04
Mar
2008

Geroa eta oraina

Lehengo ostiralean Donostian izan nintzen, Klusterrak antolatutako Geroa bermatzeko oraina ezagutu jardunaldian. Jardunaldian zer izan zen programan eta gaur agertu den kronikan daukazue informazioa. Neure partetik zertzelada batzuk norberaren ikuspuntutik, han egon zineten besteok osatzeko moduan.

Hasiera batean apur bat jokoz kanpo sentitu daiteke euskara irakaslea halako batean. Euskara teknikariak, soziolinguistikan adituak eta enparauen artean. Berehala pasatzen da sentsazioa hala ere, aurpegi ezagunak eta giroa orokorrean ikusten duzunean. Areago, han jende gehiago, edo, hobeto esanda, bestelako jendea ere egon beharko lukeela pentsatzen duzu. Ez dabiltza arbolaren azkenengo adararren puntan, ez, enborra eta sustraien artean baino.

Klusterrean orain zertan ari diren kontatu ziguten hasieran. Eta badabiltza, euskalgintzaren kezka nagusiei erantzunen bila, era zientifikoan eta elkarlanean. Erakunde publikoak eta euskalgintza askotan. Zarata handi barik, baina ekinean. Hala ere, aurpegi ezagun-publiko gutxi, eta prentsa ere asko ez. Ikerketa, planifikazioa eta antolamenduaren beharra azpimarratzea zen helburuetako bat. Beharra eta beharra antzematearen beharra badagoela susmatzen dut.

Xavier Vilak euskalgintzan dugun kezka nagusietako baten inguruan jardun zuen Kataluniako ikuspegitik: eskola eta normalizazioa. Hango egoera eta esperientzia kontatu zigun. Kataluneraren normalizazioaz berba egiten denean nahasten diren bi sentsazioak, kontrajarriak nonbati, eragin zituela begitandu zitzaidan: inbidia bateko, eta "han ere txakurrak oinutsik" besteko. Hitzaldi interesgarria hala ere, ekarpen batzuei erreparatu nien bereziki: "hizkuntzaren sozializazioa" kontzeptua, transmisioarekin parekatu daiteke kontzeptua neurri batean, baina oso argigarria egin zuen analisia, berrogeita hamar urtean zelan aldatu den arlo ezberdinen pisua: eskolak eta, gehien bat, kultura eta komunikabideek garrantzia zelan irabazi duten.

Arduratuta dabiltza bestalde hizkuntz-eskubideen inguruan dabiltzan azkenengo tira-birekin. Gaztelaniaren aldeko mogimenduak eta. Horren eta normalizazio-prozesuaren hutsuneen inguruan gurean gutxitan entzun dudan galdera planteatu zuen: Zer egin dugu txarto?

Hitzaldiaren amaieran galdera bota zioten: Zer egin daiteke erabileran aurrera egiteko? Erantzunak apur bat harritu ninduen (baita nire ondokoa ere), hizkuntz-bolondresak aipatu zituen lehenengo, (gure mintza-berbalagunak alegia) garrantzi handiko ekimen modura aurkeztuz; harreman sareak sustatzea hizkuntzaren alde ekin nahi dutenak eta ikasi nahi dutenak batuta... Beharbada ez digu ezer deskubritu, baina hemen gutxi-gutxitan aitortu zaie halako pisua ekimen horiei.

Malores Etxeberria eta Alex Mungia HABEko teknikariaren aurkezpenera joan nintzen ondoren. HABE tartean ibilita printzipioz guretzat interesgarriena izan zitekeen Buruntzaldeko esperientzia. Nondik oratu asmatu ezinik ibiltzen garen familia-transmisioaz dihardutela, gehiago. Esperientzia martxan dago une honetan, eta balorazioa barik oinarrien berri eman ziguten gehiago. Klaserako ideiak ez genituen hartuko seguruenik, baina Alex Mungiak HEAn ohikoak izan ez diren planteamendu pare bat mahaigaineratu zituen, aintzat hartzekoak duda barik. Batetik materialak egiteko orduan planteatu zuten galdera bera, labur baina potoloa: Ta? Hau da, honako eta halako materialak ditugu, politak, erakargarriak... baina honekin nola lortuko dugu familia-transmisioan eragitea? Errora jotzea da hori, ezta? Bestea, horri lotutako ikuspegia, afektibitatea, euskara-euskara-euskara horretatik harago joatea, zerbait gehiago eskaintzea... HEAn askotan planteatu beharko genituzkeen galderak eta bideak, duda barik. HABEko bideo-teknikaria ikusi genuen han, beraz, hitzaldia laster batean liburutegian izango da seguruenik.

Hitzaldia zelakoan tailerrean sueratu ginen ostean. Gazteen erabilera. Nondik gatoz eta nora goaz? galderari bueltak ematen jarri gintuzten Iñaki Eizmendi eta haren ekipoak, talde txikietan berriketan amaitu genuen hain zuzen ere. Estimatzen da horrelako bat Power Pointa eta mikrofonodunari begira denbora guztian egon beharrean. Gazteek euskara erabiltzeko zer egin? Sarritan entzuten dugun beste lelo bat.

Ardura igartzen da jendearengan, eta animoa. Gauza asko esan ziren taldeetan. Kontu bat geratu zitzaidan buruan, hizkera bizia eta kolokialaren beharra dela eta ez dela. Euskaltegietako euskaldun berriek (barkatu terminoagatik, Txerra) hizkera kolokializatzeko (Vilaren terminoa) ez dute hainbeste arazorik izaten. Ez da izango haiena hizkera jator-puru horietakoa, baina sagardotegian hirurogei euskaldun berri lasai berriketan ikusteak gazteek erabiltzeko arazoaren muina beste nonbait dagoela pentsarazten dit. Tira ba...

Arratsaldean izen handiak jarri zizkiguten mahai inguruan. Txillardegi, Kike Amonarriz eta Iñaki Martinez de Luna, Xabier Isasik moderatuta. Kale erabileraren neurketaren emaitzak direla eta ez direla normalizazio prozesuaren diagnostikoa egin ziguten. Gauza asko esan ziren, klabe batzuk: planifikazioaren beharra, adierazleak, euskararekiko pertzepzioak eta identifikazioa... Diagnostikoa esan dudan modura, irtenbiderako estrategia zirriborratzeko zantzuren bat bota nuen faltan akaso.

Txillardegiri egin zitzaion omenaldia amaieran, ondo merezita duda barik. Eta haren hitz batzuk geratu zaizkit gogoan ZP eta bestea hainbatgarren round-ean dabiltzala: euskararena arazo politikoa da azken batean... eta egia da, mila buelta emanda ere horretan amaitzen dugu beti.

Tira, zer kontatu eta zer komentatu asko emango lituzke jardunaldiak. Amaieran Klusterraren inguruan euskalgintzaren foro nagusia eduki dezakegula begitandu zitzaidan. Lastima kluster hitza hain ezaguna ez izatea.

Neu ere bertan izan nintzen

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Martxoa 5 - 13:32-(e)an bidalia.

Bai, neu ere bertan izan nintzen; eta Benito eta beste lagun batzuekin hitz aspertua izateko aukera izan nuen. Benitok ondo laburtu du bertan bizi izandakoa. Nik neuk erakargarri edo deigarriena suertatu zitzaidana baino ez dut azpirramarratu nahi.

Oso gustatu zitzaidan Vila-ren hitzaldia. Eta bertatik, autokritikarako bidea ireki zuen "Eta guk geuk zer egin dugu gaizki? Ez ote dugu akatsik egin?" Eta honen haritik egin zuen gogoeta psikolinguistikoa, orain arte entzun gabe neukana, nik neuk behintzat. "Ni arduraduna"ren krisiaren erdian (errua beti da besteena...)askatasun indibidualaren goratzarrea ematen hasia da: "Ez dut ezeren errurik, baina nahi dudana egin dezaket." Katalanaren (euskararen) ezagutza ezaren errurik ez dut nik; ezagutza bera ona da, aparteko
esfortzurik exigitzen ez duen neurrian; erabilerak, ordea, konpromiso pertsonala eskatzen du, ahalegina. Eta horretan, bakoitza da askea. Egoera honi egin behar diogu aurre eta, ahal dela, buelta eman. Nola? Hori beste kontu bat da. Eta horretaz eztabaidatu beharra dugu.Vilak berak zenbait iradokizun eskaini zituen: baliabideak ondo neurtu; ondo markatu lehentasunak; pragmatikoak bai, dogmatikoak ez; egokitu inguruko egoerara...

Buruntzaldeko esperientzia dela-eta, Benitok aipatutakoaz gain, beste bi gogoeta azpimarratu nahiko nuke, euskalduntze-alfabetatzean ari garenontzat interesgarriak izan daitezkeelakoan:
- Erakarri, ez uxatu;
- Lankidetzan, inposatu gabe. Benetako talde-lana
- Betikoak betikora garamatza. Beraz, ondo pentsatu, hausnartu norengana jotzen dugun, zer nahi dugun.
- Materiala, produktua, bai; baina prozesuari lehenatasuna emanda.

Arratsaldeko mahai-inguruaz ere pare bat gogoeta, eskaini zitzaizkigun hainbat daturen artean:
- Euskaldunok lortu behar dugu gure kultura eta bizimodua erakargarria suertatzea. Izanere, gure gunea, ingurua, trinkotu egin dugu, baina kosta egiten zaigu periferiara igarotzea.

Betikoa ondo?

Benito-(e)k 2008, Martxoa 5 - 18:15-(e)an bidalia.

Bai, gauza piloa han. Orain esan duzula, Alex Mungia eta Malores Etxeberriaren "betikoak betikora" hori Vilaren "Zer egin dugu txarto?" horrekin lotu nuela gogoratu dut. "Betikoarekin zer egin dugu txarto?" galderara etor daiteke.

Bide batez, Sustatun ere ari dira komentatzen.

Materialak sarean

Benito-(e)k 2008, Martxoa 6 - 18:44-(e)an bidalia.

Klusterrekoek, agindu bezala, materialak ipini dituzte sarean. Hemen dauzkazue: http://www.soziolinguistika.org/eu/node/3000

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia