27
Mar
2008

Irakasle power

Sektoreari buruzko hausnarketa planteatu ziguten lehengoan Batzorde Akademikoan, erronka eta kezka nagusiak zeintzuk ziren aipatu eta hemendik aurrera jorratzeko geratu ziren apuntatuta. Han esan zirenen artean, ideia batekin geratu naiz egunotan, irakasleen lana, irudia eta ospe soziala "saldu" beharra. Helduen euskara irakasleak profesionalak dira, lana serio egiten dute, prestakuntza eta gogoarekin ari dira eta hori guzti hori jendartera zabaldu beharra dago.

Egia da, edo horrela begitandu zait neuri pentsatzen hasita. HEAren publizitatean eta sektoreaz hitz egiten denean irakaslea gutxitan aipatzen da. Ikasle-kopuruak, erakunde eta euskaltegien metodologia, egiturak, tresnak, eskaintza ugariak eta desberdinak... baina horren atzetik dabiltzan pertsonak gutxi, euren merituak, prestakuntza, ibilibidea, ospea... Ez dago izarrik gurean, irakasle ezagunik (irakasle lanagatik behintzat) gutxi.

Ez dut ikerketa zehatzik egin, baina nire eskuetara heldu diren balorazio inkesta askotatik jasotako inpresioa da: irakaslea izaten da ikasleari baloratzeko ematen zaizkien galdetegi, inkesta eta halakoetan puntu gehien jasotzen dituen "item" horietako bat. Ikasleekin berba eginda berdin, ikas-prozesuko une erabakiorrak nabarmentzean irakasleren baten papera aipatzen da sarri. Hala ere, ez da "saltzen" den elementua izaten, euskaltegian edo erakundean den-denak klonak edo operazio berdina berdin exekutatzen duten operario balioaniztunak bailiren.

Eta nire ustez, bada saltzeko generoa gainera. Esperientzia handia metatuz doa gurean adibidez, hogei urtetik gora dihardutenak asko adibidez, gero eta gehiago. Milaka ordu klase, jardunbide desberdinak ezagututa eta eskarmentatuta, eta hori baino garrantzitsuagoa: ikasle askoren errekonozimendua jasotako profesionalak ditugu.

Horri kontrajarrita, badakigu, soldatak, kabaretera-ordutegiak, segurtasun eza, egonkortasun falta, eta, horren ondorioak: desmotibazioa, estresa, lanaren ordain afektibo-sozial eskasa.

Honetaz gabiltzala, sarean endredatzen Madrid Teacher webgunera heldu nintzen lehengoan. Deigarria egin zitzaidan eta Atoan-en apuntatu nuen hain zuzen ere. Madrid Teacher ez da (ez dirudi hala behintzat) akademia edo erakundea, hizkuntz-irakasleek euren zerbitzuak eskaintzen dituzten gunea baino. Irakasle bakoitzak bere curriculuma, espezialitatea, lan-metodoa eta lan-eremua azaltzen ditu, batzuek esperientziak kontatzeko bideoak ere erabiltzen dituzte bertan. Norberaren promozioa egiten da neurri handi batean, ez erakunde edo akademia batena. Freelance irakasleak ditugu nonbait, helduentzako hizkuntza batzuen irakaskuntzan ohikoa izaten da figura hori, gurean nahikoa marginala berriz.

Pentsatzen hasita, ez dakit freelance maila horretaraino heldu beharko genukeen (ikara apur bat ematen du egia esanda), baina, ez litzaiguke ondo etorriko indibidualazio apur bat gurean ere? Onerako nahiz txarrerako jakina. Irakasle power?

PD: Badakit, ironikoa (adar jotzea ere bai) iruditu lezake irakasle power horrek irakasleak harrien azpitik topatzen dabilenarentzat.

Eta zer gehiago?

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 3 - 10:25-(e)an bidalia.

Nolabaiteko anonimatotik irten ("Irakasle power" irakurri ondorengo erreakzioa ote?) eta orain arteko "etxepel" "Aitor" bihurtuko da.

Zuk esandakoaren haritik, uste dut behin baino gehiagotan eta toki batean baino gehiagotan erreibindikatu dela irakasle-irudiaren birbalorazioa. Halaxe da. Baina ni neu talde edo korporazio mailan geratuko nintzateke. Hau dela eta, eta arlo praktikora jaitsi nahian, badugu nondik hasi. Udaletxearen erakunde autonomiaduna garenok (hau da, udal euskaltegietako irakasleok) hortxe dugu gure lanpostuen balorazioaren erronka. Badakit batzuek eman dituztela dagoeneko urrats batzuk; beste batzuok horretan ari gara urte luzeetako eskari edo erreibindikazio bat etengabe aldarrikatzen. Beste sareetakook, egia esan, badakit gu baino egoera kaxkarragoan zaudetela, nahiz eta azken urteetako itun eta hitzarmenek bidea pitin bat ireki dizueten.
Badakit dena ez dela soldata kontuetara mugatzen, baina soldata mailako aitorpenak nolabait beste maila bateko aitorpenerako bideak irekitzen ditu.
Irakasle power edo freelance delakoa beste upel bateko sagardoa da. Hori norberaren lanaren eta balioaren emaitza izango da. Horretan, zu zeu zaitugu, Benito, eredugarri. Inon freelance-rik bada, hona hemen Karrajuan.

Eta honetaz eta hartaz ari garela, zer gehiago aipatu zen Batzorde Akademiko ospetsu hartan? Azkenean ba al da gehiago jakiterik?

Irakasleak eta gehiago

Benito-(e)k 2008, Apirila 3 - 17:42-(e)an bidalia.

Bai, helduen euskara irakasleen lan-baldintzak eta ospe soziala (ber)eskuratzearen beharra ez dut ukatuko, baina batzuetan ematen du "korporazioen" atzetik ez dagoela pertsonarik, eta publizitate mailan baino ez nabil beharbada. Euskaltegien webguneetan adibidez irakasleen argazki gutxi ikusten dira, irakasleak lanean adibidez. Eskaintzari erreferentzia asko, metodologia, lokalak... baina han lan egiten duten pertsonak gutxi. Irakasleen ahotsa ere gutxi, tono serio eta inpertsonala sarritan albiste eta kontakizunetan.

Alde horretatik egin zitzaidan deigarri Madrileko Freelance horiena, eurek egiten dute berba, eurek azaltzen dute euren lana, eurek agertzen dira hor.

Ez nabil gurean freelance-ak aldarrikatzen (ezta ukatzen ere). Esan bezala, gurean figura hori egon badago (irakasle partikularra), baina oso esparru zehatzetan egiten dute lan eta gutxi direla esango nuke. Bestalde,  euskaltegiak -esango nuke- oraindik ez dira irakasleen kontratazio-agentziak bihurtu, inoiz ez badugu eduki sentsazioa irakasleak "kolokatu" baino ez ditugula egiten behintzat.

Bide batez, irakasle autonomo-freelance hori gauza bat da, eta beste bat blogaria. Hemen ez nabil zerbitzurik eskaintzen, edo norberaren sustapen komertziala egiten (blogak horretarako tresnak onak izan litezkeen arren), are gutxiago bizimodua ateratzen (Karrajuaren balantze ekonomikoa zero azpikoa da, beraz, negozio eskasa).

Batzorde akademikoa

Bai, Aitor, gauza gehiago aipatu ziren. Izan ere, lehengo astean bidali ziguten akta. Hurrengo bileran onartu beharko da, baina laburtuta:

  • Hor goian komentatu dudan "ariketa" egin genuen. Gauza gehiago bota ziren, sektorean dabiltzan kezka gehienak esango nuke: prestakuntza, eskaintza, mailak, Europako markoa, curriculuma, materiala... Ia dena esango nuke.
  • HABEren 25. urteurrenaren ingurukoak. Aurrekoan esan nuen modura, jardunaldia egingo da azaro-abendu partean, bi egunekoa, eta gonbidatuen artean David Crystal dago konfirmatuta. HABEk bestalde 2000tik 2007ra arteko datuen irakurketa dabil prestatzen. Horretaz jardun genuen: irakaslearen lanaren azpimarratzea, sektorearen agerpen publikoa eta oihartzuna, ikasleen espektatibak, hiztun pasiboak, mailak...

Sentsazioa hartu nuena: badagoela zertaz jardun.

karrajuaz

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 3 - 23:31-(e)an bidalia.

Zu sasi-freelance modura proposatzeak erdi broman eta ia laudorio modura aipatu dut; jakina blog honek ez duela inolako sustapen komertzialik ez antzekorik.
Eskerrik asko Batzordearen informazioagatik. Ikusten dudanez, badago hor zer eztabaidatu eta komentatu.

Irakasle power

kokoteraino (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Apirila 4 - 09:43-(e)an bidalia.

Lotsagarria iruditu zait, oso gustu txarrekoa Batzorde horrena

Irakasleon lana saldu!!!!! Popatik. Lanbide honetan nagoenetik HABEtik mehatxuak baino ez ditut jaso: matrikulazioaren beherakada iragartzeko txostenak (Legebiltzarrekoa ez dut ahazterik), hasierako mailak desagertuko zirelakoa, HABEko euskaltegien desagerpena, (udal) euskaltegi batzuen itxiera,ikasleen behar berriei egokitzeko erakundearen malgutasun falta, irakasleon prekarietatei aurre egiteko gogogabezia...

Horiek guztiek gure lanaren errekonozimendu gisa

Irakasleok, berriz, oso garbi dugu gizarte honen euskalduntzea gure patrikatik ordaindu dugula.

Irakasle power, mesedez!

Argitzearren

Benito-(e)k 2008, Apirila 4 - 16:30-(e)an bidalia.

Batzorde akademikoa HABE eta euskaltegietako ordezkarien arteko organo kontsultiboa da. Hain zuzen ere, HABEren 25. urteurrenaren inguruan egin nahi direnak direla-eta iritzia eskatu zenean, ordezkari batzuek mahai gainean jarritako kontua da irakaslearen lanaren errekonozimendu publiko eta sozialarena. Beraz, ez da HABEren edo Batzorde Akademikoaren ez erabakia, ez adostutako puntua, han iritzien artean aipatu zen kontua baino. Horrez zer emango duen? Ez dakigu bada, baina mahai gainean jarri behintzat, jarri da.

Hortik aurrerakoak, "Irakasle Power" horrena besteak beste, hemen hari tiratuta egin dugun hausnarketa-psikolastoa besterik ez da.

Bestalde, esan dituzunak irakurrita, han bota zen beste kontu bat gogoratu dut: HABE eta euskaltegien arteko harreman historiko zaila. "Lubaki" hitza bota zela uste dut. Lubaki horiek hor daude oraindik. Zuk HABErekin daukazun pertzepzioa, aldeak alde, askorena da duda barik, eta arrazoiak egon badaude. Esango nuke orokorrean kostako dela aurkitzea HABEri 5etik gorako puntuazioa ematen dionik.

25 urteurrena izan dezake HABEk pertzeptzio horri buelta emateko aukera, eta hala ulertarazi nahi izan zela begitandu zitzaidan.

"Irakasle power" horren "power" gehiena gure eskuetan dago hala ere.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia