17
Eka
2006

Lehia

Hizpide 61aren gaineko aurreko mezuari segida ematen lan elegantea egin digu plisti-plastak (txalo txaparrada bero-beroa entzun nahi dut). Artikuluak irakurri eta burutazio piloa utzi dizkigu komentarioetan (txalo gehiago), eta gainera niri beste post baterako gaia jarri dit (oraindino ez dut ron botila hori topatu, baina tenperatura jaisten denean tragoa eginda dago!).

I+Gren aipamena egin digu:

I + G ren beharrean gara euskararen irakaskuntzaren zenbait alorretan. Bada garaia honetaz norbait ardura dadin. Ez dakit HABEren eskumena izan behar duen ala AEK, IKA , EHU edo dena delakoarena baina bada garaia zer edo zertan tajuz hasteko.

Eta tontamentean gauza batez konturatu naiz. Gure sektore honetan geure behar izanak asetzeko eta jarduera garatzeko elkarlan gutxi egiten da. Hori guztia sarritan HABEren esku utzita daukagula dirudi. Gero HABEri kritika ere egiten diogu (askotan merezita), baina geuretik ez da gehiago irteten.

Sektore hau gainetik ikusita erakunde asko gaude: AEK, IKA, Udal euskaltegiak, sare pribatuak, baina ez dago batzeko modurik HABEren aginduetara ez bada.

Duela urte batzuk UEUren bidez jardunaldi batzuk antolatzen ziren, gaur egun ez daukagu horrelako ezer. Euskaltegi pribatu batzuek harremanak dauzkate HABErekin diru-kontuak negoziatzeari begira, baina hortik aurrera gutxi. Egia esanda, sasoi bateko malrrollito asko gainditu direla dirudi, baina bakoitzak bere astoari arre segitzen dugu.

Automobilen sektorean esate baterako ohikoa izaten da bizpahiru multinazioanal (lehiakide amorratuak sarritan) bat egitea motor berria garatzeko adibidez. Enpresa munduan Joint venture terminoa dabil bala-bala. Hitz hori elkarlanaren itzulpena izan daiteke gehiago barik.

Gurean, berriz, Big Brother-en pentsuan erreakzionatzen dugu. Ondo dago administrazioak ardura hartzea eta hori guztia, baina administrazio horrek ez du euskaldundu nahi dugun esparru guztia kubritzen bateko, eta sektorearen garapenean lehenengo interesatuak gu geu gara besteko.

Zer egina badago, ikerketa, garapena, hobekuntza,..zer euskaldundu asko, eta arinago eta hobeto euskalduntzea ere bai. Ez gara gutxi gainera.

Sentsazioa daukat hala ere Ford-ek eta Renault-ek baino deskofidantza handiagoarekin begiratzen diogula elkarri interes eta egitasmo komunak aztertzeko orduan. Eta ez dut uste Ford eta Renault baino lehiakideago garenik. Areago, lehiakide barik erronkakide hitza egokiagoa begitantzen zait guretzat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia