03
Urt
2007

Jaurlaritzaren diru-laguntzak

Prentsaurrekoa egin du gaur HPSak aurtengo aurrekontuak, diru-laguntzak eta ildo orokorrak azaltzeko.

Gure sektoreari dagokionez aipu hauek jaso ditugu:

Helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, euskaltegien sektorea normalizatzeko berealdiko saltoa eman dugu 2006 urtean, besteak beste hiru ikasturtetarako finantzaketa adostu baitugu. Finantzaketa horren konpromisoa beteko dugu, baina badira bi arlo berri aurrerapauso sendoak emango ditugunak: alde batetik, ikasleentzako diru-laguntza indibidualak %100 gehitu ditugu 2007rako (2006ko 625.000 euroetatik 2007ko 1.250.000 euroetara pasatu gara), eta bestetik, 2006a euskaltegi pribatuen sektorea normalizatzeko urratsa eman den urtea izan den bezala, 2007an euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dira, EUDELek eta Kultura Sailak osaturiko batzordeak lortzen dituen akordioen arabera. Gainera, HABEk formazio modulu espezifikoak lantzen jarraituko du, besteak beste osasun-arloan, etorkinentzako, merkatarientzako, etabar.

Igartzen denagatik, ikasleentzat diru gehiago (ez bada beste nonbaitetik kentzen), udal euskaltegien egokitzapena-edo, eta kolektibo espezifikoetarako ikasmaterialak eta moduluak.

Informazio gehiago:

Iritzirik?

erabilera bultzatzeko aurrekontuak?

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 5 - 12:16-(e)an bidalia.

Aupa Benito:

lehen mezua bidali dut, baina antza internet-en espazioan galdu ei da. Bigarrenez botako dut beraz.

Nik ez ditut euskalduntzearen inguruko aurrekontuak komentatu nahi, orokorrak baizik. Aurrekontu hauek erabilera bultzatzeko omen. Erabilera bai jarri dute diskurtsoaren erdigunean, baina erabilera bultzatzeko aurrekontuak diren zalantzan nago. Ikusi sustatun sortu den eztabaida (http://www.sustatu.com/1167894928), administrazio planak, enpresetakoak, ... Ez dakit nik, ez dakit nik, ... Ikusi beharko.

Salbazio-armada

Benito-(e)k 2007, Urtarrila 5 - 20:34-(e)an bidalia.

Erabilera zentzu zabalenean hartuta, administrazioa eta lan-munduan ere erabilera sustatu behar da, sektore bi horiek estrategikoak direla esango nuke gainera. Beharbada esan gura duzu bestelako ingurune sozialen aipamena falta dela, horrela da?

Edozelan ere, Tirakan esan duten bezala, nire ustez ere euskararen salbatzaileei buruzko komentario hori ez da egokia, beharbada jarrera mesianikoren bat topatzen da lantzean behin, baina hizkuntzarekin ardura daukagunok eta hartara jarri izan garenokin gaizkiulertuak eta alferrikako tentsioak sor ditzakete halako baieztapenek. Euskarak une honetan, beharbada beste berbaren bat egokiagoa izan liteke baina "salbatzaileak" ere behar ditu. Hori bai, ondo koordinatuta eta nork gehiago "salbatu" ibili barik.

Beste gauza bat zalantza ekarri didana "...herritar bakoitzak daukala euskararen etorkizunaren «giltza»" hori izan da. Ez daukat dudarik, eurek dioten bezala, jendearen atxekimendua eta jarrera positibo-aktiboak bultzatzea garrantzitsua da, baina arriskutsua izan daiteke norberaren esku geratzen dela ulertzea. Bateko jendeari ez bazaio erabiltzeko aukera eta erraztasunik ematen, eta besteko, euskararen inguruko mogimendu soziala sustatzen ez bada. Euskara ikasleen kasuan adibidez, ikas-prozesuaren amaieran askotan zabaldu da erabiltzea norberaren ardura dela, eta ez dut uste hain sinplea denik, zuek Derion edo guk Santutxun erraz asko konprobatu ahal dugu hori berbalagunekin.

salbatu, zer salbatu behar da?

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urtarrila 6 - 15:11-(e)an bidalia.

Hiru gauza. Lehenik eta behin, gauza bat argitu. Administrazioa eta enpresak estrategikoak dira, argi eta garbi. Baina erabilera bultzatzeko estrategikoenak? Eta aisialdia (ume, gazte eta helduena), familia transmisioa, komunikabideak, herri eta auzoetako elkarteak eta dendak, literatura, kultura, ...

Bigarrena. Ados nago Patxi Baztarrikarekin. Nik ere ez dut nahi euskararen salbatzailerik. Baina iruditzen zait bera dela lehen salbatzailea. Gure bidea da onena, hemendik jarraitu beharra dago, ... Horiek guztiak dira bere hitzak eta ekintzak.

Hirugarrena. Erabilera ezaren zama hiztunei egoztea kaltegarria da. Erabileran hainbat eta hainbat faktorek eragiten dute: jendarte mailakoak, harreman sare mailakoak eta norberarenak. Zama hiztunei egoztea sinplifikatzea da, gezurretan aritzea azken batean. Hiztunek eragina dute, baina sarritan euskara erabiltzea edo ez erabiltzea ez dago norberaren esku, inondik inora.

hiru kontuak

Benito-(e)k 2007, Urtarrila 6 - 18:53-(e)an bidalia.

Ea ba, hirurak banan-banan

Erabilera sustatzeaz hitz egiten den honetan uste dut kontzeptua arlo guztietan aplikatu behar dela. Lan mundua oro har (administrazioa, enpresak eta enparauak) erabilera gune garrantzitsua da, eta estrategikoa bada, egitura sozialaren motorra delako da neurri handi baten. Konforme nago zurekin, arlo horrekin batera harreman sozial basiko eta hurrekoetan ere ahalegina egin behar da. Bakar-bakarrik ohartarazi nahi izan dut askotan euskara erabiltzeaz ari garenean joera handia dagoela erabilera esparru pertsonal-afektibo horretara mugatzeko, hau da, familia, txikiteoa eta parranda folklore apur batekin ilustratuta. Eta kontuz, ez dut azken hori inondik ere baztertu gura, alderantziz, hor ere segitu behar da ekinean. Hala ere, euskalgintzak estamendu guztietatik (euskara elkarte eta euskaltegietatik adibidez) normalizazioa euskal poteo eta bertso-afaritik (berauek baztertu barik behin eta berriro esango dut) harago eroan behar dugula argi eduki behar dugu. Ezagutu ditut denetariko "euskal" jai-parranda-mobida montatzeko sekulako ahalegina egindako euskaltzaleak gerora euren lantokiko euskara planarekin pasibo total jokatu dutenak. Eta lan eta administrazio planak ere, asmoz behintzat, erabilera planak dira, hain polit-hunkigarriak ez badira ere.

Salbazioa dela-eta, aurrekoan ere esan dut, igual salbatu aditzak dauzkan ñabardurak ez dira egokienak deskribatzeko, deitu bestela: "normalizazioa", "berreskuratzea", biziberritzea", "berreuskalduntzea",... berba horiek guztiak azken baten sinonimoak direla uste dut. Hau da, euskara "salbatu" guran gabiltza hainbeste. Arazoa ez da hori, baizik eta askok mesias edo salbatzaile gorenaren papera hartu beharra. Baina ez gaitezen engainatu, horrela bagabiltza euskarak halako "salbazio" edo belarrian hobetoen jotzen digun sinonimoa behar delako da. Eta zeure blogean Anaut-en liburuaz esan duguna berriro ekarrita inork berak bakarrik harri filosofala daukala sinestu beharrean, hobe genuka ahal denik eta estrategia eta bide posible guztiak guztion artean jorratzea. Hori bai, honetan guztian legez, liderrak behar dira, baina ez mesiasik.

Hirugarren kontuan ados-ados gaude. Beraz segitu dezagun aurrera, pentsatzen, egiten, egiten dugunaren gainean hausnartzen, hausnarketak konpartitzen (oraintxe gabiltzan modura) eta euskaraz jarduteko espazioak, gaiak, uneak eta sareak zabaltzen (oraintxe gabiltzan modura).

Boteprontoko balorazioa

Benito-(e)k 2007, Urtarrila 8 - 01:51-(e)an bidalia.

Tira, aurrekoan hizkuntz-politka gora eta behera haritik joan gara. Boteprontoan etorri zaizkidan ideia batzuk:

  • Ikasleentzako diru gehiago. Ez da albiste txarra. Dena dela, euskara debalde ikastetik urrun gaude oraindino. Sektoren askorentzat euskara ikasteak dirua (ez gutxi) ipintzea dakar bitartean. Beste kontu bat diru-laguntzen banaketa sistema izango da, oraingoan hutsune batzuk detektatzen dira. Bestalde, erakunde desberdinen arteko (udalak, aldundiak, EJ,..) diru-laguntza politikak uztartzea ez litzateke soberan egongo. Herritik herrira eta kolektibo desberdinen artean askotan ulertzen errazak ez diren aldeak baitaude.
  • Udal euskaltegiak: 2006 euskaltegi pribatuen sektorea normalizatzeko urratsen urtea izan ei da. 2007 udal euskaltegiena. Nahiago nuke 2007 izango balitz euskalduntzearen eta euskaltegi-sareen definizioa eta uztarketaren urtea. Duela 25 urteko banaketa hartatik oraindino gabiltza tiratzen, HABE-UUEE-euskaltegi pribatuak,... eta nago 2007 honetan hark zentzurik ote daukan.
  • Formazio modulu espezifikoak: moduluak eta ikasmaterialak. Aurreko baten bota nuen hausnarketa. Modulu berriak diseinatzea ordu kopuruak eta ikasmaterialak diseinatzea baino ez ote da? Bestelakoak ere behar direlakoan nago: ikastaroen diseinuan trebatzea, esperientziak konpartitzea, ikas-moduluen formatoak zabaltzea,... eta gehien bat, honetan gabiltzan guztion partizipazioa eta elkarlana bideratzea (ez predikatzea soilik, batzuen eta besteen partetik).

Gauza batzuen aipamena nahi nuen topatzea: honetan gabiltzan pertsonen garapena eta formaziorako bideak, ikastetik erabiltzerako pausoa emateko estrategiak (erabiltzaileak behar dira, ezta?), teknologia berrietara egokitzeko ildoak, .... Tira, ez dut Olentzeroaren gutuna egingo. Badakit gainera arlo horiek beste puntu batzuetan aipatu direla, eta interesgarria iruditu zait halaber beste atal baten aipatzen den "euskararen erabileraren normalkuntza sozialari buruzko gogoeta edo debate zabala". Kontua euskalduntze-alfabetatzea ildo horietatik aparte ez kontsideratzean datza, askotan parte guztietatik egiten den bezala. Aukera ona daukagu behingoan euskaltegien papera definitu eta normalizazio prozesuan (prozesu hitza gafatuta ez badago) eragile guztiekin gure lana uztartzeko.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia