balibabideak

15
Urr
2008

Proposamena: irakasleen sarea

Egun luzea eta riki-rakaz betea izan dut gaur irakasleen prestakuntza, irakasle berriak, irakasleentzako laguntza eta irakasleen jarduera dela eta ez dela. Internet eta katxarroen artean hainbeste ibilita badakizue, ultramoderno bihurtzen gara eta okurrentzia xelebreak egosten hasten gara, eta badakizue, behin hasita ez dago hainbeste konplikaziorik ez zegoeneko Arkadia hartara bueltatzeko modurik. Ai! Txanka, zaldia eta erregebastoaren erresuma gogoangarri hura!

Natorren harira ba! Honez gero, titulua eta aurrekoa irakurrita baten bat pentsatzen hasi da: "Hemen zer konspirazio klase darabilte hauek?" Trankil, ez gabiltza joko handian, txikira akaso.

Azkenotan ideia zaharberritu asko dabiltza zabaltzen ezagutza, komunikazioa eta abarren gainean:

Ondo. Beraz euskara irakasleek ikasi egin nahi dugu, gure lana hobetu nahi dugu, eta horretarako bide ona izan daiteke egiten dugunaren gainean norekin jardun topatu, eta jarduteko kantxa izan.

Sare sozialak dira interneten dabilen bost hogerlekoko azken berbetako bat. Berba berriak sortzeko mania gero! Horiek ez dira interneteko betiko foroak ba? Baliteke, baina orain bakoitzak berea bota eta besteak erantzun ez ezik, argazkiak, bideoak eta halakoak ere bota ahal dira, eta gainera bakoitzaren "fitxa" ere egiten da. Badakizu, nor zaren, nongoa, zer gustatzen zaizu, harrikadaren bat... Internet ligatzeko asmatu zela eta bizioak geratzen dira.

Duela hilabete batzuek ikastoletan dabiltzan irakasle batzuek (gure IKTeroak tartean, esan egin behar da, mila mersi ideia, itzulpena eta guztiagatik) ZirIKTeroak izeneko txiringoarekin eman ziguten sorpresa. Halako txoko bat non teknologia, konpetentziak, katxarroak, internet eta hezkuntzaren gainean diharduten gustura eta alai. Interneten endredatzen ausartuko ote da jendea? Pentsatu nuen neure artean. Beinke! Koadrila elegantea dabil gaur hor ba! Gainera debalde eta asko zoratu barik. A ze inbidia!

Eta zelan montatzen da horrelako bat? Ea ba. "Sortu zeure sarea" klikatu eta txiringoa daukazu momentuan. Ene! Euskara irakasleentzako sare soziala egin dut ia-ia nahi barik bata!

Bai, baina gurean horrelako bat... Ez dakit ba. Baten batek zalantza daukala eta igual beste batek badakiela, edo beste batek klasean egin duela marabila bat eta kontatzeko deseatzen dagoela, edo urliak euskaltegiaren inguruan dauden salatu beharreko guztiak salatu behar dituela, edo berendiak demandarako gogoa daukala eta mezu dinamitero batekin eztabaitaeztabaida probokatuko duela, edo "nire ikasleek konpletibari mania diote" eta kontsolamendu soziala behar duen hura.... Egin, egin daitezke horrelakoak eta gehiago, teknikoki ez dago arazorik. Baina egingo genituzke benetan?

Probatzea debalde da, Ning-ek ipintzen digu txosna eta eszenatokia. Orain publikoa behar da. Inor animatzen da asuntu honi buelta pare bat ematen?

PD. A! Kontua da Ning-en sortu dudala sare bat, Euskara irakasleak deitzen dena, eta sare sozial indibiduala kontzeptua apur bat oximoronikoa da, eta baten bati ideia gustatu eta saltsa ipintzen animatzen bada, erromeria polita egin dezakegu agian.

Zer dago han?

Zer egin behar da?

Ikusteko ezer ere ez, joan, ibili eta ikusi. Parte hartzeko (idazteko, gauzak bidaltzeko eta abar)  Partaide egin ipintzen duen lekuan sakatu, eposta helbidea sartu, pasahitza aukeratu, jaiotze-data ipintzen duen lekua gezurra sartu, beheko kodea tekleatu eta partaide egin botoian sakatu. Listo!

Proposamentxoa da, gehiago barik. Bestela kartak eskatzen jarraituko dut txanka-zaldia-erregea etorri arte.

Sindikatu edukia