20
Urt
2012

Play button

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 20 - 23:43

Gaurkoan adierazi nahi dudana azaltzeko zure laguntza behar dut, irakurle. Begiak itxita irakurri beharko duzu, irudiz hornitu testua eta baten batean atzera egiteko ere eskatuko dizut. Bideo-jolasa proposatzen dizut , baina badakizu pantaila batetik bestera pasatzeko puntu ugari lortu behar dituzula.

1.pantaila

Itxi begiak eta irudizta ezazu altzairuzko kaxatxo bat eta bertan puntutxo batzuk, puntu potolo baten inguruan. Gezi koloretsu batzuk ere badaude. Gehienek puntu potoloa dute jomuga edo abiapuntu. Taka-taka-taka… sakatu eta sakatu puntu potoloari eta klinn-klinnn-klinnnn pasako zara bigarren pantailara.

2. pantaila

Itxi begiak eta irudizta ezazu egurrezko kaxatxo bat eta bertan puntutxo batzuk. Orain irudizta ezazu kaxatxo horren barruan puntutxo horiek lotzen eta askatzen  zenbait gezi koloretsu barreiatzen direla. Zenbat eta gezi gehiago egon,  puntu gehiago lortuko dituzu baina kontuan izan puntutxo guztiek izan behar dutela helmuga eta iturburu. Klinnn-klinnnn-klinnn hirugarrenera.

3. pantaila

Egia esan, bigarren irudiko kutxatxoa bezalakoa da baina paperezkoa, puntutxoak eta gezi koloretsuak barreiatzen dira baina zenbaitetan papera zeharkatu eta kanpora ateratzen dira eta kanpoan dauden beste puntutxo batzuekin ere lotzen dira. Konplexuagoa da jokoa, elementu gehiago ditu baina honaino helduz gero, zale-zaletuta izango zaitugu.

4. pantaila

Oraingo honetan ez dago kutxaren beharrik. Geziak eta puntuak besterik ez. Armiarmatxo bat ari da etengabe bere sarea ehuntzen. Zure lana amaitu da. GAME OVER.

Orain, mesedez, pentsa ezazu kaxatxoa ikaskuntza esparrua dela: ikasgela (birtuala edo fisikoa). Puntutxoak ikasle eta irakasleak direla eta gezi koloretsuak beraien arteko interakzioak (formalak zein informalak, birtualak zein aurrez aurrekoak). (Egin atzera irakurgaian, mesedez).

Lehenengo irudia, eskola zaharreko irudia dugu, lehenbailehen gainditu beharreko anakronismoa.

Bigarren irudia, ‘little box’ Siemensen hitzetan, aurrerapausoa da, interakzioan baitu fokusa baina beti ere ikaskuntza-komunitatearen barruan.

Hirugarrenean, glokalizazioa Siemensen hitzetan hau ere, ikasleek interakzioa dute euren artean baina baita hiztun komunitatearekin ere.

Laugarrena, PLEari dagokio, ikasleak ikaskuntzan baliagarri zaizkion interakzio modu eta iturriak aukeratzen ditu.

Eta non dabil hau idazten duena? Bada, aitortuko dizut,  bigarren pantailara heldu nahian… hortxe, hortxe. Traketsa naiz, gero! Autoikaskuntzan nabil eta zail egiten zait Boga (puntu potoloa) eta neure tutore lana (batzuetan potoloa hau ere)  egokitzea, baina  atzenengo ebaluazio-bileran sare-sozialekin saiotxo bat egitea erabaki dugu eta… Kontatuko dizuet bigarren pantailara pasatzea lortzen dudanean (lortzen badut, behintzat).

Zuek, behintzat, ikasi duzue begiak itxita irakurtzen. Ez zarete makalak!

Argazkia: Extra Ball (Shawn Clover). Lizentzia.

Etiketak: didaktika | ikasgela | ikastaldea | irakaslea | PLE |
Bidalitako artikuluak

Non dabil nor?

Benito-(e)k 2012, Urtarrila 21 - 21:31-(e)an bidalia.

Autoebaluazio ariketa polita egin duzu (eta eginarazi diguzu, jakina), baina gauza bati erreparatzen hasi naiz. Irakasle modura non gauden aztertu dezakegu, baina ez genuke aztertu behar prozesuko partaide guztiak non dauden: irakasleak, erakundeak, administrazioa... eta noski, ikaslea?

Bideo-jokoak

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 22 - 00:06-(e)an bidalia.

Serio-serio bota duzu galdera baina gaur egun bihurri samarra daukat eta uztazu erdi txantxetan erantzuten. Hara, sei bideojoko-mota nagusi daude: Arkadea, Abentura eta rola, Simulatzaileak, Estrategiazkoak, Kiroletakoak eta Puzzle eta Galdera-jokoak. Eta zure galderari oratuta: Non dabil nor?Erakundeei eta Administrazioei estrategia jokoak dagozkie. Joko hauetan helburu baten bila abiatzen dira jokalariak, horretarako hipotesiak formulatzen dituzte, arrazoibide logikoa erabiliz, erabakiak hartzeko. Baina iruditzen zait, sarritan kiroletako jokoetan aritzen direla amorratu, talde bat beste baten aurka.Ikasleei simulatzaileak eta abentura eta rol jokoak dagozkie. Jolas simulatzaileak benetakotasunetik hurbil egoten dira eta errealismoa bilatzen dute. Abentura eta rolekoek elkarrizketa eta interakzioa dute muin. Baina iruditzen zait, sarritan puzzle eta galdera jolasekin aritzen direla (kontuan izan jolas-mota hau dela zaharkituena gaur egun).Eta irakasleok, zer? Bada gu (eta sarritan ikasleak ere bai) Arkade-zaleak gara, plataforma batetik bestera saltoka, gainera erortzen zaizkigun objektuak ahal den moduan saihestuz eta, batzuetan, parkinsondun soldaduak bezala batera eta bestera tiroka.Barkatu, Benito, hain arin ibiltzea. Kontua serioa da eta bakoitzak jakin beharko luke bere burua kokatzen eta zein pantailatan jokatu nahi duen erabakitzen. Barkatu, baina esan dizut, bada, egun bihurri samarra daukadala ;-)

Puntu eta bereiz

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 22 - 00:15-(e)an bidalia.

Barkatu, irakurle, aurreko iruzkinean paragrafoak bereizi ez izana. Zenbait puntu eta bereiz idatzi ditut baina argi dago ez dudala asmatu (traste desastreok!). Badakit bestela ere  nahiko aldrebesak direla idazten ditudanak; barkamena eskatzen dizut berriro ere ATZEN PUNTUA.

  Lerro hauek ezjakintasun

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 25 - 22:24-(e)an bidalia.

 

 

Lerro hauek ezjakintasun osotik idazten ditut.

Hiru eta laugarren adibideetan aipatzen dituzunak ez zaizkigu halere hain ezezagunak, uste dut.

Ematen dituzun erreferentziak eta bereziki Siemens-enak eta konektibismoarenak galdera asko sortzen dizkit. Erran bezala ez dakidalako ongi zer den eta ez dudalako neurtzen norainoko aldaketa dakarren eta zertan, eta irakurri izan ditudan publikazioek ez naute arrunt argitzen.

 

Zure ustez, zer funtsezko aldaketa ekartzen du horrek? Alde teknologikoa eta honek sortu posibilitateen aniztasunetik, erraztasunetik aparte eta orain arte horiek gabe egiten ez zena? Berritasuna dakarrela bai, idekitzen dituen perspektiben aldetik eta informazioaren ikaste/artxibatze....  Ez dut neurtzen ikasteko moldean eta erakasteko moldean, ikuspegian, eta beste... eragin dezakeen aldaketa.  

 

Galdera zailak

Plisti-plasta-(e)k 2012, Urtarrila 25 - 23:53-(e)an bidalia.

Ez dira galdera errazak egin dizkidazunak eta nik ere ezjakintasun osoak ematen didan ausardiarekin bilatuko dut erantzuna.  Lehenagoko batean freshlearningaz aritu nintzenean esaten nuen ikaskuntza-prozesuaren konplexutasunaren ondorioz, gaur gaurkoz metodologia oro dagoela beta fasean eta nire irudiko komenigarria da, gainera, beta fasean mantentzea hazi eta aldatuko bada (garai likidoetan bizi gara).

Harira etorrita, nik hor planteatzen ditudan pantailen  aita ponteko Siemens izan arren, ez dut uste halabeharrez konektibismora eramaten gaituztenik. Nik, behintzat, baditut konektibismoarekiko objekzioak. Batetik, oraindik orain , iruditzen zait korpus teoriko argalegia duela, ez dituela behar beste bereizten ikaskuntza-objetuak eta paradoxikoki interakzioa aztertu arren, ikaskuntza edukien erabilera duela jomuga nagusi.

Argiago geratuko da adibide batekin (espero dut). Berdin al da zuzenbidea ikastea ala euskara? Zertan da desberdin? Hara, konektibismoak esango digu ikaskuntza-objektua sarean dagoela, ez duela burmuinean habitatu beharrik. Eta arrazoi du. Nik ere ez diot logikarik ikusten ikasleak, modu nahiko isolatuan gainera, legeak eta legeak  buruz ikasteari, are sarean (edo liburuetan) daudenean; ikasleak, batez ere, bilatzen eta aukeratzen jakin beharko du (hodia da, beraz, funtsa). Eta…nodoen erabilerak eta adimen kolektiboak erakutsiko dio lege horiek interpretatzen, aplikatzen... Hein handi batean ikasketa prozedimentala da. Baina beno, ez gara luzatuko planteamendu honek izan ditzaken hutsuneekin.

Eta euskara? Bada, ez da berdin. Zeren hizkuntza ikasten duzunean eduki linguistikoak ezin du bakar-bakarrik sarean edo hodian habitatu. Nahitaez, hainbat eta hainbat  eduki  izan behar dira buruan (prozedimentalak batzuk baina eduki-gaiak beste batzuk: lexikoa, gramatika…).

Beraz, esango nuke konstruktibismoak  hizkuntzen ikaskuntzari egin dion ekarpen handiena fokusa interakzioan ipintzea dela baina neurriz eta tentuz erabili behar direla beste zenbait kontzeptu.

Hauxe, fokusa interakzioan ipintzea alegia, izan da nire asmoa. Eta helburu xumeak baina argiak izatea autoikaskuntza bide zuzenetik abiatzeko. Guk B-learninga erabiltzen dugu eta esan genezake, gehiago edo gutxiago, aurrez aurreko taldeei dagokienean erraz samarra dela bigarren pantailan jokatzea (nahikoa litzateke irakaslearen eta ikaslearen papera egoki definitzearekin); alderdi birtualarekin arazo gehiago dauzkagu, ostera. Boga puntu potolo-potoloa da; horregatik egingo dugu aprobatxo bat sare sozialekin (pretentsio askorik gabekoa) interakzio moduak anizteko. Noizbait hirugarren pantailan ere jokatu nahiko genuke; hau da, simulaziotik harago, ikaslea komunitate akademikoan ez ezik, hiztun komunitatean ere txertatuz ikas-prozesuan bertan. Eta, inoiz laugarren pantailara helduz gero, ikasleak berak jokatuko du. Baina argi izan behar dugu horra heltzen ikasi egin behar dela, ez dela erraza benetako PLE bat sortzea eta horixe dela autoikaskuntzaren helmuga baina konpetentzia hori ere eraiki beharrekoa dela.

Barkatu, erretolika eta erantzunaren luzera. Izan ere, galdera zailak egin dizkidazu!

Beste ikuspuntu bat

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 26 - 10:02-(e)an bidalia.

Ez nau, ez, asebete aurreko erantzunak eta Bearen galderari beste ikusmolde batetik ekitea pentsatu dut. Zer ekarpen berri egiten diote joera berriek: dela konektibismoak, dela giza-konstruktibismoak (berdinak izan ez arren) hizkuntzen irakaskuntzari? Nire ustean horien aurreko joerak triangelu didaktikoan oinarritzen ziren: ikaslea-irakaslea-edukia. Eta ikasketa prozesu pertsonaltzat zeukaten. Joera berriek ikasketaren alderdi soziala azpimarratzen dute eta triangelua lauki bihurtzen dute: ikaslea-irakaslea-edukia-komunitatea eta horrez gain, laukiaren elementuetan ipini beharrean fokusa, beraien arteko hartu-emanean, interakzioan, ipintzen dute. Baten batek esan ahal dit hori, modu batean edo bestean, lehenago ere gertatzen zela, baina ez da berdin. Oso garrantzitsua da erabakitzea non dagoen ikas-prozesuaren nukleoa praktika ezberdinetara eraman baikintezke.

Diozun horretan ez dut dena

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Urtarrila 26 - 22:52-(e)an bidalia.

Diozun horretan ez dut dena jarraitzen, tarte bat beharko dut, nirekin luzaz akitu behar da eta. Eta galdera oraindik gehiago ditut. Ez naiz gehiegi luzatuko, burutazio pare bat besterik ez.

Baliteke interpretazio kontua izana, konektibismoaz irakurri izan ditudan hainbat testutan, aparteko koronte didaktiko moduan aipatzen da, batzuetan beste guzien iraultzera etorriko balitz bezala. Ikastearen konplexutasuna dela eta ikaskuntza teoria guziek beren mugak dituztenez, prozesu bakarrera mugatzeko joera absolutismoa zait. Hori batetik. Bestetik, teoria honen hainbat printzipio ez zaizkit iduritzen berriak. Adibidez....

Ikastea beti izan da ekintza sozial bat, zeinetan jendeak harremanetan diren batzuk besteekin, trukatzen duten, informazioa iturri desberdinetatik bildu, sintetisatu, eguneratzen duten eta bertrasnmititzen. Egitate horiek guziak betidanik burutu dira. Ez hain sistematikoki eta seguraski ez gaurko egunean ditugun ahalek permititzen duten erraztasunarekin, kantitatearekin eta molde hain sozializatuan. Aipatu nodoen eta loturen aitzinekoak ez ote dira « arbres à palabres» delakoetan burutzen ziren haiek berak? Zeinetan jendeak trukatzen baitzuen, ekartzen, besteei hartzen, berea eguneratzen eta urrunago berriz zabaltzen?
Orain arte, gure erakasle lanetan, ez gara izan//ez ditugu sortu barazkiak«hors-sol », lurretik bereiz, hau da inguruarekin inolako konekzio, erlaziorik gabeko hiztunak (ez eta erakasleak): barazki horiek ondo bati lotuak egon dira eta ondoa bera lurran barna sarturik. Sare osoak egituratu ditugu eta eskaini zentzu horretan. Gutxitan gertatzen da, nire errealitatean bederen, ikasleak makinak bezala ateratzen direnak klaseetatik. Aspaldi da barneratua dugula dimensio soziala, bai euskalduntzearena, bai ikastearena, bai erakasleek, bai ikasle gehienek. Euskaltegietara joaten den jendeak komunitate batekin du/ nahi du lotura, pertsona horiekin trukatu, haienganik ikasi maila anitzetan, hor integratu eta hainbat eduki bereganatu. Gure lana izan da eta hala segitzen du, jende horiei euskaraz erakasteaz aparte, inguruan izaten ahal duten guziari lotzea eta inguru horretatik ere probetxu zenbait ateratzea (ez baitezpada informazioa artxibatzekoa). Batzuk besteak baino trebeagoak dira, ahalegin handiagokoak edo sustengatuagoak: konfigurazio berri horietan ez ote du honek berdintsu jarraitzen?

Dudarik ez da teknologia berrien agerpen eta garapenak, trukaketa eta konekzio horiek burutzeko moldeak ugaritu eta nolabait erraztu dituela. Eta horretan funtsezko aldaketa eta ekarpena da. Harremanak eta ikastea desberdinak dira gaurko egunean duela hamar urtekoari konparatuz, aipatzen duzun bezala ikastekoa ez baita gogoan atxikitzekoa bakarrik eta bestalde informazio kantitate bat ulertu, ezagutu baina ikasi gabe gerta baitaiteke (liburuek ere ekarri zuten hori neurri batean). Halere, tresneriaren gibelean, beste behin, edukiak dira, beraz jendeak.

Akitzeko, eraskaskuntzan aldaketak ekarki dituela argi dut, klasean egiten diren planteamenduak desberdinak dira, ezin dira klasearen espazioari mugatuak egon eta ikastekoa bera aldatzen da. Seguraski gauza anitz berriegiak egiten zaikidalako baina istorio honetan emergentea iduritzen zaidan pundu nagusia ikaskuntza gauzatzeko forma zait.

Izan ontsa.

Aldahitz

Plisti-plasta-(e)k 2012, Urtarrila 26 - 23:20-(e)an bidalia.

Ikusi berri dut Soziolinguistika Klusterrak eginiko Aldahitz ikerketaren ondorioen sintesia eta iruditzen zait beste ikusmira batetik bada ere, indartu egiten dituela hemen erabilitako zenbait ideia. Gauza batean ez nago ados. Oso modu dikotomikoan planteatzen du ikaskuntza eta erabilera. Baina, agian, euskaltegiona da honen errua (hemen ere begi bistan dago aldeak daudela zonalde batetik bestera).  Iruditzen zait zenbaitetan gehiegi akademizatu dugula euskara eta ahaztu egin dugula kalea (nik lan egiten dudan zonaldean, behintzat). Iruditzen zait ikas-prozesuan bertan txertatu behar dela erabilera ez-akademikoa ere, dikotomia horren mugarriak lausotzeko. Hirugarren pantailan gara. Baina zer esango dizut nik, ba, Bea; argi daukat jokalari aparta zarela ;-)

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia