elkarlana
‘Elkar’ egitura esplikatzen
Plisti-plasta | 2012, Otsaila 3 - 02:18- Jope, zein zaila den ‘elkar’ egitura. Ez dakit erabiltzen!
+ Zaude lasai, ‘elkar’ egitura ondo erabiltzeko urrats batzuk eman behar dira eta. Apurka-apurka adieraziko dizkizut:
1. urratsa. ‘elkar’ egitura erabiltzeko bitariko harremana egon behar da. Honelakoa: A<-->B. Adibidez:
Nik zurekin lan egingo dut <--> Zuk nirekin lan egingo duzu.
Haiek zuri lagunduko dizute <--> Zuk haiei lagunduko diezu.
2. urratsa. Kontuan izan ‘elkar’ deklinatu egiten dela: elkar, elkarri, elkarrekin, elkarrentzat… Adibidez: Nik zurekin / Zuk nirekin = elkarrekin; Haiek zuri / Zuk haiei = elkarri.
3. urratsa. Subjektuak gehitu egin behar dituzu. Adibidez, Nik + zuk = Guk (edo zuk eta biok); Haiek + Zuk = Zuek.
- Konforme. Orduan: Nik zurekin lan egingo dut / Zuk nirekin lan egingo duzu → Guk elkarrekin lan egingo… eta Haiek zuri lagunduko dizute / Zuk haiei lagunduko diezu → Zuek elkarri lagunduko… Aizu, barkatu baina ez dakit zein aditz ipini.
+ Izan ere, aditzarena da 4. urratsa. Begira, aditza ipintzeko ‘elkar’ egiturari beste izen bat jar zeniezaioke: Gabriel edo Aitzol, adibidez. Honela: Guk elkarrekin (Gabrielekin) lan egingo… Zuek elkarri (Aitzoli) lagunduko…
- Orduan, bai. Guk elkarrekin (Gabrielekin) lan egingo dugu. Zuek elkarri (Aitzoli) lagunduko diozue. Mila esker, orain ulertu dut. Egoki esplikatzen duzu gramatika.
+ Gramatika? Zer gramatika? Ez dizut gramatikari buruz hitz egin, barren!
- ??????!!!!!!. Beno, beno. Hurrengorako utziko dut hemen daukadan beste galdera bat.
+ Zein da galdera?
- Dena, guztia, guztiak, guztiok, denok… Nahaste galanta!
+ Ok. Hurrengorako.
Irudia: Curiosity..... what are they reading?. Egilea: Tommy Wong. Lizentzia.
Azken iruzkinak