15
Api
2008

Konbalidazioa eta hizkuntza eskolak: polemika

Gaur indarrean jarri den tituluazioen dekretuaren(pdf) berri ematean ohartxo bat ipini izan da amaieran azken egunotan:

Hizkuntza Eskola Ofizialen agiriak, Irakaspostuetarako 1. eta 2. Hizkuntza-Eskakizunak eta Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria sei hilabeteko epean baliokidetza-taula honetara biltzea aurreikusten du dekretuak.

Hizkuntza eskoletako ikasleen agirien konbalidazioa airean dago oraindik beraz, eta horiekin batera Hezkuntzako langileen hizkuntza eskakizunak ere bai. Hezkuntza Eskola Ofizialetako ikasleak eta irakasleak ditugu luzamendu horren pentsuan bada.

Horrezaz gainera, duela hilabete batzuk, Espainian beste dekretu batek arautu zuen Hizkuntz Eskola Ofizialen eskaintza, eta haren ondorioz HEOen ikasketa planak bermoldatu ziren maila aurreratuena Europako Markoko B2n kokatuta. Eta polemika sortu da honen inguruan Espainian.

Gurera etorrita, une honetan HEOetan eskaini eta homologatuko den maila aurreratuena B2 dugu, baina euskararen kasuan C1 eta C2ren parekoak ere eman eta eskatuko dira hainbat lekutan (EGA, 3. HE, 4. maila...). Orain arte leku askotan HEOen 5. maila EGArekin parekatzeko joera izan da hala ere, hau hemendik aurrera, teorian, ez litzateke horrela izango. Areago, tituluak atzerako efektuarekin konbalidatuz gero, pentsa daiteke lehengo tituluek orain balioa galdu ere egingo luketela. Zalantza asko edozelan ere.

Ez dakit hemendik sei hilabetera zer konponbide emango zaion honi guztiari, baina dagoeneko bata nahiz bestearekin HEOen inguruan haserrea piztu dela dirudi. Mezu honetan dauzkazue egunotan zabaldu diren dokumentu bi: Iruñeko HEOko klaustorren akordio hau (pdf), edo Bilboko HEOkoaren ohar hau (pdf). Eskakizunak, hizkuntza eskoletan C maila ere eman ahal izatea, eta hango tituluek beste batzuen aldean baliorik ez galtzea, besteak beste. Geure gauzatxoak blogean ere topatu dugu haserre hori.

EAEko tituluena albiste ona ala txarra zen galdetzen genuen lehengoan. Guzti-guztiontzat berdina behintzat ez.

Zenbatean dago euroa?

otto-(e)k 2008, Apirila 16 - 10:56-(e)an bidalia.

Azken baten, horixe da kontua eta, erabili ere, antzeko berbak erabiltzen ditugu arazoaren inguruan gabiltzanean: balio zuenak balio du, debaluatu...

Azkenean, irizpide didaktiko bako erabakiak daude honen atzean.

Nik ikastaro bat egin nuen Neus Figuerasekin (bide batez, agiri-baliokidetze honen atzean egon den aditu burua). Europako Markoaren inguruko ikastaroa zen eta, berak esaten zuenez, kontua da, lehenengo, ondo irakurri eta ulertu deskriptoreak; gero, egin beharko dena da ainguratze-lana mailen artean: nire X maila hau, dudan moduan deskribatuta, non dago Europako Markoko X mailarekiko, dugun moduan deskribatuta? Eta horren arabera, nire X mailako agiriak honako balio hau izango du.

Baina, hori ahaztuta, mailen balioa bestelako faktoreen arabera zehazten bada...

Konbalidazioak

leire narbaiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 16 - 12:20-(e)an bidalia.

Hizkuntza eskoletakoa espediente X bat da. Degradatze horren atzean, zer interes daude? Ez dut normala ikusten, gainera atzera begirakoa bada....arazoak baino ezin ditu sortu.
Gainera, zelan jaits daiteke maila, berdin exigituz? Hau da, lehengo 5. mailan lau trebetasunetan eta gramatikan eskatzen zena, ez dute dagoeneko eskatuko?
Frantsesa ikasten nabil Eibarko Hizkunta Eskolan, 3. A mailan (de facto Eibarren aspalditik 6 kurtso daude; 3.a desdoblatuta; hortaz, ni baxuenean nago). Gure liburuan B1 maila agertzen da. Beste hiru kurtso egin ostean, B2 baino ez dut lortuko? Ez da absurdoa?
Eta horrela balitz, zer geratatuko da oraintxe bertan eskoletan bagiltzan guztiokin?
Eta zer gertatuko da perfila HEO-eko titulu batekin ziurtatu dutenekin? Ez da euskara bakarrik, inglesa eta frantsesak ere emango du arazoa Hezkuzkuntzako zerrendetan!
Dena dela, zeratarako hainbeste azterketa? Mailako bat eta kitto! Ikasleak astoratuta dabiltza, milaka azterketa eginez...agobiantea da, baita estresantea ere. Eta kontuan hartzen badugu txolopote hau gobernu berak sortu duela, ez dago ulertzerik! Planifikazio falta ageri-agerian uzten du. Ez da berria, euskarerin beti berdin, buff!

berdin pentsatzen dut

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 16 - 23:35-(e)an bidalia.

Nire harridurak berdin jarraitzen du. Badirudi hutsune eta akatsen inguruan baino ez garela mugitzen eta aztoratzen.
Aurreko mezuan nioenez, konbalidazioen kontu hau berri ona dela uste dut, eta estimatzekoa da. Arraro egiten zait honen inguruan horren gutxi idatzi izana.
Hizkuntza Eskolen arazoa dator orain. Nago (ezin dut ziur esan) atzean Hezkuntzaren inguruan mugitzen diren eragileen nolabaiteko utzikeria egon dela.
HABEren Gobernun Batzordeko kidea naiz Bizkaiko Udal Euskaltegien izenean. Baliokidetzaren kontu hau hurbil samarretik edo jarraitu dut; prozesuan zehar esaten zitzaigun Hizkuntza Eskola eta IRALEkoak atzeratuta zebiltzala euren "etxeko-lanetan" baina hori ez zela oztopo izango baliokidetza prozesuak aurrera egin zezan, geroago inkorporatuko zirela... Beste hau ere esan zitzaigun (hau, jasotako prezioan diot): HEOko 5. maila sekula ez dela izan C-1en baliokidea, ez euskaran, ez beste hizkuntzetan. Baina, euskararen kasuan, EGAren esistentziak berak, inertziagatik edo, gainbaloratu zuela euskararen 5. maila.

Aurreko dekretuak

Benito-(e)k 2008, Apirila 17 - 01:24-(e)an bidalia.

EAEko Hizkuntz Eskola Ofizialen webgunean berriz, hau irakur daiteke:

Hizkuntza Eskolako euskara tituluen baliokidetasuna- Goi Zikloko edo Gaitasun Mailako ziurtagiriak eta EGAk balio bera dute. (1998ko urriaren 6ko 263 dekretua; Euskal Herriko Buletin Ofizialean, urriaren 23an)
- Eusko Jaurlaritzak ondoko titulu-parekatzeak egiten ditu erakunde publikoetako langileentzat:

  • Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. mailako ziurtagiria eta Hezkuntzako PL1 eta Euskal Administrazio Publikoko PL2 balio berekoak dira.
  • Goi Zikloko edo Gaitasun Mailako ziurtagiria eta Hezkuntzako PL2 eta Euskal Administrazio Publikoko PL3 balio berekoak dira.

Hemen daukazue orduko dekretua (pdf). Oraingo dekretu honekin indargabetuta geratuko da hori guztia seguruenik, baina dirudienez EGA eta HEOen 5. maila parekideak izan dira ofizialki.

Lotura pare bat gehiago:

Hezkuntza

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 17 - 15:09-(e)an bidalia.

Hasieran esan zitzaigun "ondo bidean" 2007ko uztailerako etorriko zela. Tira, 2008ko apirilean etorri da. Ondo. Zer dela eta sinistu behar dugu sei hilabete barru lortuko dutela Hezkuntza ere biltzea? Zergatik orain arte ez?
Ulertu ezin dudana zera da: alderdi bereko administrazio bereko alor bereko eginkizun bereko sail desberdinen arteko jelosiak, mesfidantzak... Ez dut orain ulertzen, orain arteko hogeita piku urteotan ulertu ez dudan bezala; baina tira, ez naiz inoiz oso azkarra izan eta igual horregatik izango da. Baliteke.

galdera pare bat

bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 17 - 16:23-(e)an bidalia.

Tituluen omologazioarena, nire ikuspegitik gauza ona izanen da. Berez izan zitezkeen duda eta mesfidantzak baztertuko dituelako. Hemendik ikusita behintzat, istorio horiek loteria besterik ez zuten ematen, ea nork zein agiri behar eta zeinek balio zeinek ez, zertarako... Zenbat sail eta beste hainbeste agiri mota.
Kuadrorik eza eta ekibalentzia suposatuak besterik ez izateak, ulergaitza bilakarazten baitzuen istorioa. Agiriek adierazten duten hizkuntza mailaren definizioa eginik zen, hori ez da gutxi eta ez da denetan hala gertatzen, bainan aniztasun horrek...duda frango sortzen ahal zuen.

Hala ere, ikusita panorama galdera pare bat burura etortzen zait.
Azkenean edozein sailetan lan eginik ere, agiri horietarik bat (baliokide direnen arteko bat) ukanez gero, edozein sailetako lanpostutara aurkezten ahal dut nire burua. Ez? Nahiz eta, hizkuntz gaitasun mailan parekideak izan, bakoitzak bere berezitasuna izanen du. Ez? Orduan IVAPek ematen duen bat lortzen badut, beste sailetan balioko dit. Horrek zalantza eta jelosiak sortuko ditu jendeen artean...

Bestalde, Bidasoaren honaindian, orain artekoan, banatu da titulu bat "EGA" deitzen dena ere bai. Orain arte, hegoaldean ematen zenaren balio bera izaten zuen, edo bederen ber heinekotzat onartua zen(horregatik jende anitzek, batzuk, errelatiboa baita kopurua, azterketa hemen prestatu eta pasatzen zuen)
Titulu honek EGA izena du, izana hain zehatza ez badu ere, azken batean garai bateko D mailako titulua baita, gaurregungoan C1 mailako gaitasuna aitortzen du beraz. Baliokidetasun sistemarekin, EGA duela zenbait urte lortu nuenez, eta dekretu horrek hori ez duenez zalantzan ematen, bidea irekitzen dit ere, edozein sailetako agiri horietarik baten baliokide gisa erabiltzeko? Horrek erran nahi luke bihar goizean Cva igortzen ahal dudala, eta beste zenbait baldintza betez gero, lanpostua ukan....
Kasu,... ausardia piska bat gehiago banu...

Erantzuna edo

Benito-(e)k 2008, Apirila 17 - 18:22-(e)an bidalia.

Dekretu hau indarrean dagoen unetik erakunde batean haietariko bat eskatzen badizute, haren parekidea den beste batekin joanez gero, konbalidatu egin beharko lizukete. Adibidez, administrazioan IVAPen 2. HE eskatzen bada, eta zuk HABEren 2. maila badaukazu, horrekin ere aurkeztu ahal izango zara.

Orain aipatu duzu EAEtik kanpo emandako EGA agiria. Dekretuan ez dut horren aipamenik aurkitu, baina suposatzen dut Nafarroan edo Iparraldean EGA eskuratuta, orain arte EAEko EGArekin baliokidetu bada, hemendik aurrera ere horrela izango dela, hau da, Iparraldeko EGArekin EAEko EGA, HABEren 3. maila edo IVAPeko 3. HEaren pareko titulua izango duzula. Ez dakit seguru baina. Inork zehaztapen gehiago baleuka.

Gogoratu dekretu hau Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino ez dagoela indarrean. 

 

ados

bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 17 - 18:46-(e)an bidalia.

Orduan zertarako hainbeste agiri desberdin?
Dinot gauza ona da jakitea zeinek zertarako balio duen, zeren lekuko den, bainan konbalidazioak ez ote du gainditzen batak eta besteak suposatzen duen perfil berezitasuna, hizkuntza mailako gaitasunetik hara? Perfilearena ez ote da gelditzen bigarren mailan?
Suposatzen dut dekretua gauza bat izanen dela bainan hori ez dela hitzez hitz aplikatuko denik. Pratika seguraski beste zerbait izanen da, bata ala bestea eskatuz lanpostuaren perfilaren arabera eta ez bakarrik oinarrituz hizkuntza mailaren gauzan.
Hala ere, hor zerbait dago arraroa ematen duena. Hemendik ikusita behintzat.

eta hemendik

Benito-(e)k 2008, Apirila 17 - 19:30-(e)an bidalia.

Gauza bat lanpostu baterako eskatzen den profil zehatza da (konpetentzia profesionala esan dezagun), eta beste bat lanpostu horretarako legez ezarrita dagoen hizkuntz eskakizuna. Legez administrazioko lanpostu guztiei dagokie hizkuntz-profil bat, eta profil hori zerrendako bat (1, 2, 3 edo 4.a) izan behar da.  Zure lanpostuan halako hizkuntz-profila eman behar baduzu, epe batean profil hori egiaztatzen duen agiria eskuratu beharko duzu. Horrela izaten da.

Beraz, lanpostua eskuratzeko horretarako eskatzen den profil profesionalekin batera (ikasketak, prestakuntza, konpetentziak...), hizkuntz-profila ere behar da.

Dena dela, hemen ere ez ezazu pentsa tituluen saltsa horren zentzua denok ulertzen dugunik.

 

hezkuntza dela eta

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 17 - 16:20-(e)an bidalia.

Aupa Josu! Aurreko mezuan uste dut zerbait aipatzen dudala zuk egiten duzun galdera nagusi horren inguruan.

Dena den,nahiz eta Jaurlaritza edo Gobernu bereko sailak izan, sailotako ardura duten alderdiak ez dira berak. Horrek azal lezake zerbait. Jokaerak, esparru askotan, ezberdinak dira. Oraingo kasu honetan argi ikusten da. Beste batzuetan ere bai; adibidez, Kontseiluarekiko hartu emanak, askoz ere zabalagoak Hezkuntzaren partetik; itxiagoak Kulturatik. Eta horrela beste kontu batzuk.

Edonola ere, alderdi eta politikaren gainetik (edo batera) pertsonak ere badaude, eta berauen inplikazioa, eraginkortasuna...

Atzoko mezua berriro irakurri dut eta erasokor samarra iruditu zait. Beraz, politikak eta eraginkortasunak aparte, gogoan ditut kasu honetan (Hizkuntza Eskolarenean) kaltetu zuzenak diren hiritar eta ikasleak; eta baita irakasleak ere.

Azkenik, asko poztu nau gaur Berria-n irakurtzeak berri hau.

Honetaz edo antzeko zerbaitetaz ari nintzen aurreko mezuetan. Honen falta nabaritzen nuen.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia