02
Mar
2007

Berrian berri

Gaurko Berria (07/03/01) irakurtzen hasi eta geurearen inguruko kontu batzuk topatu ditut. Hausnarketako kontuak.

Xabier Etxaniz Rojok Maratila zutabean Isabel Celaa sozialistak EAEko hezkuntza sistemaz egin dituen adierazpen-proposamenak ironiaren galbahetik pasatu ditu Enseñame the way, Ixabel artikuluan. Euskara, gaztelania eta ingelesa lantzen dituen sistema eskatuta, hau izan da Xabierren ondorioa:

Bale, arrazoi duzue. Orain artekoari ironia esan dakioke. Ez, ordea, hatzak minduta neuzkalako kontuari. Egia da, egia denez, txalo zaparrada jo nuela berria irakurritakoan, eta ez da gutxiagorako, proposamen honekin euskaltegietako irakasleok betiko izango baitugu lana ziurtatuta.

Hurrengoa orrialde batzuk atzerago, IKAren iragarkia: "Euskara irakasleak behar ditugu". Ez dut uste IKA pertsonal faltan dagoen bakarra denik, kontua ez da erraz plazaratzen, baina eskaerari erantzuteko zer arazo dauden esaten hasteko sasoia ez ote den nago: euskaltegiko irakasleen lan-baldintzak, errekonozimendu soziala eta garapen profesionalerako aukerak tartean.

Lana ez zaigu faltako akaso, baina eskolak ez duela euskalduntzen, euskaltegiak bermea emateko moduan gaude?

Hirugarrena Zuzendariari sailean, gutunen artean alegia. Nor da Mikel Urdangarin? izenburua ekarri du batek. Gramatika irakasten dela, baina euskara ikasleek gure kulturaren berri ez dakitela. Ez dut kontrakorik esango, eduki soziokulturalez egin da berba azken urteotan han eta hemen, curriculumetan ere bai, baina orain arte ez dut edukion garapen seriorik ezagutu. Kulturaren dibulgazioa eta, oro har, hizkuntzaren inguruan dabilen mundua ezagutzea hizkuntza ikastearen ezinbesteko osagaia izan behar du duda gutxi daude, hala ere, zein izan behar dugu helburua? Mikel Urdangarin norberari bezala gustatzea, ala Mikel Urdangarinen kantuez ikasleari bere iritzia egiteko baliabideak eta aukerak ematea? Euskaldun guztiei ez zaie euskaraz egiten den guztia gustatzen eta ikasleari ere ez dio zertan gustatu. Areago, ezagutu ditut kasuak, landuaren landuaz eta ipiniaren ipiniaz, irakasle "dibulgatiboren" batek ikasleak kantari, idazle edo bertsolariren bati tirria hartzea lortu dutenak.

Gure kultur produkzioak, dituen bertute guztiak dituela (eta ez dut nik esango bertuterik ez daukanik inondik ere), munduko produkzio guztien modura, ez du zertan izan denon gustuko. Hori bai, ia edonork topatu dezake gustuko zerbait seguruenik, gustuei erreparatzea da kontua.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia