19
Urt
2010

Zaindariaren karga

Komisario hitzaren konnotazioez jardun digu Anjel Lertxundik gaur artearen munduaren ingurumarian eta arte-komisario konposizioaren paradoxikotasunaren bueltan.

Komisario hitz soilak kontrolatzailearen, zaindariaren ideia ekartzen digu gogora lehenengo batean seguruenik, ordena mantentzearen arduraduna.

Eta buruan gauzak elkarlotzen hasten direla, komisarioaren figura duela gutxi aipatu nituen hitz hauekin juntatu zait hor goian:

Herritar bakarra entzun dut gizon horri euskaraz egiten, duela urte batzuk euskaltegian izena eman baitzuen. Herritar bakar hori irakaslea zen, noski

Hitz horiekin eta memorian lotzen diren sentsazio batzuekin juntatu.

Ez duzue inoiz sentitu euskara-irakasleaaren papera zenbaitetan euskararen zaindariarena izatera hurbiltzen dela? Euskararen "komisarioak" bagina bezala-edo. "Ese es irakasle, hay que hablarle en euskera" bezalakorik ez duzu inoiz entzun-barruntatu inguruan? Zeuk ere ez duzu sentitu konpromisoaren plus moduko hori?

Ikaslearekin euskaraz egiten saiatu behar dugu, bai, eta egin ere egiten dugu. Suposatzen zaigu hizkuntzaren aldeko militantzia edo konpromisoa, eta izan ere badugu. Baina horrezaz gainera profesionalak ere bagara, horretan ari gara lanean, eta horrek edozein euskaltzalek izan dezakeen ardura eta konpromisoari gehigarria ematen dio.

Horrezaz gain, nahiz figura publikoak izan ez, publikoaren aurrean egiten dugu lan, eta geure publikoaren inguruan bizi izaten gara, eta inguru hori ez da beti eman behar dugun ereduarentzat ekosistema onena izaten.

TELP tailerren harira hasi gara erreparatzen eguneroko gatazka horretan hiztun konprometituak sufritzen dituen tentsioari, ezerosotasunari eta karga emozionalari. Eta hiztun konprometitua profesionala izanda karga hori ez da arinagoa izango, gutxiago lehenengo lerroan zaudela, eta are gutxiago "komisario" bati bezala begiratzen badizute. Ezta?

Beste batek ere

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 19 - 10:11-(e)an bidalia.

Dabid Anautek ere aipatu zuen horrelako zerbait bere "Txokotik zabalera" liburuan. Buruz ari naiz, baina: berak esaten zuen askotan taberna batera sartzerakoan deseroso sentitzen zela. Izan ere, bera sartu orduko, gaztelaniaz lasai asko zebiltzan euskaldunak bera ikusi eta berehala euskaraz hasten zirela. Eta bera joan orduko, berriro lasaitua hartu eta gaztelaniara pasa. Eta nik dakidan bati baino gehiagori ere antzekoak gertatzen zaizkio. Eta batzuek pertsonalki ez dute ondo eramaten.

komisario, itzultzaile, euskaltzain, ...

bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 19 - 11:29-(e)an bidalia.

Euskararen komisario izatearena, azkenean, ohituta ez duzu sobera gaizki bizi. Bo, dependitzen du nor/ nolakoa zaren.
Bainan askotan gertatzen da ere alderantzizkoa, jendeak ez duela zurekin euskaraz egin nahi, bere iduriko maila apalegia duelako eta zu, definizioz trebea zarenez, lotsa ematen dio eta frnatsesera lerrarazten du dena. Batzuetan argiki ere erranik, ez duela sentitzen euskaraz egitea.

Bainan agian pisuena ez da hori, baizik eta itzultzaile ia automatikotzat denean euskalgintzako langilea, euskararen arau guziak iretsi dituena, edozein idazki di-da batean itzuliko duena. Eta hortaz gain, zure burua bortxatutzat kasik ikusten duzunean mota guzitako eskaera, zalantza gramatikal, ... erantzuteko.
Zuk galdera guzien gakoa bazenu bezala.
Hizkuntzatik hara ere: "nola gertatu zen hori, duela 10 urte atera baitzen proeiktu bat Bai euskarari deitzen zena, nork parte hartu zuen eta gero nola gauzatu zen... Adibidez.

Euskalgintzako langileak, askotan beharko luke izan euskaltzain, itzultzaile, memoria kolektiboaren jabe, xehetasun guziekin eta hori guzia edozein ordutan, eta beti prest euskaraz egiteko mundu osoarekin.

Bainan, bon, egiten duguna eta garena hautatu genuen, ez? gehienek bederen? Eta badakigu zertan ari garen eta zertarako. Beraz pisua izaten bada ere, horrekin bizi beharko dugu, eta oroz gainetik, beti hala ematen ez badu ere, jendeak eskertzen du komisario bat izatea ondoan.

sheriffak!

arrikitaun (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 19 - 16:28-(e)an bidalia.

niri egoera horiek beti Plugin <em></em> Not Found ekartzen didate gogora.

Arrikitaun, Fart Westen indioarena egiten.

Indarrak lagun zaitzala!

Jozulin (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 20 - 00:49-(e)an bidalia.

Nik sarritan nabaritzen dut indar eremu bat, neure inguruan bost-hamar metrora zabaltzen dena. Indar eremuan sartzen diren ezagun -ezagutzen nauten- guztiak euskaraz hasten dira. Eta joaten naizenean eremuak ez die jada eragiten. Honela sentitzen dut nik behintzat. ;-)

Pelikula hau ezaguna egiten zait

Benito-(e)k 2010, Urtarrila 20 - 02:03-(e)an bidalia.

Jedien jakinduria guztia batzen duen Yoda, Indarra berekin duen Skywalker, Han Solo soil eta bakarra munduaren aurrean... eta hau guztia konpontzeko ideia sagatik bertatik datorkigu: Klonatu gaitezen! Tongue out

Jozulinek azaldu du, inork

Martin (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 20 - 17:11-(e)an bidalia.

Jozulinek azaldu du, inork baino hobeto. Nire indar-eremua ez da bost-hamar metroraino iristen, baina distantzia motzetan ez daukat parerik :-).
Guk pasatzen dugun tentsioa baina interesgarriagoa da pasarazten duguna, "basko" askori koloreak ateratzen baitizkiegu. Eta komisario bat egon beharrean, bi edo hiru bageunde batera, hor bai eragingo genukeela...

Euskara kontuetan ez dago

anjel (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 20 - 20:20-(e)an bidalia.

Euskara kontuetan ez dago —nire ustez— "Kontzientzia txarraren akuilari ibiltaria" izatea bezalako trantze deserosoagorik. Banoa Zarauzko kalean, malekoian, Getariko ibilbidean aurrera, eta ibilian-ibilian, bizpahiru emakume edo gizonezko ikusi ditut nire aurrean. Edo bikote bat. Zarauztar petoak dira denak, euskaldunak dira denak, zure usteen —edo aurrejuzkuen arabera— botoa ere euskaltzalea (?) ematen dutenak dira, gogotsu ikusi dituzu hainbat ekitaldi euskaltzaletan, egingo zenuke oso errotua dutela euskararen aldeko diskurtsoa, erraietaraino daukatela sartuta euskarari egin zaizkion jukutrien kontrako kalamatika…

Gaztelaniaz ari dira, ordea.

Haien parera iristean, ezagutu egin zaituzte, eta euskaraz hasi dira.

Haien ondora iritsirik, irribarretsu —eta euskaraz, jakina— agurtzen zaituzte:

—Eguraldi ederra, e?

—Ederra benetan, bai.

Eta eguraldiaren ederrak kontzientzi txarraren akuilu izatearen abaildura iluna areagotzen dizu.

Superbotereak

Jozulin (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 21 - 09:35-(e)an bidalia.

"Abaildura ilun" hori dela eta, nago euskararen superzaindari dexente dabilela bere superbotereekin aski nekatua eta daraman indar eremuaren eraginaz aspertuta. Eta, askotan, nahiago luke ingurukoek nahi duten hizkuntzan ari daitezen eta ez berak bere presentzia hutsarekin "behartzen" duen horretan. Ez duzue inoiz akidura hori sentitu?

Bai eta ez

Benito-(e)k 2010, Urtarrila 21 - 13:10-(e)an bidalia.

Interesgarriak testigantzak eta iritziak. Bide batez, Sustatun aipatu dute hari hau eta han ere jaso dira esperientzia interesgarriak.

Jozulinek bota duen galderari bai eta ez batekin erantzungo nioke. Batzuetan bai, halako neke emozioanala sumatzen duzu, gehien bat ohartzen zarenean zuk aukeratu ez duzun paper bat zeureganatu duzula, eta harremanetan eta komunikazio natural batean eragina duela. Eta, jakina, inguruan halako kontraesanak nabaritzen dituzunean. Baina, aldi berean, nik paper horrekin poza ere hartu izan dut. Azalduko dut.

Bistan da ingurukoengan kontraesanak azaleratzeko abilidadea eduki dezakegula, eta horrek gure presentzian deserosotasuna ekar diezaieke. Baina horrek esan nahi duena da pertsona horiek ez daudela konforme egoera horrekin, eta seguruenik haietako asko erosoago egongo lirateke gauzak bestelakoak balira, hau da, gure presentzia barik ere euskaraz normal jardungo balute. Eta, azken batean, kasu gehienetan oztopoa ez da gaitasun falta (mintzapraktikan diharduten ikasleak dira horren froga), ez borondate falta (euren printzipioetan normalizazioa egoten da, euskaltzaletasun puntu bat dute), hizkuntz-ohiturak baino. Eta bai, badakigu hizkuntz-ohiturak aurreko biak baino oztopo gogorragoa izaten direla, baina azken batean gure presentziak ohitura aldaketa txikia badakar, eta guk horri naturaltasun apur batekin erantzuten badiogu eta une horretan jende hori ezeroso sentitzea eta gustura jardutea lortzen badugu, ba, bistan dago geu ez ezik, seguruenik eurak ere erosoago egongo direla euren buruarekin, une batez baino ez bada ere, eta uste dut horrek apurka-apurka hizkuntz-ohituretan aldaketa txikiak ekar ditzakeela, nahiz eta komisarioa aurrean egon ez.  Eta nik halako batzuk nabaritu ditut inguruan, gutxi, baina zerbait izan da.

Hori bai, eta uste dut iritzi-truke honetan hori geratu dela garbi, honek guztiak gugan ere karga sortzen duela: higadura emozionala, atsekabeak, haserreak, dezepzioak..., alegia "superbotere" horiek ez gaituzte emozionalki blindatzen. Txerrak eta Beak esan duten modura, hobeto eramaten dute batzuek beste batzuek baino, umoreaz hartzen dugu batzuetan, alderdi positiboa ikusten saiatzen gara bestetzuetan, baina euskaltzale-euskaldun aktibo-profesionala ez da errobota, ez horixe.

Eta, amaitzeko, esan direnetatik susmo moduko bat etorri zait, eta galdera egin nahi nuke. Inguru hurbilean ditugun "gutar" horien jarrerek noraino nekatzen, abailtzen eta erretzen gaituzte gehiago "beste aldean" daudenenek baino?

Gehiengo euskalduna duten

anjel (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 21 - 14:18-(e)an bidalia.

Gehiengo euskalduna duten herrietako “gutar”rengatik ari nintzen ni. Bilboko eta Bilbokoa bezalako egoerak ez ditut ezagutzen.

Kontua da nire adinkideak direla nik nire iruzkinean aipatzen nituen gaztelerara lerratzen diren horietako asko eta asko. Nire belaunaldikoak dira, eta, orain gutxi arte, erabilera nagusi naturala euskarazkoa zutenak. Giro euskaldunekoak; “euskaldun peto” deitzen ditugun horietakoak. Pixkana-pixkana, ordea, lerratzen joan dira gaztelaniaren erabilerara. Etsi dutelako, interesa galdu dutelako edo erosoagoa zaielako? Arrazoia, ez dakit. Seguru asko, denetik egongo da zertxobait.

Aldi berean, eta nik ikusitakoaren arabera, horrelako asko emakumezkoak dira. Zer ikusirik badu garai batean herri euskaldunetan neska askok erakusten zuen euskararen abandonuarekin? Gaztelaniaren prestigio-faktoreak halako eragina du oraindik? Neure buruari egiten dizkiodan galderak dira. Beharbada egongo da loturarik ni umea nintzeneko egoera hartako nesken eta gaurko emakumeen arteko zergatietan, baina gaur ni seinalatzen ari naizen fenomeno horretan emakumeak baldin badira ere gehienak euskara baztertzeko orduan, kontu bat ikusten ari naiz ni umea nintzenean gertatzen ez zena: gizonezkoak ere asko direla bide bera hartzen ari direnak.

Soziolinguistikaz apenas dakidan maiuskularik ere, baina nik deskribatzen dudanak nire paranoia batek baino sinesgarritasun gehixeago baldin badu, uste dut garrantzi handia lukeela fenomenoaren hausnarketak, baita lan-hipotesia moduan hartuko bagenu ere.

Ene ustez, arrazoi askorengatik da garrantzi betekoa fenomeno horri begiratzea. Batzuk seinalatuko ditut:

—Fenomenoa bera zehatz ezagutzeagatik.
—Fenomenoak beste giza mailetan izan lezakeen eraginagatik (gehienak guraso direnez, horrek izan lezakeen eraginagatik).
—Euskaratik gaztelaniarako txangoa nola egiten duten deskribatzeak ere abantaila handiak ekarriko lizkiguke. Adibidez, euskarazko jardunean gero eta gaztelaniazko esapide adierazkor gehiago txertatzea pauso bat da aipatzen ari naizen bidean? Hala bada, txertaketa hori nola egiten den, nola tratatu beharko litzatekeen… begiratzen hasi beharko genuke.
—Nik deskribatu-edo dudana lagun arteko jarduna baino ez da. Gauza bera gertatzen ari da familietan ere?

Hauek guztiok ez ahal dira nire paranoiak izango…

Azken hariari tiraka

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 21 - 14:18-(e)an bidalia.

Ba bai, "gutar" direnen jarrerek eta ohiturek niri behintzat askoz gehiago erretzen naute, beste aldean daudeneneak baino. Zergatik? Ba, izango da beste aldean daudenak gurera erakartzeko inposible ikusten dudalako, edo izango da nire aitak askotan esaten duen modura, kalea garbitzen hasi aurretik, hobe norberaren etxea garbitzen hastea.

Zaindarion penak eta zama arintzeko asmoz

I. Usarralde (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urtarrila 22 - 17:30-(e)an bidalia.

Sustatu-n eta Karrajua-n irakurritakoek pentsatzen jarri naute eta gogoeta horretan sortu zaizkidanak aipatu nahi ditut mezu honetan. Gai honek erabateko lotura du neure buruari momentu horietan zer mezu transmititzen dizkiodan gaiarekin. Beste era batera esanda, nire buruarekin ditudan auto-elkarrizketek norantz naramate? Eztabaida honek elkarte gastronomikoetan egiten diren lagun arteko otorduen gaia ekarri dit gogora kolpe batez. Alegia, koadriletan badaude batzuk beti lan egitea egokitzen zaienak eta beste batzuk azken momentuan iritsi, eseri eta jan besterik egiten ez dutenak. Neu gehiago ibili naiz laguntzen dutenen artean, bigarrengoetan baino. Eta hor, lehen taldekoen artean, badira batzuk oso ondo eramaten ez dutenak kontu hau. Ardura eta zama guztia euren gain ikusten dute, haserreak eta ika-mikak pizten ditu gaiak...

Nire ustez, bi kasuetan geure buruari zer esaten diogun horretan dago gakoa. Elkarteko egoeran nik horrela pentsatzen badut: "Beti neu nabil lanean", "edo ni mugitzen naiz edo koadrilakoak ez ginatekeen sekula elkartuko", "dena nik egin behar dut, besteak lasai eserita dauden bitartean"... Egia esan, ez dirudi bide horretatik otordu asko egingo ditugunik eta, gainera, neure buruari kalte egiten ari naiz, lagun artean amorratuta ibiliko naizelako. Aldiz, nire auto-elkarrizketa beste bide honetatik eramaten badut hobeto joan lekidake: "beti guri egokitzen zaigu lan egitea baina, horrela, gutxienez lagunak elkartu egiten gara", "gainera, niri sukaldean aritzea gustatu egiten zait eta ez dut lan modura hartzen, ondo pasatzeko zaletasun modura baizik", "gero hori bai, dena guk egin ordez, lanak banatu egingo ditugu eta horretan laguntza eskatuko diegu eserita altxa gabe egon direnei"... Nik uste dut hemendik joanda gusturago biziko garela.

Hasteko, hizkuntzaren kontuan geure errealitatea ez dugu ahaztu behar: hizkuntzen arteko desoreka ikaragarrian bizi gara euskaldunok. Eta horrek gure inguruan hainbat portaera finkatzea ekarri du: bere hizkuntzari uko eginda bizi diren euskal hiztunak; eroso daudenak (ohitu ditugunak) erdal hiztun elebakarrak dira eta erosotasun hori apur bat haustea ekarriko digun pausu txikiena ere ez digute hain erraz onartuko; hizkuntzaren txipa euskal hiztunok eduki beharko dugu denbora guztian, geu garelako desoreka hori orekatu nahian gabiltzanak...
Horiek horrela, antzeko gauza bat gertatzen dela iruditzen zait elkarteetan eta hizkuntza kontuetan. Ni mugitzen naizen inguruan, batzuek aipatu duzuen bost-hamar metro buelta horretan, nire presentziak euskal hiztunak euskaraz aritzea eragiten badu, geure buruari eman beharreko mezuetan bi bide daude hor ere. Bata, eztabaida honetan asko atera den, "ni hauentzat komisario-polizia-zaindari linguistikoa naiz", "hau fundamentua, ni joaten naizenean berehala pasatuko dira erdarara berriz"... Hemendik nora goaz? Ba, beti haserre ibiliko gara. Nekea, zama, etsipena, amorrua... gailenduko zaizkigu. Eta gainera, horrela sentituko gara gauza bera sentitzen dugun aldiro. Beraz, kondenatuta egon gaitezke sentimendu horiekin bizitzera. Baina, bestalde, nire barruko sentimendu horiek beste modu batera bideratuz gero hobeto bizi naiteke. Bakoitzak bere buruarekin egin beharreko auto-elkarrizketa horietan garrantzitsua da zer esaten diogun geure buruari. Eta hori da hain zuzen ere TELP tailerretan lantzen duguna. Geure buruari eman beharreko mezu horiek positibizatzen. "Eskerrak ni etortzen naizen tarteka zuengana, zuen hizkuntzari eutsi diezaiozuen laguntzen ari naiz, urte amaieran opariren bat eman beharko didazue", "ez dut zertan sentimendu txarrik indartu beharrik edonora sartu eta erdaraz jo eta su ari zirenak bat-batean euskaraz hasten direlako; nire portaera finkatua dut niri dagokidanean, nik euskaraz egingo diedala lehenengo hitza nonahi eta nornahiri", "dena ez dago nire esku, nik ahal dudan arte nire pentsaerarekin koherente izaten saiatuko naiz"...

Gainera bi kasuetan, elkarteko afarian eta gaztelaniaz ari direnen euskal hiztunen artean, sortuko dira une egokiak gertaera horiek guztiak behar den moduan aurpegira esateko. Eta aukera horiek baliatzen saiatu behar dugula uste dut oso baikorrak ez diren baina barnean bor-bor dabiltzan sentimendu horiei irtenbidea emateko. Baina, momentuan ez daukagu zertan geure burua lehenaz gainera gehiago zamatzen ibili beharrik. Saia gaitezen normal antzera bizitzen. Ez gara super-heroiak. Hori Xabinaitorri utziko diogu. Azken batean, norberaren esku dago erre-erre eginda bizitzearen edota ahalik eta ondoen bizitzearen artean aukeratzea.

Inazio Usarralde
TELP tailerren dinamizatzailea
www.emun.com

Eskerrik asko ekarpenagatik

Benito-(e)k 2010, Urtarrila 26 - 01:26-(e)an bidalia.

Eskerrik asko ekarpenagatik, Inaxio (eta beste guztiok ere bai). Bistan dago hizkuntzaren asunto hauetan karga emozionalak badirela, zoritxarrez aitortzen dena baino gehiago, eta -esango nuke- uste den baino eragin handiago dute. Pertsonen garrantziaz eta pertsonari begira jarri beharraz aritu zen lehengoan zure kide bat Durangon, eta beharbada, bada sasoia lantzearekin batera horretaz ere jarduteko. Ez gara errobotak azken batean.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia