27
Urr
2008

(Auto)inmolazioa

Gaur goizean Amarauna irratsaioan blogen heriotzaz egin digute galdera tertuliakideoi. Luzatzeko tarterik ez, eta grazia pare batekin erantzun dugu. Autoinmolazioa egiten gatozela-edo (saioa hemen entzun dezakezue).

Hileta kanpaiak zabaldu dira azkenotan blogei eskainita, zarata handiarekin batzuk, baikor eta burutsu erantzun nahi izan dute bestetzuk. Duela bizpahiru urteko euforiaren ifrentzuan sartu garela esan daiteke behinik behin.

Arratsaldean berriz, RSSaren txorrotak tanta latza ekarri du. Ibilbidea blogaren iturriak "Fin" esan digu. Zer da ba? Zer amaitu da? Bloga bera. Iñakik sarrera guztiak ezabatu ditu dagoeneko, eta laster bloga ezabatzeko asmoa dauka.

Zer dela eta?

Porque mi objetivo original de utilizar el blog como espacio de reflexión y discusión no se ha cumplido, en su lugar, ha sido más bien una especie de tablón de anuncios donde la interacción con mis lectores ha sido muy baja o, al menos, más baja de lo que a mí me hubiera gustado que fuera. El potencial interactivo (esto es web 2.0) del blog apenas se ha desarrollado y, por esta razón, renuncio a invertir más tiempo y esfuerzo en este proyecto.

2.0 delako honek ez ditu Iñakiren espektatibak bete, bistan da. Inoizko oparoena izango zen uztak etsipena ekarri dio nagusiki. Arrazoizko arrazoi bat tartean:

Leo por aquí y por allá sobre las grandezas de la web 2.0, pero veo mucha teoría (potencia) y poca experiencia práctica (acto).

Iñakik esan du, esan, baina aitortu behar dut neuk ere izan dudala sentsazio hori berori behin baino gehiagotan. Partekatzea, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa, feedback-a, elkarrizketa... Eta zertan-non-noiz gertatu da hori? Nola? Kasuak pentsatzen hasi eta topatzea kostatzen da. Geure arloan gehien bat. Adibide espektakularrik ez behintzat.

Arazoa ez ei dago bitartekoetan, geugan baino:

De cualquier modo, tengo la sensación de que el problema de fondo no está en la tecnología, sino en los usuarios. Sospecho que el espíritu web 2.0 no está muy extendido entre los usuarios, por eso es que las herramientas web 2.0 no desarrollan mucho su potencial interactivo.

Iñakiren gogoeta gordina izan da, baina zintzoa. Horrela geratu zaio berari. Eta geuri?

Has gaitezen bertotik, Karrajutik. Partaidetza (horretaz ere galdetu digute gaur goizean), bilatzen duguna eta espero duguna. Ondo da. Zer partaidetza izan dugu? Zortzi-hamar lagunek bidali digute artikuluren bat inoiz. Hogei, hogeita hamarren batek egin dizkigute ekarpenak iruzkinen bidez. Partaidetza da hori? Argi eta garbi: BAI. Eta inportanteena, zenbat jendek irakurtzen du hau? Estatistikak hartuta eta prudentziaren eta zentzunaren galbahe guztiak pasatuta estimazioa eginez, berrogeita hamarren bat esango nuke. Hori ere partaidetza da. Ala ez?

Zer nahi genuen bada? Gehiago? Nahi bai, beti. Espero genuen? Nik neuk behintzat ez. Beharbada espektatiben neurrian dago koxka.

Hala ere, egon liteke beste faktore bat etsipena sor dezakeena, publiko falta baino larriagoa nire ustez. Ez dakit zelan deitu. Akaso psikolastoaren ziklo etengabea. Ideiak, iritziak, albisteak bota, jaso, jorratu, tratatu, landu, jardun eta jardun, baina hori guztia ezertan ez dela gauzatzen sentitu. Akabuan alferrik edo ari zarela senti dezakezu.

Karrajua ez dugu itxiko, ez. Gainera, beste endredo batean sartuta gutxiago. Baina Iñakik esan duen modura honek guztiak beste karga bat ere ekartzen du, informazioaren eta elkarrizketaren sobredosia, eta haren tentsioa eta estresa. Horrek guztiak ezer ez digula ekartzen sentitzen hasten bagara, okerrago.

Ez dakit 2.0 edo dena delako botika honek zenbat gaitz eta zelan sendatuko dituen. Seguruenik ez esaten den beste, eta botika aipatze hutsarekin gutxiago. Hala ere, oraindik esango nuke gure botikinetan laster batean beharrezkoa izango dela, hori bai, betiko tiriten eta merkrominaren ondoan. Testatzen jarraituko dugu apur batean, ezta?

PD. Iñakiri egin duen ahalegina eta utzi dizkigun gogoetak, ideiak, materialak eta lan guztiak eskertu barik ezin amaitu. Penaz baina eskerrik asko, zorte on, eta berriro jausten bazara tentazioan, badakizu non gaituzun. ;-)

Fast & Slow

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 27 - 14:06-(e)an bidalia.

Iñakik esandako gauzatxo batek jarri nau pentsatzen: ante la sobreestimulación constante, el tiempo que le dedicamos a cada contenido es mínimo. Por ejemplo, cada vez que accedo a mi Bloglines tengo una media de sesenta noticias nuevas, a las que no suelo dedicar más de un cuarto de hora. Las entradas de nuestros blogs se ven enterradas por el aluvión constante de información en la red. Así que prefiero pasarme al Slow Movement…

Ez diot arrazoirik ukatuko, niri neuri ere sarritan antzeko zerbait gertatzen baitzait. Baina, ba al dago esaterik 2.0 hau 'fast food'aren mundua dela eta ohikoa (hitzaldiak, aldizkariak...), berriz, 'slow food'arena?

Erantzuna konplexua da, ezen, analogiarekin jarraituz, bata, fast fooda, loditzen duen kalitaterik gabeko informazioa genuke, gabeziaz betea eta bestea, aldiz, slow fooda, kalitatezkoa eta bermeduna. Eta batzuetan honela da, ez dago ukatzerik, baina dikotomia sinplistegia iruditzen zait. Egia da, adibide bat jartzearren, RSSa erabiltzen dugunok gauza asko irakurtzn ditugula egunean zehar eta horietako asko azal-azaletik korrika eta presaka (fast), baina badira astiro dastatzen ditugunak ere. Kontua betiko moduan urdaila ondo izatea eta digestio ona egitea da.

Gai honek, beste zenbait osagai izangatik, nahikoa gaurkoz. On egin dagizuela!

Ez zen hori esan gura nuena

Iñaki Calvo (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 27 - 17:16-(e)an bidalia.

Ez zen nire asmoa blogak fast-foodarekin erkatzea. Izan ere, "Slow Foodaz" baino "Slow Movementaz" (kontzeptu zabalagoa hau) hitz egin nuen nik.

Zera da esan nahi nuena: momentu honetan nire lana foro txikiago eta itxietan (unibertsitateko seminarioetan edo gure ikerketa taldean egiten dugun lez) burutzea eta hedabide tradizionaletan argitaratzea nahiago dudala. Ez dut esango aldizkari espezializatu bat edo seminario bat blog bat baino hobeak direnik, baizik eta, orain, niretzat egokiagoak direla. Besterik ez.

Triunbiratoa

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 27 - 14:26-(e)an bidalia.

Nik ez dut, oraingoz, blogen kontu honetan hil kanpairik aditzen. Komunikazio behar bati erantzuten baitio blogak. Are, Blog and beers honen aparra bere onera etortzen denean, dastatuko dugu zukurik onena nire ustetan. Dagokion tenperaturan eta tamainan. Ados nago honetan Icarorekin, blog onenek iraungo dute, komunitatedunek,alegia. Dena den, zail egiten zaigu jarioa mantentzea gure mundutxo honetan eta horregatik dira garrantzitsu Benito bezalako morroiak eta berauen motibazioa mantentzea, izan ere ordain eskaseko lan eskerga eskatzen du hau bezalako gune bat (bloga baino gehiago da Karrajua) mantentzeak.

Lotsagabe hutsa naizenez, atrebentzia osoz, esku artean darabiltzagun tresnetako batzuk definitzen saiatuko naiz. Hara, hiru hodi ditugu, gaur gaurkoz, hemen ibiltzen garenetako askok: Karrajua bera, Atoan eta Euskara Irakasleak. Eta hodi bakoitzak izan behar du berezko izaera: Euskara Irakasleak-ek elkarrizketa-gunea izan behar du batik bat, Atoanek sarean topatutako kontu nabarmenenak (copy-past) biltzen dituena eta Karrajuaren gune nagusiak, berriz, copy-pastetik haratago joan behar du, hausnarketa pertsonalera lerratuz.

Hodi horietako informazio transmisioak ere abiadura ezberdinak izango ditu. Atoan eta Euskara Irakasleak-en abiadura azkarretik (fast) Karrajuaren mantsoagora (slow). Hirurak, nire ustetan behar beharrezko.

Hau triunbiratoa!

Triunbiratoa, errepublika, inperioa, kaosa

Benito-(e)k 2008, Urria 27 - 20:16-(e)an bidalia.

Triunbirato bat kendu eta beste bat ipini? Ez da izango! Tongue out

Egia esanda, nik ez daukat ardura berezirik jarioa, konexioak eta hartu-emana egiten diren lekua zein den eta izena zelan daukan. Hasieratik esan dut hau probalekua baino ez dela, eta hor daude espektatibak.

Erroma zaharrean errepublikatik triunbiratora eta handik inperiora joan ziren. Eta denboraren denboraz kaos mediebalean amaitu zen dena. Eta neure ilusioa kaosera heltzea da (ulertzen da, ezta? Wink).

Eta kaos horretatik gauza pare bat irteten direla ikusi nahi nuke:

  • Eginen eta ideien artean etengabeko txorrot kaotikoa.
  • Errealitate eta jarduera desberdinak eta eraginkorrak.

Argi esanda: egiten denaren berri izatea eta esaten dena lekuren batera heldu dela eta onerako izan dela ikustea.

Non, nork eta nola esanda? Hori gutxienekoa da.

A! Eta ohartxo bat. Honek ez du hainbesteko lanik eskatzen, egia da. Gogoa bai. Baina hori Iñakik esan duen honekin dago lotuta: "el problema de fondo no está en la tecnología, sino en los usuarios".  Eta mundu errealean nahiz ustez birtualean harri berarekin egngo dugu topo seguruenik.

Ebaluazioa

Iñaki Calvo (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 27 - 17:34-(e)an bidalia.

Hasteko eta behin, eskerrik asko zuri, Benito, nire Ibilbidean izaniko partaidetzagatik; eta animo zure produkzio digital ugariarekin!

Nire blogaren itxiera modu errazean azaltzeko, zera esango nuke, ebaluazio garaia heldu zaiola eta argi asko ikusi dudala ez dituela nire helburuak bete. Nik nahi nuena eztabaidaleku bizia sortzea zen, ez bakarrik nire ideiak argitara emateko lekutxo bat izatea. Zoritzarrez, bigarren gauza hau lortu dut (jarraipen nahikoa neukan, estadistikari kasu egin behar badiot), baina ez lehenengoa (ene ustetan, eztabaida pobreegia zen).

Masterrean eginiko talde lana askoz ere probetxugarriagoa izan da niretzat, agian azken hau benetako talde lana izan delako, zeinetan guztiok inplikatu garen eta gure ekarpena izan dugun. Horrexegatik, hain zuzen ere, lan dinamika honekin jarraitzea erabaki dut, blogak baino fruitu goxoagoak eman dizkidalako.

Azkenik, azpimarratu nahi nuke hau nire aukera pertsonala dela, besterik ez.

Eskerrik asko berriro ere eta animo!

eta orain nik zer esan dezaket esan ez dena?

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 29 - 10:32-(e)an bidalia.

Ni beti berandu iristen naiz blogetara. Hori da nire pena eta nire gurutzea.

Partaidetza faltaren problemak asko izango dira, horietako batzuk gure kultura faltari lotutakoak izango dira noski, neurri batean heziketaren bidez konponduko da hori.
Adibidez, nire haurrak 4 urterekin sentitu zuen fotoblog bat zabaltzeko desioa eta 7 urterekin izan zuen blog zabalago bat izateko nahia, bera kultura horretan sentitzen da murgildurik eta orain bideoklip batzuk egiten ari da youtube-ra igotzeko asmotan. 8 urte ditu. Niretzat lan piloa da eta ez dut denborarik izaten berari laguntzeko, baina izpiritu hori behintzat barneraturik dauka (alegia, ez nik esaten diodalako!!). Seguru nago Euskal Jakintza belaunaldia nabarituko dela laster gure inguruan. Honekin pazientzia eskatu nahi dut, batzuetan aitzindariok fruituak gozatzen hasi aurretik erretiratzen zarete.
Beste aldetik, blogen kontua zabaltzen hasi zenean denok nahi genuen geure bloga eta denok nahi genuen jendeak geure blogean idaztea. Kontxo, ez dago ba horrenbesterako denborarik! Nik neronek aspaldi erabaki nuen nahiago nuela beste blogetan parte hartu eta ez gehiago zatikatu kontua. Ni baino dezente hobeak daude kontu hauetan, sistematikoagoak batik bat.

Baina batez ere hauxe esan nahi nuen: parte hartzen dudan gehienetan esaten dudana sobera dagoela iruditzen zait, blogera iristen naizenean jada esanda dagoelako esan nahi nuena eta askoz hobeto gainera, beraz, zertarako irakurleak nekatu? Aipatu duzuen "fast" mundu honetan horregatik sentitzen naiz deseroso eta azkenean, ematen du ez dugula parte hartu nahi, baina nik astean behin baino ezin dut parte hartu (gehienez ere) eta ordurako nire hitzak guztiz gaindituta daude. Niretzat hau azkarregi doa. Atzo bertan, bi laguni bideo polit baten erreferentzia pasatu nien eta gero konturatu nintzen euren blogean estekatuta eta iruzkinduta zutela duela astebete.

Ez zaitezte izan hain gogorrak partaidetza falta dela eta!! Batzuetan larunbatera bizirik iristearekin nahikoa lan izaten dugu!!

Fast & Slow nire ikuspegitik

jolaus (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 29 - 11:24-(e)an bidalia.

Kasualitatea izango da ba, baina ni ere horrekin nabil bueltaka azkenaldi honetan. Egia esan nire burutazioak ez ditut Fast eta Slow kontzeptuen inguruen arabera planteatu baina uste dut, buruan darabilkidana azaltzeko eredu interesgarria dela. Plistik Slow & Fast terminoak iturri desberdinetatik jasotzen den informazioaren kalitateak izan ditzakeen ikuspegi biak azaltzeko erabili ditu baina nik gehiago ikusten ditut horrela:

  • Fast Movement: ezagutu eta ikasi
  • Slow Movement: eztabaidatu eta egin

 Pasa den astean, tarte bat hartu nuen nire informazio iturriak aztertu eta berrantolatzeko. Jarioak modu eraginkorragoan antzolatu nituen informazioa jasotzen pasatzen nuen denbora optimizatu nahian. Orduantxe jabetu nintzen zenbat informazio prozesatzen dudan egun bakoitzeko. Ikaragarria iruditu zitzaidan informazioa biltzeari eskaintzen nion denbora eta dedikazioa, ikaragarria iruditu zitzaidan bezala, zenbat gauza gordetzen nituen nire Delicious-eko kontuan (lankide bat horretaz segituan jabetu zen nire kontura harpidetu zenean; ezin omen zituen jarraitu egunero gordetzen nituen gogokoak ;-). Informazio pilula hauekin nire ezagutzaren gaztelutxoan adreilu bat bestearen gainean pilatzen noa. Gauza berri bat ezagutzeak beste adreilu lerro berri bat eraikitzeko oinarria ematen diteta honek ezagutza behar berriak eskatzen dizkit. Etengabe ari naiz ikaste, nire gazteluak geroz eta adreilu lerro gehiago ditu; baina horrexegatik ere, nire ingurukoek geroz eta zailagoa dute harresi horren gainetik salto egitea, alegia, zertaz hitz egiten diedan ulertzea. Eta egoera honetan, oso zaila jartzen diegu ingurukoei feedback-a bueltatzea, euren iritzia ematea, gai askotan guk geuk zer esaten ari garen ulertzen ez dutenean.

Adibide bezala, aurrekoan gure blogan eduki libreetan oinarrituta, egin zitezkeen mashup ezberdinen adibide batzuk aipatu  nituen. Argitaraatu ondoren, pentsatu nuen: norentzat idatzi dut hau? Egongo al da norbait bertan planteatutakoa ulertu eta probatzeko moduan egongo dena? Egongo al da norbaait horren inguruan bere iritzia ematen ausartuko dena? Ni ere aspalditik nabil kexu gure blogan eztabaida gehigirik ez dagoelako; baina zenbateraino jorratzen ditugu bertan irakasleentzat gertukoak diren gaiak, euren egunerokotasunean ezagutzen dituztenak, iritzia emateko behar den ausardia gainditzeko kriterio eta ezagutza nahikoa izango dutenak. Irakaskuntza munduan zenbatek kateatzen dituzte ezagutza adreiluak besteok egiten dugun abiaduran?

Hemendik bigarren ondorio batera pasatzen nintzen. Zenbateraino da ezagutza eraikitzeari dedikatzen diodan denbora hori nire inguruko errealitatearen aldaketaren eragile? Alegia, zenbat aldatu da irakasleon errealitate gure ikastolan? Tamalez nik nahiko nukeena baino gutxiago. Izan ere, gauzak egitea eztabaidatzea eta erabakiak hartzea eskatzen du eta horrek beste "tempo" bat eskatzen du, beste erritmo bat. Arriskua non dago? Ezagutzeari lotutako Fast Movement hori egitearekin lotuta doan Slow Movement-arekin nahastea. Hori izan da gure ikastolan izan dugun akats nagusietako bat eta aurten aldatzen hasi garena. Konpetentzien gaia sakon jorratzeari heldu diogu aurten; mintegi eta etapa desberdinetako irakasleen arteko bilera txikiak antolatu ditugu. Teorizazio maila altuko gaia izan daiteke konpetentziena; horrela enfokatuz gero gure bilerak ez eztabaidarik, ez iritzi trukaketarik, ez erabakirik ez genituzke hartuko; gutxi batzuren eztabida batean amaitzeko arriskua zuen. Horrela, genuen informazioari forma berria eman diogu, modu arinean antolatu dugu, hizkuntza ahalik eta errazena erabiltzen ahalegindu gara... eta bilera gehienak arrakasta handiakoak izan dira. Lankideek gertukoa sentitu naute, konfiantzaz hitz egin dute, ez dira arrotzak edo lekuz kanpo sentitu. Ni ere, Iñaki bezala, Slow Movement horretan oso gustura sentitu naiz, sekulan ez bezala nire lankideekin eztabaidatu dut eta blogan faltan botatzen dudan saltsa eta gertutasuna aurkitu dut.

Nik uste dut  bi abiadura horiek elkar lotzeko beharrezkoak diren engranajeekin ematea dela gakoa.Ale, bota dut ;-)

Iheslariaren bakardadea

Benito-(e)k 2008, Urria 29 - 19:54-(e)an bidalia.

Ainhoa:

Egia da, guztioi pasatu zaigu hori. Leku askotan esateko daukadana esanda dago gu heldu orduko, edo bestela guk baino hobeto esango duenik etorriko da laster. Edo, besterik gabe, ez zaigu ezer aportatuko duenik bururatzen, edo ez daukagu idazteko gogorik. Ez da buelta gehiago eman behar.

Dena den, egia da zerbait publikatzen dugunok erantzuna estimatzen dugula, deseatzen ez gaudenean. Badakigu jendeak irakurtzen digula, estatistikak daude horretarako, baina norbaiti aurrez aurre berba egiten diozunean, konbentzio soziokulturalengatik baino ez bada ere, hark ..bai..bai.. esan edo keinuekin edo begiekin zure jardunari jarraitzen dabilela adieraziko dizu era batera edo bestera. Elkarrizketan parte hartuko du gehienetan eta hark ere parraplada batzuk botako ditu seguraski, baina ez beti.

Hemen, medio honetan berriz, zaila da ez hitzezko feedback hori topatzea. Irakurri dut, gustatu zait (edo ez), eta kasu egin dizut adierazteko keinu edo seinale txiki horiek. Batzuetan "Ondo", "Egia da" edo horrelakoren bat jasoko duzu, eta horiek ere estimatzen dira. Baina jar gaitezen hari hau irakurtzen ari denaren kasuan. Erantzunak luzeak dira, trinkoak, ideia asko harilkatu ditugu, eta hori ona da, bai horixe! Baina gurea bezalako diskurtsoa garatzeko denborarik, trebeziarik edo gogorik ez daukanari, nahi izan arren, lotsa apur bat emango dio "Oso interesgarria" edo "ados nago (edo ez)" soil batekin erantzuteak. Ez dakit guk hori nahi dugun ere, Jozulinek esan zuen modura.

Honek dena den ondorioa dakar, eta blogariaren bakardade sentimendua da. Inork ez dit irakurtzen, inork ez dit kasurik egiten, alferrik nabil hemen... Eta guztiek ez dute hori gainditzen. Feedback hori emateko bideak asmatu beharko dira akaso.

Jolaus

Enpatia edo telepatia moduko bat dabil blogosferan, ze, berriro ere, neuk esango nukeena esan duzu. Egiten dugun honek guztiak zer ekarri du? Ahalegin handia (baina gustura, ezta?), denbora eta denbora, buruari buelta eta buelta... eta azkenean ohartzen gara txirrindulari proba batean ihesi goazela, tropela atze-atzean utzi dugula -gehienek karrera utzi ez dutenean- eta aurretik ez dugu helmugarik gainera. Gregarioarena egiten ari garelakoan bakarkako edo talde txikiko ihesaldi luzea montatu dugu. Eta ez dago jarraitzen digunik (edo bai, susmoa dut sprinterren bat daukagula atzean izkutuan pega-pega eginda eta erreleborik eman gabe).

Uste dut arazo bat izan dela hain zuzen ere teknologiaren erabilerari eman zaion protagonismoa, slow/fast = aurrez aurre/internet ekuazioa egitea alegia. Aurrez aurreko guztia ez da "slow", eta ingurune birtualeko guztia ez da "fast" batetik, eta gainera, batzuetan ematen du aurrez aurrekoa-birtuala dibortzioa egon dela eta bata edo bestea aukeratu behar dela. Hori, nik dakidala eta uste dudala, inork inoiz aldarrikatu ez duenean.

Bide batez, Jolaus, nik probatu nuen Mashup horietako bat. Arrakasta handirik gabe eta aitortzeak lotsa ematen zidan .... snif!

Blogariaren bakardadea

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 30 - 16:37-(e)an bidalia.

Azken asteotan lanak itota (Laboaren izeba hura bezala) nabil eta askotan hemengo eta hango hausnarketak arin batean irakurri behar izaten ditut. Ziurtatu ahal dizut -bestalde- Karrajua irakurri irakurtzen dela. Inguruan ikusten dut nik. Argi izan behar dugu dena den irakurle gehien-gehien-gehienek ez dutela sekula ere erantzun bat utziko. Eta hori ez da ez ona ez txarra berez; horrelaxe da, besterik ez. Nik hala uste. Eta argi izan behar genuke halaber pantaila bidezko irakurketa ohituren azterketa hark zioena: berrehun hitz baino gehiagoko testuak nekez amaitzen dituela interneteko irakurleak...

Baina ez, blogak ez dira hilko (oraindik). Zer egingo genuke Karrajua eta IKTerorik gabe?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia