elkar

03
Ots
2012

‘Elkar’ egitura esplikatzen

Plisti-plasta | 2012, Otsaila 3 - 02:18

- Jope, zein zaila den ‘elkar’ egitura. Ez dakit erabiltzen!

+ Zaude lasai,  ‘elkar’ egitura ondo erabiltzeko urrats batzuk eman behar dira eta. Apurka-apurka adieraziko dizkizut:

1. urratsa. ‘elkar’ egitura erabiltzeko bitariko harremana egon behar da. Honelakoa: A<-->B. Adibidez:

Nik zurekin lan egingo dut <--> Zuk nirekin lan egingo duzu.

Haiek zuri lagunduko dizute <--> Zuk haiei lagunduko diezu.

2. urratsa. Kontuan izan ‘elkar’ deklinatu egiten dela: elkar, elkarri, elkarrekin, elkarrentzat… Adibidez: Nik zurekin / Zuk nirekin = elkarrekin; Haiek zuri / Zuk haiei = elkarri.

3. urratsa. Subjektuak gehitu egin behar dituzu. Adibidez,  Nik + zuk = Guk (edo zuk eta biok); Haiek + Zuk = Zuek.

- Konforme. Orduan: Nik zurekin lan egingo dut / Zuk nirekin lan egingo duzu → Guk elkarrekin lan egingo… eta Haiek zuri lagunduko dizute / Zuk haiei lagunduko diezu → Zuek elkarri lagunduko… Aizu, barkatu baina ez dakit zein aditz ipini.

+ Izan ere, aditzarena da 4. urratsa. Begira, aditza ipintzeko ‘elkar’ egiturari beste izen bat jar zeniezaioke: Gabriel edo Aitzol, adibidez.  Honela: Guk  elkarrekin (Gabrielekin) lan egingo… Zuek elkarri (Aitzoli) lagunduko…

- Orduan, bai. Guk elkarrekin (Gabrielekin) lan egingo dugu. Zuek elkarri (Aitzoli) lagunduko diozue. Mila esker, orain ulertu dut. Egoki esplikatzen duzu gramatika.

+ Gramatika? Zer gramatika? Ez dizut gramatikari buruz hitz egin, barren!

- ??????!!!!!!. Beno, beno. Hurrengorako utziko dut hemen daukadan beste galdera bat.

+ Zein da galdera?

- Dena, guztia, guztiak, guztiok, denok… Nahaste galanta!

+ Ok. Hurrengorako.

Irudia: Curiosity..... what are they reading?. Egilea: Tommy Wong. Lizentzia.

Sindikatu edukia