den ere jakiten duzu sarri. Eta erroreetatik ikasten omen dela, eta errorea ahaleginaren emaitza omen dela, beharbada euskaldun letratuok, irakasleak bezala, errore horri zelako feedback-a eman behar diogun pentsatu beharko genuke. Erreieta da feedback-ik onena?

Ikaslea euskaldun gehienak badira ez da kontu makala.

Argazkia: Gari Euzkal Errian Euzkaras taldean (Flickr)

Sindikatu edukia