25
Mar
2010

Etxekoak

AEK

Inoiz esan dit inork AEKn lanean ibiltzeko AEK gutxi izaten dela hemen. Ez dakit zehazki zer-zergatik esan nahi zidan, eta, egia esanda, ez nuen horrekin burua nekatzeko gogorik izan orduan (ezta orain ere), baina larunbat honetan AEKren XIII. Mintegia dugu eta etxera begira jartzeko gogo hori piztu zait. Ummmm.....AEKren mintegiak.

AEKren mintegiak seguraski euskaltzale askok zuzenean, zeharka. errebotean edo botibolean ezagunak dituzte. Esango nuke honez gero euskaltzaleen mitologia txiki-partikularrean markaren bat utzi dutela: "Txosten eta Emendakiña" terminoak zabaltzen eta finkatzen iturri nagusietako bat izan direla esatera ausartuko nintzateke, besteak beste. Ala ez? Orain AEKn "emendakin" historiko-monumental horren ordez "zuzenketa" domestikoagoa erabiltzen dugu eta nostalgia apur bat dator, bai.

30 urte lehenengo mintegia egin zenetik. AEK zaharragoa da hala ere, geu ere bai, zaharragoak.

Eta 1979 hartan Arantzazuko apostoluen eta haitzen artean koordinatu aditza jokatu nahi, eskola eta gaua biltzen zuen gau-eskola konposizioa eta "nora goaz?" galdera Aizkorripeko aire garbian hegan. "Nora joan gara?" galdetzeko tentazioa egon liteke hura ikusita, eta erantzunak AEKren mugak gaindituko ditu seguruenik: Nora joan da AEK? Nora joan dira ordukoak? Eta "nora joan" horri izan aditzaren trinko laguntzaile guztiak erantsita galdera interesgarriak sortuko dira, dudarik ez.

Eta, zorionez, "nora goaz?" galdera horrek askoren gogo-ahotan jarraitzen du gaur egun ere, barruan zein kanpoan. AEK-k berak hamahiru biderrez gutxienez galdetu du harezkero, eta galdera horren historiak "nondik gatoz?" galderari erantzuteko balioko die askori gaur egun, galderaz beteriko historia:

"Zer-nola egingo dugu euskararen berreskurapenean eragiteko?",  "Nola lortu erakunde sendoa izatea?" , "Nola izan erakunde herritarra?",  "Nola ailegatu bazter eta pertsona guztiengana?", "Administrazio hauekin zer egin?",   "Zer gehiago egin?", "Zer hobeto egin?"... eta galderaz galdera josi dira hogeita hamar urteotako historia eta istorioak, pertsonak eta lanak, gaziak eta gozoak; ahaleginak, ekinak eta eginak; txostenak eta emendakinak...eta bertso zeremonialak egiten amaituko dut horrela segituz gero.

Tira ba, larunbat honetan Gasteizen berriro jarriko gara "nora goaz?" hori egosten. Asmatuko dugu? Galdetu ezean ez dugu asmatuko, hori ziertoena.

Dakidan bakarra da gauza batean gutxienez berrikuntza egon dela: txosten eta emendakinen festibala ez da festibal bakarra izango oraingoan. Bide onetik goaz?

Bidea ederra da...

Antton (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Martxoa 26 - 16:04-(e)an bidalia.

Larunbat goizean, zenbat lagun ez den kausituko bideetan! Goizeko ordu txikietan batzuk, Euskal Herriko txoko guzietatik,begiei hatza ezin kenduz, kilometroz-kilometro, asfaltoa irentsiz, ortzemuga urrun eta lainotuan behakoa galdurik, huts egin ez lezakeen, eta oroz gainetik huts egin nahi ez lukeen hitzordurako bidean... Sabela eta bihotza, mila pinpinlinpausek kilikatua, pozarekin, nostalgiarekin edota harrotasun zerbaitekin ere, azken hiru hamarkadetan zehar eginaz, ikusiaz eta biziaz, eta biziaren esker onez. Azkenean, ahopetik bada ere, doi bat harro izatekoa baita, hain aspaldi hasi partida honetan, Herri oso batek eginaren ttanttoak biltzeko orduan.

Hamarkadak betetzea, pausatu eta eginari beha egotekoa izaten da.
Flash-back-ak.
30 urte.
30 urte, euskara ikasten lehenik, izerdia botatzen, arau ilogikoen kokatzen logikoen artean. 1000 euskaldun gehiago.
30 urte, euskara irakasten, jendea biltzen, gauero-gauero, hiri erdian, borda batean, karrika itsu batean, nunnahi, zernahi jende. 2000 euskaldun gehiago.
30 urte, korrikak antolatzen, korrikak egiten, beti kilometro gehiago, beti jende gehiago. 30 urte, eremuak irabazten ez, konkistatzen, karrikan gaindi euskara predikatzen. 4000 euskaldun gehiago.
30 urte, etsitzen eta kexatzen ere, biharamun zohardiagoen zain, lanaren arrazoin onaz konbentziturik eta eusten. 8000 euskaldun gehiago.
30 urte, mintza-pratika bultzatzen, mintza pratika egiten, euskara doazkion eremu guzietara sarrarazten, eremu horietan finkatzen, zubiak eraikitzen, zuzentzen, gogoetatzen, berreraikitzen, lan egiten, ihardokitzen, asmatzen, ber-asmatzen... zenbat euskaldun gehiago?

30 urte eta jendeak. Azkenean AEK hori baita oroz gainetik, Pertsonak. Dauden Pertsonak, izan direnak eta egonen direnak. Langileak, erakasleak, lagunak, bai, bainan sustut, sustut, ikasleak, laguntzaileak, herri bat, mundu bat. Pertsonak, ezagutu direnak, bidaide izan direnak, maitatu direnak, edo ez. Pertsonak, zeinengandik beste batzuk asko dugun ikasteko. Hainbeste euskaldun!!

Larunbat goizean bidean, Pertsona asko egonen dira, dudarik gabe. Bihotzean pinpinlinak. Gogoan izanen dituztenak, oroitzapen onak izanen dira, metatu ttanttoak bailiran, txarrak aspaldian ahantzi baitziren, berekin arrastaka eraman gabe.

Hamarkadak betetzea, pausatu eta eginari beha egotekoa izaten da.
Alta ez gelditzekoa.
Hamarkada berriaren ortzemuga zenbait kilometroz hurbildu da, lainoak barreiatu dira, jada. 30 urte, heldutasunaren eta arduraren adina? Heldutasuna, itxuren arabera, ez baita gaur lortatukoa, bihurgune berri baten negoziatzeko ordua, besterik ez. Hamarkada berrian sarturik gara, hogeita hamaikagarrenean ari garenez... 31. Bizkitartean, partida ez da bukatua...

31. Ez da musik. Ez. Esku denari, inbido guziak libre, hordagoak ere zilegi.
Mintza haundian beraz!!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia