Erabili.com-en artikulu bi agertu dira egunotan bata bestearen haritik. Asier Larrinaga ETBko Euskara Sailaren buruak lantzean behin artikulu interesgarriak argitaratzen ditu berton, hizkuntz-irizpideak hizpide, zuzentasuna eta egokitasuna hain zuzen ere.
Lehengo astean BERANDUago, GEROago izenekoa irakurri ahal izan genuen, BeranduAGO/geroAGO zuzen erabiltzeko arauak-edo eman nahian.
Gaur baina, Bittor Hidalgo Filologia irakasleak erantzun dio "BERANDUago, GEROago" erantzunez artikuluan. Corpusa eskuan, Asierrek emandako arauak ez direla hain argi betetzen dio. Artikuluaren akabuan gogoeta hau egin du Bittorrek (azpimarra nirea da):
Baina maiztasunak maiztasuna adierazten du (kasu honetan %10 ingurukoa EPGn, nahiz ez daukagun halako daturi OEHTCekorik). Eta ez gutxiengoak anatemizatzeko eskubidea. Ala bai? Eta gutxiago kasu honetan bezala, gutxiengo ondo kualifikatuak direnean. Nahiz eta gure artean oso ohituak garen bestera. Asierrena bezalako artikuluen ondoren (lehenago ere seguru asko), EGAren antzeko edozein frogatan eskatuko zaie azterketariei lotsa gabe gaitzesteko euskara erabiltzaile on askoek darabiltzaten formak, eta aurrerantzean gero eta gutxiago izanen dira noski hau erabiltzen ausartuko diren idazleak, euskara txarra darabiltelako salaketaren beldur petan. Eta hori hizkuntza inkisizioa da. Hemen jasotako autore saldoek suspendituko zuketen praktikan halako item gaizto eta apokrifoa.
Uste dugu arau eta gaitzespen berriek, honek dituen baino oinarri sendoagoak behar dituztela. Eta batez ere ez daitezela joan benetako euskara erabiltzaileen erabileren kontrara. Hainbat euskalki, euskalki asko edo euskalki guztietako erabileraren kontrara, eta ahozko edo idatzizko tradizioen kontra. Jakinaz gainera erabilera txikiagoko esamoldeek adierazkorragoak ohi direla, ñabardura gehiagoren komunikatzaile hobe, eta beraz balio gehituak gure hizkuntz altxorrean.
Eztabaidak jarraitu egingo du seguru asko. Ez dut bata edo bestearen alde egingo. Baina euskara ikasten duen baten lekuan jarrita, eta hizkuntza ikastea hipotesiak sortu, egiaztatu eta tarteko hizkuntza berreraikitzean datzala onartzen badugu, ikasleak zeini egingo dio kasu handiago? Arauen bildumari ala aurkitu ditzakeen erabilera laginei?
EGA eskuratu nahi badu, argi dago.
Bittorrek aipatzen duen hizkuntza-inkisizioa bezalakorik dabil hemen inguruan? Hala bada, euskaltegietan noraino sartuta daukagu inkisizio hori? Inkisidore sentitu zarete inoiz? Gogoeta interesgarria.
PD: inguruko hizkuntza batzuetan beranduago-geroago bereizketa zelan gertatzen den arakatzen ibili naiz (oso azaletik). Gaztelaniaz "Dos años más tarde"-"Dos años después" sinonimotzat hartu daitezke. Ingelesez "Ten years after" eta " Ten years later" ditugu, parekoak dirudite (ez nago oso seguru baina). Italieraz, berriz, "Due anni dopo" eta "Due anni piu tardi" ditugu (dena dela italiar batek esan dit bigarren hori ez zaiola oso zuzena egiten).
Zertara dator hau? Askotan oker-zuzen bedeinkapena emateko inguruko hizkuntzen eragina ipintzen da mahai gainean. Ikasle batek ama-hizkuntzatik hasita egiten baditu xede-hizkuntzari buruzko hipotesiak, hipotesi horietako aldagai modura hartu beharko luke euskararen berezitasunaren tamaina, ezta? Lau erantzunen artean aukera bakarra egin behar denean adibidez.
Argazkia: 30 years later (Atanas)
Musika: Alvin Lee eta koadrila
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu



jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Neuk ere irakurri dut erabili.com-eko eztabaida hori, eta ondorio bertsuetara heldu naiz. Zenbat bider ez ote ditugu Bittor Hidalgok deitzen dituen "mito" horiek lege bihurtu?
Euskararen mundu honetan, sentsazioa daukat askotan lege egiten dugula, ez soilik adituren bati-edo entzundakoa, baizik eta, euskaltegian bertan, irakasle "beteranoago" bati entzundakoak ere. Horren arabera irakasten dugu, nahiz eta euskaltegiko eta inguruko euskaldun guztiek beste lege bat erabili.
Jakin badakit ezin garela, zalantza bakoitzeko, Bittorrek egin duen bezalako ikerketa mardulak egiten ari; baina, ustez behintzat, baditugu horretarako erakundeak, datuen argitara gauzak garbi utzi beharko luketenak. Eta eragin, gainera, "mito" ustel horiek ez dezaten inoren gaitasuna kolokan jarri, Arkaitz Zarragak erabili.com-en kontatutako kasurik berriz izan ez dadin.