19
Urr
2008

"El euskaltegi" aztertuta

Badakizue Karraju honetatik gustatzen zaigula euskararen inguruko kontuetatik harago hizkuntzaren irakaskuntzarekin lotura duten kontu eta pertsonei jarraipena, eta ahal bada, haiekin harremana izatea. Horrela bada, gure lagunen artean ELE edo gaztelaniaren irakaskuntzan dabilen jendea ere badugu, bi (hurbilenak) aipatzearren :Ibilbideako Iñaki edo Tres Tizaseko laukotea adibidez. Ekarpen eta ideia interesgarrien iturri ditugu bi hauek eta beste hainbeste.

Tres Tizasekoek hain zuzen ere, sorpresatxoa eman digute aste honetan. Aspaldian zabaldu zuten "Te cedo la palabra"  txokotxoa, hor "erresidenteak" ez diren blogariak gonbidatzen dituzte lantzean behin, eta aste honetan gonbidatu benetan interesgarria ekarri digute: Leonor Quintana.

Leonor gaztelania irakaslea dugu, Grezian dihardu, eta ELEren (gaztelaniaren irakaskuntza) munduan interneteko saltsero bizienetako bat da. Bere blogetik aparte, TodoEle eta Comunidad Todoeleko sustatzaile eta partaide aktibo dugu, eta beste hainbat salsatan ere badabil.

Eta Leonorrek proposamen benetan bitxia ekarri digu Tres Tizasera. Vaya Semanitako "Euskaltegi" sortako sketch batetik behaketa-azterketa didaktikoa egin digu. Gauza batzuk ikusi ditu Leonorrek esketx horretan. Azpimarragarriena nire ustez, gogoeta didaktikoa bistan eta eskura ditugun elementu kotidianoetatik ere abiatu daitekeela erakustea izan da. Ariketa interesgarria izan da eta ezin izan dut hona ekartzeko tentazioari eutsi. Beraz, Leonorren beraren baimenarekin (mila esker, gracias, ευχαριστώ) artikulua itzuli eta hemen duzue:

Oso dibertigarria da ETBren bideo hau, H2ko ikasle eta irakasleentzat batez ere. Baina jo dezagun hau benetako klasea dela... Zer esan genezake?
  1. H1 edo H2 klaseko hizkuntza bezala erabiltzea. Andereñok H1 (gaztelania) baino ez du erabiltzen, gehiegi eta sobera, kasu honetan arrazoiek ez daukate zer ikusirik metodologiarekin, telebistarekin baino, bistan dago. H1en erabilera, duda barik, faktore askoren menpe dago, helburuak eta programa betetzeko denbora besteak beste, eta askotan komenigarria ere izan daiteke, baina nire ustez ahalik eta gehien mugatzen ahalegindu beharko genuke. Comunidad Todoelen horri buruzko eztabaida bat dago eta bisitatzea gomendatzen dizuet bide batez.

  2. Afektibitatearen garrantzia ikaskuntzan. Alfredo eta Edorta ikasteko motibazioaren bi muturren ereduak dira. Ikasleak animatzea irakaslearen lanaren partea dela uste dut, baina aldi berean ikastaldean oreka mantendu behar da, inork geure arreta monopolizatu gabe, horretarako guztien parte-hartzea ahalbidetzen duten teknikak beharko genituzke, talde-lana bezala. Era berean ikasleen adina, izaera eta ikasteari buruz hark dituen ideiak errespetatu behar dira, inor baztertuta eta lekuz kanpo sentiarazi gabe, Alfredo bezala. Aukera eman behar zaie guzti-guztiei, eta ez ideia pedagogiko ultraberritzaileei neofitoaren grinarekin itsu-itsu eutsi.

  3. Errorearen trataera. Hizkuntzen irakaskuntzan berebizikoa da ikasleari ulertaraztea errorea oso produktiboa dela eta arriskurik hartzen ez duenak gutxi ikasiko duela. Hala ere, zeintzuk errore zuzenduko ditugun ikusi behar da, eta, batez ere, nola zuzendu. Kontrakoa pentsatu daitekeen arren, neure esperientziak diost helduak sentiberagoak direla honetan. Nik neuk kezka berezia dut, nahi dut ikaslea erroreaz konturatzea, baina ez dut honekin larritzerik nahi, eta aldi berean, arduratzen nau erroreok hasierako etapetan arretarik ez emateagatik fosilizatzea, horretarako moduak aurkitzea da nire kezka.

  4. Agindutako atazen egokitasuna. Dudarik gabe, irakasle ona ikasleekin arduratzen da, baina era berean arduratzen da ikasleari ataza bat eman baino lehen hura egiteko beharko dituen informazioa eta ereduak ematen. Nola emango dizkiogu orduan, edozein gai eta mailatan, egiteko moduan ez dagoen lanak? Baina, kontuz! Ez gaitezen kontrako muturrean eror, eta ez dezagun ikaslearen gaitasuna gutxietsi.

Bufa! Irakastea konplexua da benetan eta zuen esperientziak eta ikuspuntuak ere ezagutu nahi nituzke. Nik bideoa ikusi ondoren neure gogoetak kontatu baino ez dizuet egin.

Leonorren analisiari gehitzekorik? Zer diozue?

VSko sketch batetik hau ateratzen badugu, benetako klase batetik zer ez genuke aterako? Ezta?

Lotura: Leonor Quintana: Comunidad Todoele (Tres Tizas)

Euskaltegui

Josu L (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 21 - 11:13-(e)an bidalia.

Eta ikasleak lerro bitan irakaslearen aurrez-aurre? Horrelakorik ez da ikusten gaur egun euskaltegietan, ezta? Ezta?

Zerbitzari handiagoa behar baduzu, egingo dugu "a eskote" ;-) Hau agertu zait duela gutxi:

Bandwidth Limit Exceeded
The server is temporarily unable to service your request due to the site owner reaching his/her bandwidth limit. Please try again later.

Zerbitzariarena

Benito-(e)k 2008, Urria 21 - 13:00-(e)an bidalia.

Zerbitzariarena aspaldikoa da, baina arazoa ez da bisita kopurua, hau ez da Youtube! Dagoen bisita kopuruarekin eta jakinda hemengo edukiak testu hutsa direla (ez dago fitxategirik eta irudiak ere hemendik kanpo daude), daukagun kontratuarekin soberan eduki beharko genuke.

Arazoa, gure lagun bat da, ez du gaiztoa izan nahi baina batzuetan fede onarekin faenatxoren bat egiten du. Hain zuzen ere Google-en "spider-ak" otsailetik dabiltza Karrajua zurrupatzen egun santu guztian behin eta berriz, banda zabalera jan eta jan. Izan ere hil batzuetan kontratatuta daukagun bandaren (6gb) %500era heldu da aingerutxoaren armosua.

Zerbitzariekoekin komentatu nuen eta eurak ere harrituta geratu ziren. Gomendatzen diren neurriak hartu nituen (robots.txt-en arauak ezarri, sitemap-a erabili...), baina alferrik. Umea maiteminduta daukagu.

Ekainean konponbide drastikoa eman nion. Umeari "amaitu da!" esan nion eta  Karrajura spider-ik ez bidaltzeko. Hau da, Google-i Karrajua indexatzeko atea itxi egin nion. Eta ordutik hona banda-zabaleraren kontsumoa logikaren barrukoa izan da.

Kontua da, bitartean Karrajua Google-etik desagertu egin dela. Hau da, norbaitek Karrajuan dagoen zerbait bilatzen badu ez duela aurkituko, eta Karrajuaren barne bilaketa berak ere ez ditu barne-edukiak zerrendatzen. Hau ere faenatxoa da.

Orduan, lehengo egunean, pentsatu nuen umeari uda aurreko demaseko gose hori pasatuko zitzaiola eta zigorra kendu nion. Baina, uste dut lehengora bueltatzen hasi dela. Dena dela oraindik egun batzuk emango dizkiogu zelan portatzen den ikusteko.

Estimatzen da eskaintza, eskotea ipintzearena. Baina arazoa da umeak orain jaten duena ordaintzeko soldata asko behar direla, eta ez da normala. Arazoa teknikoki konpontzen saiatuko naiz, eta horrela jarraitzen badu, ba dietan ipiniko dut berriro.

Hala ere, bitartean bankuak eta burtsarekin etsita dabilen inbertsore serioren bat badabil munduan (halakorik balego...), hemen balore segurua dauka. Geure asmo bakarra dirua hartu eta Parisko eta Konstantinoplako zubietan gure umearekin zaku-lasterketak egitea baino ez da. Ez dugu inbertsorea engainatuko, ezta okurritu ere!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia