15
Urt
2008

Hikasi

Gontzal Fontanedak e-posta mezu baten bidez zabaldu du idatzi berri duen Hikasi metodoaren berri. Hiketa, alokutiboa, hika... (PDF, Euskaltzaindiaren arauak) ikasteko metodoa da Hikasi hau (bidez batez, ez nahastu Hik Hasi aldizkariarekin). Webgunean azaltzen duenez, arauak ikastek argibideak, praktikazeko ariketak eta aditz-taulak ditugu berton.

Gontzalek honela azaldu dizkigu metodoaren nondik norakoak mezuan:

Hitanoari orain arte ez zaio eman mendeetan zehar etorri zaigun trataera bikain eta bitxi honek merezi duen axola. Bada garaia hitanoa irakaskuntzan eta bizitzan erabili, bultzatu eta hedatzeko. Gaur egun, ordea, hitanoa oso leku gutxitan ikasten da eta hitanoari buruz oso liburu gutxi dago; hobeto esan, aipamen labur gutxi dago zenbait liburutan. Euskaltegi batzuek beren ikastaroetarako berezko materiala erabili arren, orain arte merkatuan ez zegoen jendarterako metodorik.

Hutsune hori betetzeko asmoz idatzi dut liburu hau, euskaldun guztiek (irakasleek eta ikasleek, edo beste edozeinek) hika egiten goitik behera ikasi ahal dezaten; euskaltegi eta irakasleoi, beste tresnekin batera, hika-metodo bat onuragarri izango zaizuelakoan.

Liburu euskarrian sarean eskuratu daiteke Hikasi, Lulu argitaratze zerbitzuaren bidez hain zuzen ere. Jakina eta mila bider esanda dugu teknologia berrien bidez testuak euskarri elektronikoan argitaratzeko aukerak ugaldu egin direla. Baina paperezko euskarriaren argitalpenera ere zabaldu dira aukera berriak. Lulu zerbitzu honek POD (Print On Demand, eskatu ahala inprimatu) sistema baten bidez kostoak merketu eta tirada gutxiko liburuak zabaltzeko aukera ematen du. Beraz, badakizue, honez gero arbola eta umea badauzkazue...

Hitanoa klasean

Aukera ona izan daiteke euskaltegietan hitanoari zer trataera eman zaion begiratu eta hartaz jarduteko. Ausartuko naiz zertzelada batzuk botatzen (errematea zuen esku).

  • Ni naiz, hi haiz, hura da....- Zer da "hi haiz" hori? -A,.. ez da erabiltzen. Zenbat bider bota dugu gezur hau? Ze, gezurra da, ezta?
  • Ikasleak hitanoa X. mailan ikusi egin behar du. Zer esan nahi du "ikusi" horrek? Ikasi-ren sinonimoa ote da? Zertarako-zergatik "ikusi" behar da? (galdera da, ez ironiazko baieztapena).
  • Hika oso zaila da. Hala da? "Ikusi al dek?" bat ezin du hasierako mailako ikasle batek ulertu? Aditz paradigma osoa ikasi barik ezin da hika egin? Hika erabiltzea hiketan berba egitea da soilik?
  • Euskaldun askok ez dute hitanoa erabiltzen. Hala ere, euren berbetak ez du ez adierazkortasunik, ez hurbiltasunik galdu. Ezta?
  • "Hitanoa lantzeko ikastaroa", egin dira horrelakoak inoiz. Zelako jendea eta zeren bila dator halako ikastaroetara? Goi-mailako asuntua da hitanoa?
  • "Hemendik aurrera hikan egin behar dugu". Batzuetan bota dira horrelako enbidoak euskaldunen artean (berriak nahiz zaharrak). Horrelakoetan gure amarekin akordatzen naiz. Berrogei urtetik gora auzoko andrearekin (adin eta kategoria sozial berdintsukoak biak) "de usted". "Beti egin dugu horrela, orain zelan aldatuko dugu?".
  • Hitanoa (forma) propio landu duen irakaslerik ezagutu dut. Ikasleek asko ikasi dutela uste izan dute halakoetan. Merezi du?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia